Orotarik | 2023ko Ekainaren 22a
Lo handiaren eremuetan
Auxtin Zamora
Oi zu, memoria...! uste nuke...:
maitasunarekin bakarrik, egunsentitzen den,
Lo handiaren eremu bat zarela...!
Senpere herrian,
2023 urteko maiatzaren 27 goizean,
Euskal Herriaren maitale asko,
Lo handiaren ate aitzinean,
elkarrekin, supiztu gira.
Hor, denboraren brumaren zolatik,
Euskal historiaren monumentu baten harria
erditik ideki zaigu,
deneri erakusteko:
egundainotik egun artino,
joan diren gure aitzineko euskaldun desgorpuztuen presentziak,
hor zirela beti gure zain.
Gure irrintzi, musika, abesti, hitzaldien bitartez,
uste izan dugu iratzarri ginituela,
baina ez ez, ez da hori gertatu, beraiek gaituzte
beren ''ether nizatu'' firfirekin gure nortasuna etorkizuneratu...
bai...bai... goiz horretan gure arbasoak hor ziren gure inguruan,
beren murmurioak entzun zitezkeen, euskaraz, euskal izaiteaz, erraten:
''maitatzen dena ez dela eternitateki ahanzten''
Senpere herrian ere,
2023 urteko maiatzaren 27 arratsaldean,
Hatsa elkarteko zonbaitek,
Juankar Mugartzaren gidaritzaren pean,
bigarren hitzordu bat kunplitu ginuen,
sartuz oraino Lo handiaren harpe misteriotsuaren zolan.
Hor, mundu honetatik joan diren:
Koldo Zubeldia eta Alvaro Mundinano-Garcia,
gure bi lagunak, ezpiritu hutsez jauntziak, aurkitu ginituen.
Baten margoek eta bestearen olerkiek
errealitate berri batetan murgildu gintuzten,
sortaraziz, beren gehiago ezagutzeko ikus mina.
Margoak hitzez bete ziren eta hitzak margoz,
azkenean hitzak eta margoak nahasi ziren,
eta sentitu ginuen, gure bazterrean isurtzen ari zen Urdazuriko ibaiko ura
euskal hitzez eta sentimenez betetzen.
Oi zu, memoria...! uste nuke...:
maitasunarekin bakarrik, egunsentitzen den,
Lo handiaren eremu bat zarela...!
Auxtin Zamora














