Herriz Herri - Heleta (NB) | 2023ko Ekainaren 29a
Dolu- Goresmenak
Dolu - Bat gehiago. Aitzineko astean segitu dugu bere azken egoitzara Piarres Sallaberry Harreikoa, 90 urtetan. Piarres-ek uzten dauku gizon xuxen eta langile baten oroitzapena. Erraiten den bezala istoriorik gabeko gizona, bere etxeari errotik atxikia, sekulan baztertu gabe fedezko urratsak, kantak dion bezala "gauden aitak iduri fededun laborari".
Ehortz egunean ahaide, adiskide eta herritarrek inguratzen zutela, otoitz eta kantuak berme, desiratzen dugu haren tokia zeruan zagoela bere aitzin ja han direnen erdian.
Gure dolumin bihotzekoak familiari.
Goresmenak - Otaba egunarekin batean isildu dira Besta Berri eta Otabako soinu-kantuak, bistan dena ostatuen inguruan. Gure gazteria ederrak egin ditu serios bezain kartsu meza ala prosesionetako ofizioak, bezperak barne, harat-hunat guziak errespeturekin.
Goresmenak merezi dituzte, izan den jendaldea xoraturik egon da.
Jaun erretorak bururatzeko eskerretan erran die: "Atxik otoi ohidura eder hauek, hor erakusten duzue zuen aitzinekoek atxiki dutenaren errespetua eta Jainkoari buruz fedezko amodioa, segi!"










