Ba ote dakixu? | 2023ko Ekainaren 22a
Jean Moulin (À‚'¼)
Gilen Bacho
1943ko ekainaren 21ean, duela 80 urte, Erresistentziako beste 8 burazagirekin, Jean Moulin arrastatua izan zen Caluire hirian, Dugoujoun medikuaren medikutegian. Bezperan, bere urtebetetzea zen, 44 urte egiten zituen, eta adin horretan bere bizia tragikoki bukatuko zen, torturatua izanik hil arte, baina mintzatu gabe.
Beziers-ko errepublikano familia bat
Jean Moulin 1899an sortu zen, Beziers hirian, errepublikano familia engaiatua batean. 1851n jada, bere aitatxi Louis-Napoléon Bonaparteren estatu kolpearen kontra borrokatu zen eta horregatik preso hartua izan zen hilabete zenbaitez. Bere aita, Antoine Emile, III. Errepublikako lehen hamarkadetako borroka guzietan zen: Boulangismoaren kontra, Dreyfus-en defentsan, Eliza eta Estatuaren arteko bereizketaren alde... Departamenduko erradikal alderdiaren figura bat zen, Herault-ko kontseilu orokorreko presidente orde izanik ere. Jean Moulin-ek aitaren urratsak segituko zituen baina lehenik bere haurtasuna baliatu zuen. Eskolan, ikasle ona zen baina lan guti egiten zuen bere irakasleen arabera. Estimatze hori usu agertzen zen: "Ikasle bikaina izango da lan egitea erabakiko duenean". Baina, eskola baino maiteago zuen marrazkia, karikatura partikulazki (bere bizi osoan erabiliko zuen talentua, bukaera arte Klaus Barbie-ren bulegoan). Haurtasun goxoa baina drama handi batekin, Joseph bere anaiaren heriotza, 17 urterekin, 1907an. 18 urterekin, beste gertakari tragiko batek bere munduko ikusmoldea kanbiatu zuen, lehen mundu gerlak. 1918ko apirilean mobilizatua izan zen eta irailean, formakuntza laster baten ondotik, bere unitatearekin Vosgesetara igorria izan zen. Jean Moulin-ek ez zuen gudu zelairik ezagutu, armistizioa azaroaren 11n sinatua izan baitzen. Baina, herri suntsituak eta gerlako itsuskeriak ikusteko aski denbora ukan zuen. Horregatik, bere belaunaldiko jende anitzen gisa, 1920. hamarkadan baketiarra izan zen eta Aristide Briand-en lagunen Gizartean engaiatu zen. Baina, anti-militarista ez zen sekula izan eta bere abertzaletasuna beti suharra izan zen.
Erradikaletatik hurbil den suprefet gaztea
1919an, Jean Moulin Hérault-ko prefetaren kabinetean sartu zen. ENA sortu baino lehen, harreman pertsonalek eta sustengu politikoek funtsezko eragina bazuten administrazio gorenean karrera baten egiteko. Erran bezala, Jean Moulin-en aita departamenduko erradikal alderdiko figura inportanteazen. Orduan, erradikalek 1924ko hauteskundeak irabazi zituztelarik ("Ezkerreko kartela"), Moulin-en karrera zalu aitzinatu zen eta 1925ean, 26 urterekin, Frantziako suprefet gazteena bilakatu zen. Albertvilleko suprefeturako buruzagitza hartu zuen. 1926an, Marguerite Cerruti-rekin ezkondu zen baina bi urte geroago, 1928an, dibortziatu zuten. Jean Moulin berriz ezkongabe zen, haurrik gabe, denbora horretan, egoera horrek jendea harritzen zuen, prefetaren edo suprefetaren emazteak egiazko eragina baitzuen lurraldeko bizian. Albertvilleko suprefeta izanez, Moulin-ek elkarretaratze erabakigarri bat egin zuen, erradikal mugimenduko figura berri batekin, Pierre Cot, 1928an Chambéry-ko diputatu bilakatu zena. Bi gizon gazteek pasio zenbait (eskia bereziki) eta ideia politiko hurbilak partekatzen zituzten. Berehala, etenik gabeko adiskidetasuna sortu zen haien artean. 1930. hamarkadan, adiskidetasun horrek, eta bere gaitasunek, Moulin-i ministerioko kabineteen ateak ideki zizkion, Pierre Cot gobernuan sartu zelarik. Lehenik 1932ko abendutik 1934ko otsailera eskuin muturrak manifestazio bortitz bat eraman zuelarik Parisen, Diputatuen Biltzarraren jauregitik hurbil. Gobernua erori zen. Jean Moulin Diputatuen ganbaran zen memento horretan eta gertakari horrek azkarki markatu zuen. Liga faxisten kontra, ezkerreko alderdiek bateratu behar zirela Errepublika defendatzeko ulertu zuten eta horretako "Fronte popularra" eraiki zuten. Jean Moulin, Pierre Cot-en ondoan, abentura horretan engaiatuko zen.











