Gogoa hazi | 2023ko Ekainaren 22a
"Su" eta "Gar"
Joanes Bordaxar
-Ilargi Amandrea, zeruan zer berri?
-Zeruan berri onak orain eta beti!
Egunotan, historian lehen aldiz, munduko astronomoek euskal izenak emango dizkiete Gliese 486 izarrari eta haren planetari. GAR deitu dute izarra eta SU haren planeta. Izen egokiak dituzte hautatu. GARrek azalean +3 000°C ditu, suzko eguzki bat omen da. SUk aldiz, +430°C. Lurra bezalako planeta hau, 'bizirik' gabea da iduriz (adibidez: Eguzkiak +5 500°C ditu). Urrun da GAR. Gau izarniatu batez, begiak zerura luzaturik, milaka izarren artean bereizten baduzu, jakizu, haren argia duela 26 urte partitua dela (Argiaren abiadura: 299 792,458 km/s delarik! Wikipedia). Burtzoratzekoa! Paso! Izendapen honekin unibertso handi mugagabearen dantzan sartu da euskara. Zazpi mila hizkuntza dira munduan eta euskarak dizkio bi izen eman unibertsoan miliarka diren izar pare bati. Honek ez du euskararen egoera fits batez hobetuko. Bederen onarpena edo estimu zenbait ekarriko balio!
Hizkuntzak sortzen eta desagertzen dira. Gaur-egun, erdiak baino gehiago itzaltzeko zorian dira. Izarrek ere berdin, zapart egiten dute, barnera edo kanpora. Baina atomoek nolazpait irauten dute. Ondorioz izar errautsez eginak omen gara. Galaxia batek gure DNA molekula batean ditugun atomo bezain bat izar baldin badu, gu bakoitza unibertso ttiki bat gara. Mirakuluzko bizidun jendeak, hor gabiltza, ezin izartuzko mundu handian hain ttiki, errauts! Hutsaren hurrengo! Baina gure ez-deusean unibertsoaren neurtzeko, gogoetatzeko eta miresteko gai! Mundua zein delikatuki den ordenatua ederresten! Unibertsoaren eta naturaren ikuskizuna hain da ederra, hain gaitu hunkitzen bai gure adimenduan, bai gure irudimenean, non edertasun horren iturria Jainkoa baitan dela erratea egokia iduri bait zait.
Zerua, zibilizazio gehienetan Jainkotiarren eremua izan da. Beraz sakratua. Jendeak, egundainotik, begiak zerura altxatu ditu izarren mezua irakurtzeko eta ulertzen saiatzeko. Goiko kosmogoniaz, euskaldunen mitologiak ez digu aparteko gauza handirik adierazten. "Zerua" izena eta izana erlisioneak ekarri zigun. Euskal goi-goiko teilatu urdinean zehar Ortzi (Urtzi) ikusten zuten zebilela, Ortzi indar jainkotiarra, ekaitzen sortzailea. Bestelako izarretan guti ditugu baliagarriak izan zaizkigunak: Artizarra, Orion-ihiztaria, Ipar izarra, Santiago-bidea edo Esne-bidea. Deus guti gure Eguzki/Iguzki/Eki-ri eta Ilargi/Ilazki/Argizagi-ri konparatuz, biak amandreak, ama-lurraren alabak... Eguzkiak euskal gogoan duen aparteko indarra aipatzeko, ikus dezagun bakarrik gure elizak, etxeak eta hilarriak nola genituen eguzki begiari begira eraikitzen; ikusi gure lauburu sakratua, orain edozein merkantzia "bascoi"-ren ikur bilakatua; ahantzi gabe gure euskal hiztegian, eguzkiaz ditugun hainbeste arrasto: eki, ekain, egi, begi, egu, eguzki, eguraldi, eguzki saindu... Santa Luzia eta abar, eta abar... Halaber, zenbat dantza herrikoi, beren mugimendu borobilean kosmikoak. Gaur egun oraindik eguzkiari egiten diogu gurtza, bi sasoi buruetan: Eguberriz eta Jondoni Johanez, suak piztuz. Azken hau kanpoko sua, bestea barnekoa, bi suak eguzkiren aurpegia ohoratzeko.
Eguzkiak zeru gaina jotzen duen sasoi honetan, zergatik ez sartu gu ere unibertsoaren dantzan, euskaraz, irudimenezko edo egiazko suaren inguruan, Irabarneko 'Haize Epailea'-ren hitzen ahairean:
Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen bizi emaile
Argizagia eta ekia zure bi haurren sortzale
Goren gorenik gure izarra xuri gorri argizale
Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile.
Eta... Eutsi goiari!










