Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Ekainaren 22a
Pilota - Ikastolaren besta - "Enfances en guerre" - Urmugan
Pilota
Nesken Frantziako xapelketako palantxa finalak igande huntan jokatu dira, Baigorriko trinketean, baginituen 3 talde Zaharrer Segitik.
1. mailan: Joana Aguerre Amaia Serrekin hasi da Senpereren kontra, bainan Amaia 20 pundu ingurutan zirela, zangoan kolpatu da eta Claire Bordagarayk ordezkatu du. Azkenean Senpere xapeldun da 40/36.
2. mailan: Terexa Oçafrain - Leire Latxaguek galdu dute 27/40 St Martin de Hinx-en kontra.
Artekoetan: Haize Oçafrain - Joana Dutarret Bordagarayk 40/29 irabazi dute Oztibartarrak-en kontra.
Bezperan Lekornen, Lutxi Harriet - Clara Bordato xitoak xapeldun atera dira, Kapito Harriri 30/12 nagusituz.
Ikastolan besta eta antzerki
Ikasturte hondarreko besta ospatu dute joan den ibiakoitzean eta karia hortara burasoek sorpresa ederra egin die haurreri: gure ikastolaren istorioa kondatzen zuen antzerki bat. Hastapen zailak gela pribatu ttipi batean eta laguntzarik gabe, gero leku eskasagatik Ortzaizekora joaitea eta azkenik Baigorrira itzultzea, lehenik "Izarra" hotel ohian plantatzeko eta ondotik lehengo eskola publikoaren tokian. Hots, orain den lekuan. Ipuin edo alegia moduan kondatu dute, pertsonaiak "ipotx" bilakaraziz.
Erran gabe doa haurrak loriatu direla emanaldiari so eta heien aitamek komediarendako duten dohaina ikusiz.
Ondotik, adinarengatik heldu den sartzean Baigorriko ikastola utziko duten gazteek bertsualdi bat kantatu dute heien penaren erraiteko. Azkenik omenalditxoa eskaini diote bi urteren ondotik, Hazparnera itzuliko den Maialen andereñoari.
"Enfances en guerre"
Ekainaren 25etik 30era, zine debateak proposatuak zauzkigu Bil Etxean, gerlan bizi edo bizi izan diren haurrez!
- Ekainaren 25ean, igandea (17:30): "Haurtzaro bat okupazio pean".
- Ekainaren 26an, astelehena (20:15): "Espainiako haur ebatsiak".
- Ekainaren 27an, astearte (20:15): "Daesh-en haurrak".
- Ekainaren 28an, asteazkena (20:15): "Ruandako genozidioa".
- Ekainaren 29an, ortzeguna (20:00): "Eclats d'enfance".
- Ekainaren 30ean, ortziralea (20:15): "Haur soldadu atzo, mertzenario egun".
Urmugan
Jadanik gogoan atxiki behar dugun hitzordua: Urmuga musika emanaldi ikusgarria Baigorrin, uztailaren 23an, igandez (18:30), Etxauzeko jauregian. Basaizea elkarteak eta Baigorriko gaiteroek etorrarazten dute gure herrira. Eltzegor taldearen "Sasitik sasira" kantata estreinatuko da, karia hortara, Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus orkestra eta Baigorriko gaiteroen parte hartzearekin.
Eltzegor talde mitikoa 1975ean sortu zen eta ondoko urteetan "Sasitik sasira" obra sortu (Fernando Unsain-ek musika eta Joxe Mari Ostolaza Xalbardin-ek hitzak) eta Jose Antonio San Miguel-ek Etxauzeko kontzertuarentzat arramoldatu du.
Jakin behar da Urmuga festibalak Euskal Herri osoa mendiz-mendi zeharkatuko duela, uztailaren 12tik 30era, orotara 14 emanaldi eskainiz natura gune xoragarrietan, horietarik bat Etxauzeko parkea izanen delarik.
Emanaldiko txartelak 20 eurotan saltzen dira helduentzat eta 5 eurotan 16 urtetik petikoentzat. Salmenta tokiak dira: Baigorriko Spar Oronos, Donibane Garaziko Paris, Itsasuko Krakada eta Ipar Euskal Herriko turismo bulego guziak. Kontzertuaren ondotik, Ibildedi taldeak dantzaldia eskainiko du Plaza Xokon.











