Herriz Herri - Beskoitze (L) | 2022ko Irailaren 22a
Urgazietako pestak
Beskoitzen entzuten den bezala: "To! Salineko pestak!" Eta bai Beskoitze Urgazietako pestak heldu zaizkigu hilabete huntako 23, 24 eta 25eko asteburuan, urtero bezala San Mixelez.
Auzogune hortako pesta komitea 30 gaztez osatua da eta erran behar da gaitzeko giro beroa beren artean izanez, badakitela giro horren hedatzen pesten denboran. Huna aurtengo egitaraua:
Ortzirale 23an (19:30), karro ibilaldia Urgazietan gaindi, Beskoitze zentrotik pasatuz, josta eta umore ona izanen direlarik geldialdi batzuen artean.
Larunbat 24an (9:00) Urgazietako mokofin Korrika (oinez kurrituz edo lasterka), Korrika hunen berezitasuna, kilometro guziez parte hartzaileek, janari eta edari finak jastatzeko parada ukanen dutela, tokiko mozkinak herriko sukaldarieri esker. Errugbi txapelketa (14:00), "Papas rugby"-koak parte hartzaile. Haurren aldi (15:00): jokoak eta makillatze tailerrak, komiteko gaztetxoek animaturik, ondotik arratsaldekoa. Zintzur bustitzea (19:00) eta afaria: "esne-xerria" ondokoekin. Gaua segitzeko dantzaldia Ibiliz taldeak animaturik.
Igande 25ean(10:30) meza nagusia karpa pean, (12:00) zintzur bustitzea komiteak eskainirik,(13:00) talo, garagarno eta kantu Leizarraga eta Hikasi kantu elkarteen parte hartzearekin. (16:30) Otxalde taldearen kantaldia (16:30) eta animazio berezia pesten bururatzeko (18:00)... bainan ixo!
Herritar eta auzo herritarreri pesta on eta goza!











