Ba ote dakixu? | 2023ko Ekainaren 29a
Jean Moulin (2/4)
Gilen Bacho
1936ko maiatzean, ezkerreko aliantzak, Fronte Popularrak, hauteskundeak irabazi zituen. Hilabete batez, lantegiak okupatuak izan ziren eta Léon Blum-en gobernuak aitzinamendu sozial historikoak erabaki zituen. Esperantza handia iratzarri zen eta Jean Moulinek esperientzia historiko horretan leku bat ukan zuen.
Espainol Errepublika sekretuki lagundu
Pierre Cot aireko ministro gisa izendatua izan zen eta, berehala, Jean Moulin bere kabinetean sarrarazi zuen. "Hegazkinlaritza popularra" eraikitzea haien anbizioa zen. Gainera, mehatxu azkarren aitzinean, abiazio militarra indartu behar zuten. Gerla posible bat prestatu behar zen baina berehala, Pirinioetako mendien haraindian, gerla bat piztu zen. Uztailaren 18an, espainol jeneral zenbait Espainiako Errepublikaren kontra jazarri ziren. Gerla zibila hasi zen. Espainian ere, Fronte Popularrak zuen gobernatzen baina azkenean, dakigun bezala, frantses gobernuak ez zuen espainol errepublikari sostengu militarrik ekarri, ofizialki bederen. Bide ofizialetik kanpo, Blum-en baimenarekin, aireko ministerioak errepublikanoeri laguntza militarra ekarri zion. Agorrilean, aireko ministerioan, Jean Moulin-ek, Pierre Cot eta André Malraux-rekin, sekretuzko bilkura batean parte hartu zuen. Paradoxazko egoera goi-funtzionario batentzat baina jada formazio ona geroko Erresistentziaren buruzagiarentzat! Malraux Espainiatik sartu zen eta han ikusi zuena deskribatu zuen. Hiru gizonek eskuadrilla baten eraikitzea erabaki zuten Espainol Errepublika laguntzeko. Sekretuzko batzorde bat eraikia izan zen laguntza hori antolatzeko. Moulin-ek Espainiako geroa ez zela bakarrik jokatzen baina Europa osoarena jada sentitu zuen: "Herri demokratikoek espainol errepublikanoeri berehalako sokorria ekartzen ez badiote, lehertuak izango dira. (...) Diktadoreek (...) haien politika erasokorra oraino azkarrago segituko dute. Hitlerrek sustut. Austria, Polonia eta Txekoslovakiari atakatuko da, eta gero gu gira mehatxatuak izango". Goi-funtzionario taldetxo bat batzorde sekretuan integratua izan zen eta Moulin partikulazki pilotuen errekrutamenduaz okupatu zen. Sekretua izanik ere, informazioa aski fite zabaldu zen. Parlamentuan, Tixier-Vignancourt diputatuak gobernuak frantses aire armada desarmatzen zuela salatu zuen. Errealki, laguntza xumea zen: 129 hegazkin igorriak izan ziren (haien artean 83 ur-hegazkin). España eskuadrilla horrek ez zuen gerla zibilaren destinoa kanbiatu baina Moulin-en geroarentzat esperientzia zinez inportantea izan zen.
Jean Moulin prefeta
1937ko urtarrilean, Jean Moulin Frantziako prefet gazteena bilakatu zen. Aveyron-eko departamenduan izendatua izan zen. Bi urtez egon zen Rodez-en, Eure-et-Loir departamenduko prefet bilakatu aitzin. Gisa hortan, Chartres-etik zuen bigarren mundu gerlaren hastapena bizi izan eta, 1939ko irailetik goiti, mobilizazio orokorra antolatu. Moulin-ek, 40 urte justu ospatu zituenak, mobilizatua izatea hiru aldiz eskatu zuen baina hiru aldiz errefusatua izan zitzaion. Orduan, bere prefekturatik zuen, 1940ko ekainean, Frantziaren hondamena bizi izan. Chartres, iparraldeko hiri guziak bezala, hustu zen. 23.000 biztanletatik bakarrik 800 egon ziren. Funtzionarioak, suhiltzaileak eta polizia gizonak hegora buruz abiatu ziren, gobernuko direktiboak segituz. Baina Jean Moulin prefeta egon zen biztanleez okupatzeko eta errefuxiatuen errezibitzea antolatzeko. Ekainaren 15ean, frantses komandante batek bere konpainiarekin Chartres zeharkatu zuen eta prefeta ikusteaz harritua egon zen, Somme departamendutik geroztik ez baitzuen bakar bat ere ikusi! Biharamunean, frantses tropek Chartres behin betikoz utzi zuten eta 17an alemaniar tropak hirian sartu ziren. Moulin-ek prefekturaren atariko mailadian igurikatu zituen eta hitz hauek erranez errezebitu: "Hemen preso egina izatea manua dut".











