Euskal diaspora | 2023ko Ekainaren 22a
Eliçagaray eta Berrueta Txilera, Donibane sua munduan
Joseba Etxarri
Argazki-oina:
MUS TXAPELKETA. Gardnerville-Mindenen 2023ko AEBko azken finala jokatu zuten lau muslariak. Ezkerretik eskuinera Chris Bonson, Philip Eliçagaray, Maurice Negueloua eta Aitor Berrueta. Eliçagaray-Berrueta bikoteak irabazi zuen txapela eta joanen dira urrian Txileko Mundu Txapelketara Estatu Batuetako ordezkari (argazkia Pierre Etcharren-NABO)
--------------------
GARDNERVILLE, NEVADA. San Frantziskoko Aitor Berrueta eta Philip Eliçagaray izanen dira Estatu Batuetako ordezkari heldu den urrian Txileko Valdivian eginen den euskal gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketan. AEBko Txapelketa joan den ebiakoitzean jokatu zuten herrialde osoko 41 bikotek Nevadako Gardnerville-Mindenen, NABOk eta bertako Mendiko Euskaldun Clubak antolatu finalean. 41 muslari bikote aritu ziren, bakotxa bere euskal etxeko txapelketan irabazi ondoren. Orotara 574 bikotek hartu dute parte NABOren 2023ko Txapelketako saioetan, partaidetza-maila zinez polita, musak hainbat jenderen higitzailea izaten segitzen baitu izaten euskaldunen artean Estatu Batuetan eta mundu osoan. AEBko txapeldunak, Aitor Berrueta eta Philip Elicagaray, sanfrantziskotarrak dira eta Gardnervillen bertako Mendiko Euskaldun Clubaren izenean aritu ziren. Bigarren, Maurice Negueloua eta Chris Bonson gelditu ziren. Bikote irabazleak ilusio handiz prestatuko du urriko bidaia Txileko Mundukora. Pierro Etcharren uhartegaraztarra da NABO Estatu Batuetako euskal etxeen federazioko Mus Saileko arduraduna eta txapelketako eragile eta koordinatzailea.
SAN JUAN, DONIBANE. Heldu da aste huntan uda Euskal Herrira, eta San Juan eguna edo Donibane besta; baita Diasporan ere, hameka lekutan suak piztuz eta dantza eginik ospaturik. Urte guziz bezala, ezin guziak aipatu, baina besta handia eginen dute, konparazio, Estatu Batuetan, sua eta dantza protagonista, Idahoko Homedalen, herriko Toki Ona Euskal Etxea antolatzaile; edo Uruguaiko Montevideon, Haize Hegoa Euskal Etxearekin, eta San Josen, San Joseko Euskaldunak taldearen eskutik; Argentinan, dozenaka lekutan, Viedma, Chivilcoy, Comodoro Rivadavia, Trenque Lauquen, Necochea, Concordia, Macachín, Pergamino, Tandil... Espainian Valladolid eta Madrilen, bestenaz Bartzelonan, Sydneyn, Caracasen, Trujillon, Bruselan... Guzietan, ongi hasi sasoin berria: izan uda, Euskal Herrian eta ipar hemisferioan, edo negua, Argentinan eta hego hemisferioan!
EUSKAL AUSTRALIAR. Ehun bat jende partaide, Gernikako Zallo Barri jatetxean egina dute ekainaren 10ean Euskal Australiar Alkartea antolatzaile, elkarte hunen urteroko elgarretaratze eta bazkaria. Kontent eta bozkarioz bildu dira. Beste batzuk AEBra emigratu zuten bezalaxe, Australia ere izan baita 20. mendean euskal talde-emigrazioko gune, eta euskal-australiar direnek frango maite dute elgar berriz ere ikusi, agurtu, elgarrekin solastu eta kontu xahar eta berriak aipatu eta berritzea, Australian sortua den Amaia Urberuaga elkarteko buru eta antolatzaile taldekide. Joaitea libre, beraz gogoan atxiki urte guziz ekaineko bigarren ebiakoitzean egiten dela. Parte hartzeko, edo argibideak ukaiteko, +34 688 860 197 whatsapp zenbakira idazten ahal duzu.











