Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Ekainaren 22a
Arruntzako kantaldia - Kermeza - Beroten kontrako plana - Biltzar nagusia - Hiru hitzordu
Arruntzako kantaldia
Ekainaren 11n, arratsaldez, iragan da ''Hospitalité Basco Béarnaise'' erakundeak antolatu kantaldia, Arruntzako elizan. Zorigaitzez jakiten zen lehen partean beharrak ziren amikuztar bi andere gazteak ez zirela etortzen, bietarik bat eriturik. Agian bestaldi batez. Heien falta ordezkatzeko Kriolinak taldeak onartu du gogo onez beren partea zonbait kantuz luzatzea. Kalitate handiko kantaldia izan da, horien talendua ezagutua da. Gainera dohainik etorriak ziren eta esker beroenak hartu ditu hirukoteak. Damu bat halere gehiago entzule mereziko zuen arratsalde horrek. Dena den antolatzaileak pozik gelditu dira, han zirenek oparotasun handia erakutsi baitute, 500 euro bilduz elbarrituen laguntzeko JMJ beilara joaiten. Bidaia eta beila on desiratzen diotegu.
Kermeza igandean
Haltsuren ondotik, igande huntan kermeza eguna dugu Uztaritzen. Eguna hasiko da mezarekin (11:00), Labourdins elkarteko soinulariek parte hartuko dutela. Meza ondoan zintzur bustitze eta bazkaria (13:00), Bixintxo eskolako aterpean soinulari berek animaturik. Bazkari denboran eta ondotik izanen da kantu, joko eta loteria. Miragile bat ere ibiliko da publiko artean bere ezin asmatuzko itzulien aurkezteko. Jendea gomitatua da parropia eta Bixintxo eskola libroa sustengatzeko. Ongi etorri hoberena deneri. Parropiak hirugarren kermeza uztailaren 2an ukanen du, Larresoron.
Berote handien kontrako plana
Herriko Etxeak, aurten ere berote handiek eragin ditzaketen arriskueri aurre egiteko, prebentzio zainketa eta abisu emaiteko baliabideak xutik eman ditu. Xede horrekin CCAS laguntza sozialen zentroa, etxetan bakarrik diren adineko pertsonen edo elbarrituen zerrenda osatzen ari da, alerta eta larrialdi kasu bat abiatzen den orduko osasun eta zerbitzu sozial beharra ukan dezaketen pertsonen izenak eskura ukaiteko gisan. Herriko Etxeak dei egiten du neurri horrek hunki ditzakeen guzieri beren burua ezagutaraztea. Argibide gehiagorentzat eta izenak emaiteko harremanetan sartu telefono huntan CCAS: 05 59 93 38 91 edo e-mailez: ccas@ustaritz.fr.
Biltzar nagusia
Uztaritzeko ihiztarien elkarteak joan den ortzirale arratsaldean bere biltzar nagusia zuen, Haitzekobordan, 40 bat kide eta auzapezaren presentziarekin. Sebastien Inda lehendakariak eman du azken ihizi sasoineko txosten morala eta bilduma: 41 basurde eta 35 orkatz, ihizi larrienentzat bederen. Diruzainak agertu ditu kondu aski orekatuak, nahiz galtze ttipi batekin. Bi txostenak aho batez onartu dira. Elkartean griña bat agertu da, 25 ihiztari gutiago izan direla ihizia utziz, adin edo bertze arrazoiengatik. Halere oraino 160 kide ditu eta badira gazteak. Biltzar denboran bozkatua izan da mozio bat ihiziari buruz gobernuaren jokamoldea salatzeko. Bozketak 25 alde eman ditu, 6 kontra eta 6 xuri. Beldur dira hemendik 10 urte gabe ihiziaren desagertzeaz. Elkartea ari da beretzat eraikuntza berri baten egiten, herriak eman lur zati batean, 20.000 euro inguru kostako dena bainan behar den hornidura guziarekin. Orain arteko bulego kideek kargua utzi dute, bainan 9 zuzendaritza kide berri sartu dira bozaldi baten medioz. Bulego berria ondoko egunetan izendatua izanen da. Aperitifa baten inguruan bukatu da biltzarra.
Hiru hitzordu
Hiru hitzordu badira finkatuak ortzirale huntako, kasik tenore beretan. Lehena Bilgunen (19:00), hizkuntza politikaz gogoeta biltzarra Plazara kooperatiba, hautetsi eta elkarteetako arduradunekin. Bigarrena (19:00) apezetxean, gaualdi bat elizako arduradun eta pastoral kontseiluekin. Hirugarrena Landagoienen (19:30), San Mixel auzo batzordearen biltzar nagusia. Norberak aurki dezake berea.











