Mundu zabalean | 2023ko Ekainaren 22a
Low-techs fenomeno berria
M.O
Azken denbora hauetan, mundu osoan fenomeno berri bat sortzen ari da Low-techs (teknologia apalak) izenarekin ezagutua. Hemen berean Hazparnen kokatua den FabLabea, dinamika horretan oinarritua da.
Beste kontsumitzeko moldea
Kutsadura, mendekotasuna, zaharkitzea... goi-teknologien gorapenari lotutako mugak gero eta bistakoak dira. Beste manera batez kontsumitzeko, low-techs deitu mugimenduak, teknika eta ezagutza sinpleak, jasangarriak eta guzientzat eskuragarriak garatzeko xedea du. Bizimolde soilago baten bila, herritar batzuk lanean ari dira ikuspegi hori demokratizatzeko. Jendarteko espazio guzietan: laborantzan, etxebizitzan, energian, hezkuntzan eta ekonomian baliagarri dela aldarrikatzen dute.
1971n lehen mikroprozesadorea asmatu zenetik, teknologia berriak anitz hedatu dira, mundua goi-teknologiako arora eramanez. Baina aitzinamendu horrek ondorioak ditu, bereziki teknologia digitalak gure bizitzan duen neurrigabeko menpekotasunean. Askatasunen mugetan, pribatutasunaren inbasioan, erabiltzaileen egoera fisikoan eta psikologikoan, kalte handiak eragiten ditu. Sektorearen neurrigabeko gorapenean kutsaduran ere eragiten du, sortzen diren hondakinak, Afrikako eta Asiako hondarkintegietan metatzen baitira.
Bizimolde xuhurragoa
Egoera horren aitzinean, mugimenduak sortzen ari dira, alternatiba berriak asmatuz, teknologia apalen garapenerako. Erabiltzeko aisetak, jasangarriak eta guzientzat eskuragarriak, ezagutza konkretuak partekatuz jakitateak zabaltzen dira. Egunerokotasunean, bakoitzak beharrezkoak dituen tresnak, berreskuratzeko modukoak izaiteko asmoa du.
Low-techs mugimendu horren aitzindariak, aktibistak, laborariak, ingeniariak ala enpresariak izan, bizimodu soilago baten bila dabiltza, bizitzako espazio guzietan bultzada positiboa eman nahian.
Modernitatea eta teknologiak ukatu gabe, pertsona hauek sinesten dute lehengo egin molde eta jakitateak berreskuratu behar direla. Laborantzan, etxebizitzan, energian, hezkuntzan... eta ekonomian, teknologia apala inspirazio iturri da.
Jendarte aldaketa bati buruz
Eguneroko makinak konpontzeko, energia hornikuntza berreskuratzeko eta produkzio bideak eraikitzeko, apaleko teknologiaren aplikazio konkretu anitz aurkitzen dira. Sormena landuz eta arauetatik libratuz, eguneroko bizitzaren aitzindari hauek jendartean egiazko aldaketa izaitea espero dute. Apaleko teknologia demokratizatzeak, soiltasun energetikoa, ekonomia zirkularra eta batez ere ezagutzaren partekatzea sustatzen du, kostarik gabe edo(ta) arrazoizko prezioan.
Munduan zehar adibide anitz daude. "Laborarien tailerra" kooperatiba, laborarieri makinak berek eraikitzeko ala arranjatzeko aukera eskaintzen die, fabrikatzaileen menpe egon ez daitezen. Ikastaldiak ere antolatuak dira, aterabideen eta gehiegizko kontsumoaren inguruan interesatuak sentsibilizatzeko, adibidez etxeko haize-erroten fabrikatzeko. Brasilgo etxola-auzoetan, elektrizitaterik ez duten etxe ilunetan, Alfredo Moser ingeniari brasildarrak, tokiko materialekin aterabide sinple bat aurkitu du: ur botila huts bat, burdina izurtua eta lixiba (Javel) xorta bat, etxeetan argia bada. Indian elikagaiak kontserbatzeko teknika tradizionala berrabiatu da, buztinarekin hozkailu mota bat fabrikatu dute. Janaria kanpoko tenperatura baino 15-20 gradu beherago atxikitzen du. Horretarako, ez da elektrizitaterik behar, aldizka urarekin kargatu besterik ez, ebaporatuz edo lurrunduz, barnea freskatzen baita.
Arrakasta biltzen ari duen dinamika
Teknologia apalek interesa pizten ari dute. Froga gisa, azken urteotan gaia jorratzen duten artikuluak, sare-guneak ala liburu kopuruak emendatzen ari dira. Mugimendu hau deneri dagokio, ez bakarrik garapen bidean dauden herrialde pobreeri, baina ere nazio garatueri. Edozein herritarrentzat, berrikuntza eta egunerokoan erabiltzen diren objektuak berreskuratzea da helburua, xahutzea saihestuz. Teknologia apaleko berrikuntzak aise kopiatu, aldatu eta berrerabili daitezke.
Adrien Bellayk "Low-tech ondoko munduaren eraikitzaileak" (Low-tech Les bâtisseurs du monde d'après) deitu filma atera berri du, ekainaren 7az geroz zine-geletan ikus daiteke. Errealizadoreak dio "Noraezean doan mundu batean, aukera ekologikoak erakustea ezinbestekoa bihurtu da". Inprimagailuaren pana batetik joan da low-tech mugimenduari buruz, bere tresna berak konpondu nahian. Film-egilea horrela bizi diren herritarreri buruz joan da, horien lekukotasunak entzuteko eta zabaltzeko.
Mundu guziko 83 herrialdetan garatua da, 709 proiektu zerrendatuak dira, 12 aplikazio-eremu (energia, ura, laborantza, hondakinak, elikadura...) sortu dira.
Ekimen desinteresatuak emendatzen ari dira, finantza-interesa ez dela eragile bakarra erakutsi nahian. Konpontzeak, norbanako ala enpresa batentzat, jakitatea partekatzeak dirua baino gehiago ekar dezake. Trukea, elkar laguntza eta errekonozimendua, bultzatzaile sendoak diren balio pozgarriak baitira.











