Gure Hitza | 2023ko Ekainaren 22a
Mendeburua
Peio Jorajuria
Bat-batean zerua ilundu zaigu larunbat arratsalde apalean. Ilundu eta itsuski kexatu ere, dena ortzi eta ximixta. Eta ondotik, euriak ere beretik gogotik bota du. Arrosako plazan, haatik, hangotarrak kezkatuak, zeruari so eta so, ateriaren goaitean: "Obratzen ahalko duguia gure kabalkada?" Mentura ilun horiengatik ere, iluntzeko jendea metatu da herriko plaza inguruan, aterkipean. Milako bat lagun ikusgarriaren gozatzera etorria, berantetsia, zeruko hodeiak urrundu diten otoizka. Eta plazako jartokiak azkenean bete ahal izan ditugu. Kabalkadako lerroek ere À¢'€'"zaldun, zapur, dantzari, antzerkilari, zirtzil, musikari, makilari, pertsulari eta kantariÀ¢'€'" plaza osoki hartu dute eta besta hasi zaigu, hastapen hartan eurixkak oraindik bazterrak ihinztaturik, denbora joan ahala haatik haize firfirak zuela ordaintzen, gure buruen ferekatzaile ezti.
Zer ikusgarria! Loriatu gira. "Ehun urtez" kabalkadak ukan du merezi zuen arrakasta, lan handiaren fruitu paregabea. Herriaren sortzearen mendeburuak ez zezakeen urtemuga berezi hori hobeki ospa. 1923ko uztailean bereizi zen Arrosa, bere bi auzo Eihartze eta Etsaberekin, Ortzaize herri amatik. Mende bat pasa lehenago Bidarrai ere egin zen bezala. Ez haatik kalapitarik gabe. Gisa hortako bereizketak beti gatazka iturri dira. Bidarrai 1790ean bereizi zen Ortzaizetik, ordurako kasik mende bat hartan hortzez eta haginez aldarrikatzen zuela bereber jartzea. Ildo beretik, Arrosak 1791kotzat agertu zuen bere bereizte nahikundea, baina luzaz eta luzaz alferretan. 1826an kausitu zuen parropia autonomo bilakatzea, Jondoni Martine elizaren inguruan. Baina gehiagorik ez. Pentsa beraz 1923ko urte gogoangarri hori zenbateraino igurikatua zen!
Kabalkada pizkunde aroan dugu. Azken mende laurden huntan, kabalkadak biderkatzen ari dira, aurten berean hiru bederen badauzkagula. Arrosatarrek "Ehun urtez" izenburua eman diote beren ikusgarriari, mende bateko ibilbideari behakoa, askotan zorrotza, emanez. Izenburu horrek gogorat dakarkit haurtzaroan, eta geroztik ere funtsean, urtzintz egin ondoan "ehun urtez" opatua zitzaigula, ondotik gehituz "igandero oilaskoa janez", gormantenek "igandero" hori "egunero" zutela bilakarazten. Zenbait aldiz, haatik, urtzintzari "doministikun" zaio erreferatzen, elizkizunetako "dominus vobiscum" latinezko hitzak bitxiki moldaturik. Formula bat ala bertzea, zorte onaren agiantza gisa. Larunbatean, zerua urtzinzka arizan da gogotik, eta arrosatarrak doministikuka. Eta dena airoski joan da.










