Han eta Hemen | 2022ko Irailaren 22a
Azterketak euskaraz, bide onean?
Irailaren 14an, Parisen Ipar Euskal Herriko hautetsiak eta Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) ordezkariak, Pap Ndiaye Hezkuntza ministroaren kabinetearekin bildu dira. Ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko ahalmena ukan dezaten berriz ere eskatua izan da. EEPko ordezkariak eta euskal parlamentariak baikor agertu dira, aitzineko urteeri begira entzunak izan direla iruditu zaie. Azterketak euskaraz pasatzeko eskubideaz gain, baliatu dira aipatzeko sare publikoan eta pribatuan murgiltze sistema trabarik gabe plantan ezarria izan dadin. Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroaren kabineteak epe onargarri batean trenkatuko duela errana izan da.
Seaska: "Gu prest gaude"
Euskal Herriko ordezkaritza Parisen bildua zen egunean, Seaskako kolegioetako erakasleak eta ikasleak, sare sozialen bidez, azterketak euskaraz pasatuak izan daitezen mobilizatu dira. Mezu argi bat bidali nahiz, "Gu prest gaude" pankartekin agertu dira.
Egun batzuk lehenago Seaskako ordezkariek Ziburuko Kaskarotenea ikastolan hitzordua emana zuten, eskola sartzearen berri emaiteko. Eneko Aldana herriko auzapezak, herriak berritu eskolan errezebitu ditu, ongi etorria egin eta, Peio Jorajuria Seaskako presidenteari hitza eman dio. "Murgiltzearen kontrako hodeiak momentuz urrundu baditugu, azterketen arloan gobernuaren azken agintaldian gibelatze onartezinak gertatu dira" gaitzetsi du. Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea lortzeko lanean segituko dutela argi utzi du, Pariseko hitzordua garrantzitsua dela adieraziz, ikasturteko "giroa" baldintzatuko baitu.
Bestalde Seaskak sartzea iragan dela eta, ikastolen berri eman du. Irailaren 1ean 4.200 ikaslek 38 ikastoletan sartzea egin dute, haur hezkuntzatik lizeora, jaz baino 102 ikasle gehiago. Azpimarratu dute, haur kopuru ttipiak dituzten ikastolak azkartzen ari direla. Bardozeko Xarnegu ikastola, 4 ikaslerekin hasi bada, aurten 11 izanen dira eta urtean zehar beste batzuk sartuko dira. Ahetzeko ama ikastolan 7tik 12ra pasa dira eta Bokalen ikasle kopurua bikoiztu da, 10etik 22ra pasatuz.
Kolegioetan 18 ikaslez kopuruek goiti egiten dute eta lizeoan 400 ikasleren marra sinbolikoa gainditu da, 394 ikasleetatik 450 ikasletara pasatuz.












