Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Ekainaren 29a

Xerar eta Dabid kantuz - Tourra - Urruñako astearteak - Bakalau diskoa - Organoa ezagutzeko bisita - Ipuin kontaketa - Ttipi-ttapa ibilaldia - Pilota

Xerar%20eta%20Dabid%20kantuz%20-%20Tourra%20-%20Urrunako%20astearteak%20-%20Bakalau%20diskoa%20-%20Organoa%20ezagutzeko%20bisita%20-%20Ipuin%20kontaketa%20-%20Ttipi-ttapa%20ibilaldia%20-%20Pilota

Xerar eta Dabid kantuz

Hilaren 21ean, udaburuarekin eta Musika Egunarekin batera, baziren zenbait kontzertu prestatuak herriko plaza animatzeko. Tamalez, euri zaparradak eguna zapuztu zuen, eta den-dena bertan behera gelditu zen. Beharrik hor ziren Xerar Urrutia eta Dabid Gutierrez-Lertxundi kantari urruñarrak eskuan gitarra harturik. 17:00etatik 20:30etara kantuz ari izan ziren herriko bazterrak animatzen, Dongaitz, Maite eta Plaza ostatuetan abestuz. Lehen kantua, "Uda" izenekoa izan zen, egun horretan duela 36 urte, oso egoera tristean hil zen Maddi Hegi euskal borrokalari eta ekintzailearen omenez.

Tourra laster Urruñan

Uztailaren 3an, astelehenarekin, Tourra Urruñatik pasatuko da. Hori dela eta, Gure Esku eta Euskal Herriak Erabaki izeneko herri ekimen-taldeek "Euskal Herria Mundura" izeneko ekimena antolatu dute herrian. Aipatu egunean, herriko plazan biltzera deitu dute (14:45), eta bertan ikurrinak banatuko dituzte hurbildutakoen artean, horren ondotik, denak elkarrekin txirrindularien pasabidera joanen dira. Munduak ikus dezan Bidasoaren bi aldeetan Euskal Herria badela.

Urruñako astearteak

Urtero bezala, uztail eta abuztuko astearteetan, kultur ekitaldiak izanen dira D. Soubeleten plazan, elizaren aitzinean. Hilaren 4an, Kurruka taldearen euskal kantuak (19:00-20:30).

Bakalau Kantuz-en disko berria

Urtero, urriaren hastapenetik ekainaren bukaera arte, Kantu Tailerra antolatzen dute Pausuko Xaia ostatuan, jadanik hiru disko grabatu dituzte. Ekainaren 21ean, asteazkenarekin, izan zen kantu tailerreko azken eguna, eta bildu ziren parte hartzen duten guztiak. Bilkura horretan aurkeztu zuten aurten Xano Haltzueten estudioan grabatu duten diskoa, laugarrena, beraz. Aupa euskal kantua!

Organoa ezagutzeko bisitak

Uztail eta abuztuko astearte guztietan bisita gidatuak izanen dira herriko elizan den organoa ezagutzeko (18:00). Horren ondotik (19:00), animazioak izanen dira: euskal abesbatzak eta euskal dantzak, gehienbat. Informazioa: 05-59-54-60-80

Aldaketa Eusko Ikaskuntzan

Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren zuzendaritzan aldaketak izan dira eta hiru lehendakariordeetako bat Urruñako auzoa den Maitena Urmeneta izendatu dute. Aupa Maitena!

Ipuinak kondatzeko proiektua

"Conte Elgarrekin" proiektuaren kari, Urruñako eskolaldiaren inguruko maila desberdinek istorio baten idazketan parte hartu zuten. Bakoitzak ipuinaren zati bat idatzi zuen aitzinetik beste ikastetxeek garatutako alderdietan oinarriturik eta narrazio eskemaren kodeak errespetatuz. Idazlan honen ondotik, Urruñako Pôle senior-eko adinekoek "Ipuin bat kontatzen" tailerrean baliatu zuten. Ipuinaren lehen itzulia eman zen aisialdiko zentroko haurren aitzinean ekainaren 14an, asteazkenarekin. Eta ekainaren 20an, asteartearekin, adinekoek "Bi bidaiari zoriontasunaren bila" izeneko ipuina kontatu zuten jende aitzinean, errugbi estadioko Jeanne Senper ganberan.

Ttipi-ttapa ibilaldia

Uztailaren 1ean ibilaldia izanen da gure mendietan barna. Abiatzea: Ur depositoan (9:00). Osora: 6 km. Horren ondotik, bazkaria Trabenia ostatuan.

Pilota Astearteak

Urruñarrak Pilota elkarteak antolaturik, uztailaren eta abuztuaren astearte guztietan, pilota partidak izanen dira herriko pilota-plazan, urririk (20:30).

Pilotari urruñarren emaitzak

Ekainaren 19an, Garaziko Astelehena izeneko pilota lehiaketaren partida nagusian urruñarrak bigarren gelditu ziren honako emaitza erdietsiz: Etxeberri eta Luro 40 - Bideondo eta Etxegoin 23.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3696. zbk

Gure Hitza | 2023/06/29

Uztapide zena

Jean-Louis Harignordoquy

1983ko ekainean zendu zen Manuel Olaizola Uztapide, eskola zaharreko bertsulari maitatua. Ahetzen Mattin zenari bezala, ehorzketan 35 bertsularik bertsu bedera kantatu genizkion. 1909an Gipuzkoako Zestoan sortua, artzaintzan, ikazkintzan eta fabrikako lanetan arizan ondoan, Oiartzunera ezkondu zen. Gaztaroan, bertsu zahar anitz gogoz ikasirik, jin omen zitzaion bera ere bat-bateko bertsulari izaiteko gutizia. 1935ean hasia bertsuka jendaurrean, 1972an isildu behar ukan zuen, Donostiako Atano pilotalekuan, Zeruko Argia astekariaren aldeko bertsu saio erditsutan ahotsik gabe mutu gelditu baitzen, perlesia kolpe batek jorik. Ordurako ospetsua bilakatua zen, 1962, 1965 eta 1967an Euskal Herriko txapeldun izanik, bai eta 1936an eta 1960an bigarren. Francoren altxamendutik zonbait urtetara, euskara doi bat baimendu zelarik, bertsugintza bere lanbide nagusia bihurtu zen. Gizon seriosa,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016