Han eta Hemen | 2023ko Ekainaren 29a
Canopia zentro berriaren estreinaldia
Ekainaren 20an estreinatua izan da Canopia etxetako hondakinen sailkatzeko zentro berria. Martine Bisauta Bil Ta Garbiko presidentea, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Maud Caruhel Akitania Berriko presidenteordea eta Antoine André Citeo erakundekoa eta sindikatu batzordeko hautetsiak presente ziren.
15,5 milioi euroko inbertsioa Bil Ta Garbi sindikatuarentzat
Urte hastapenaz geroztik hondakinen botatzeko aldaketak izan dira. Lehen etxeko hondakinekin botatzen zirenak orain sailka daitezke: jogurt-ontziak, ontzixkak, plastikozko poltsak, metalezko estalkiak... eta kafe-pilak. Berinazko ontziak (botilak, bokalak eta poteak), beti bezala aparte botatuak dira.
Sailkatze horren sinplifikatzearekin batera, Baionan kokatua den Canopia sailkatze zentroaren modernizazio obrak egin dira. Bil Ta Garbi sindikatuak 15,5 milioi euro inbertitu ditu sailkatze kate moderno eta eraginkor berri batean. Inbertsio horri esker, instalazio berriak plantan jarri dira, tratatzeko posibilitatea bikoiztuz. Egunero, 100 tona hondakin baino gehiago bereiz daitezke horrela (urtean 32.000 tona), ondotik materialaren arabera, berziklapen edo balorizazio bideetara bidaliak dira. Sailkapen kateko ekipamendu berriak herritarrek botatu paper eta etxeko hondakinak, batez ere plastikoak, modu egokian tratatzea ahalbidetzen du.
Martine Bisauta Bil Ta Garbiko presidenteak zioen: "Sailkapen zentroaren modernizazio hau sartzen da gure lurralde trantsizio politikekin, gure hondakinak berziklatzeko eta baliabideak zaintzeko bultzada berri batean. Sindikatuak bere lurralderako sustatzen ari duen hondakin-baliabiderako eta ekonomia zirkularrerako urrats bat gehiago da".
Jean-René Etchegaray elkargoko presidentearentzat: "Euskal Elkargoak lau erronka nagusi hartu nahi ditu: bilketa zerbitzuak harmonizatzea eta optimizatzea, hondakinak deuseztatzeko sareak modernizatzea, xahutze kontsumoari aurre egiteko prebentzio ekintzak indartzea eta ekonomia zirkularra garatzea".
Sailkapen sinpleagoa, sailkapen handiagoa
Sailkatzeko jarraibideak sinplifikatzeak, bilketa sistema indartzearekin batera, urte hastapenetik emaitza biziki onak lortu direla errana izan da. Dispositibo berri hauek Ipar Euskal Herriko herritar gehiengo batek ontzat hartu ditu, erabiltzeko sinpleagoa eta sailkatzeko aukera handiagoa. Urtarriletik maiatza arte, aitzineko urteari konparatuz, bilketa %22ez emendatu da, 1.242 tona gehiagorekin. Ondorioz 5 hilabetez etxetako hondakinak %6ez apaldu dira, 2.100 tona gutiago botatuak izan dira. Berinazko sailkapena %4ez emendatu da, 214 tona botoila edo(ta) bokala gehiagorekin, hauek ez dira Canopia zentrotik pasatzen.
Sailkapen zentro modernoagoa eta eraginkorragoa
Canopia hondakin zentro berriak UVEOR energia eta organiko berreskuratzeko unitatearekin lan egiten du. 4.400 mÀ‚'²-ko eremua du, 5 maila desberdinetan eta urteko 32.000 tonako paper eta hondakinen tratatzeko ahalmena du. Bil Ta Garbi sindikatuak du kudeatzen, gaur egun 45 langilek osatzen dute.
Proiektu horrentzat, Bil Ta Garbi sindikatuak Akitania Berriko Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (FEDER) laguntza ekonomikoa lortu du (2,3 M€) eta hondakinen kudeatzeko misioa duen Citeo enpresaren eskutik (0,95 M€).
Bereizketa egiteko jestuak eguneroko ohituretan sartuak direla errana izan da, jendetzaren %89ak egiten du.












