Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Ekainaren 22a
Baratze partekatua - Herriko besta kari - Herriko kontseilua - Scarramuccia - Denetarik
Baratze partekatua
"Baratze bat nahi deizüt egin" horra zer asmatu zuen Pier-Pol Berzaitz poeta-kantari xiberotarrak, gure herrian partekatu moduan pentsatua izan da. Karrikatik Utsaleko zubiaren izkinean, Ttale zenak utzi lur pezan, herriko langileek hiru zati prestatuak zituzten, baratzearen muntatzeko. Ekainaren 6an, herriko arduradun, langile baita bolondres batzuk beren eskuz landaketa lanetan arizan dira. Zernahi baratze-landare mota aurki daitezke, tomate, biper, aza, xarpota, perrexil, kuiatxo eta beste, ahantzi gabe zonbait lore gunearen beztitzeko. Idekia izanik, ibilkarieri ez zaie debeku, ureztatzea, jorratzea ala beharrean ekoizpenen biltzea, haatik zuhurki.
Herriko besta kari
Etxez-etxetako eskeak bide onetik doaz, harrera ona galdegina zaizue ahal bada. Ohizko ostiraleko zikiroa, ekainaren 30ean eta iganderako bazkariarentzat, uztailaren 2an, izen emaitea beharrezkoa da, Denen Etxean ostiral guziz (19:00-21:00), larunbatetan (10:00-12:00) edo deituz 06-36-55-04-48. Bertzalde, Aroberri ostatuan ostiral eguerditan iragarria da adinekoen bazkaria, hemen ere izen emaitea galdegina da, deituz 06-14-85-69-82. Datorren astean zabalduko dugu programa zehatza.
Herriko kontseilua
Ekainaren 1ean iragan da bilkura bat, nun aztertua zen Prefetaren aginduz, otsailaren 2an Herriko-Etxean deliberatua zen akordioa Seaskarekin, kolegio berriari buruz. Prefetak galdegina zuen ezeztatzea iraganeko deliberazioa, akordioa ez zelakoan haren iduriko legezkoa. Eraikuntza-kontratuak 99 urteko iraupena zuen, baldintza bereziekin, ondotik herriak berriz jabetza eskuratzen zuen. Alabainan, bere argudioak azaldu ondotik, Idiartek bere 2 lagunekin kontra bozkatu dute, aldiz bertze guziek alde. Orain ikusi behar zer aterabide eskainia izanen den. Hilaren 9an, 15 deliberazio aztertuak dira eta hauetan zonbaitzuk eztabaidak sortu ditu, bereziki inbestimendu proiektueri buruzko gastu zuzenketetan. Hemen, Xabatene jantokia, kirol zelaiko gela eta aisialdi zentroko handitze lanek, kredituen emendaketa sortzen dute. Gai haueri buruz, Christophe Jaureguyk duda-mudak azaldu ditu, obren epeak ez direla errespetatuak izanen eta betidanik proiektuak ez direla aski aitzinetik landuak eta bereziki diru laguntzen eskaerak berantegi igorriak, hunen taldea abstenitu da. Dominique Idiart arranguratu da, ikusiz ongi preparatua zen Ibarrungo proiektua, Ahetze aldeko oinezko eta bizikleta bidearen gauzatzea nola baztertua izan den, Amotze-Senpereko proiektuaren mesedetan. Ororen buru, 22 urte egin ondoan herriko hautetsi bezala, Pierrette Parent-Domerguek bere lekua utziko du bertze emazte bati.
Scarramuccia Larrekon
Urte oso bat elkarrekin lan eginik, sekulako giro alai eta pozgarri batean, 100 antzerkilari prest dira "EkintzetaraPasa Gaitezen" ikuskizunaren plazaratzeko. Urririk (parte hartze librean) eskainia da Larreko antzokian, ekainaren 28tik uztailaren 2ra arte (20:30). Programa aurki daiteke Scaramuccia mi-juin 2023 webgunean. Emozio handiak nahi badira bizi ez hutsegin, Donibaneko elkarte hunek poza baizik ez daki partekatzen.
Denetarik
Zumba ikusgarria proposatua zaizue, herriko zumba taldeak antolaturik, Larreko kulturgunean, ostiralean, ekainaren 23an (20:30). Herritarrak azkar ari zauzkigu dantza diziplina huntan, erreserba Sandra deituz: 06-24-63-38-74.
Joan den hilabetean bezala Zaluaga hondarkin zentroaren bisita antolatua da, ekainaren 27an (10:00). Izen emaitea beharrezkoa www.biltagarbi.fr gunean, zinez aberasgarria.
Joan den Besta Berrik ere, gazte anitzen parte hartzearekin itxura ederra eskaini du, besta giroak ez du debekatzen kartsutasuna, askotan laguntzen du ere.











