Euskal diaspora | 2023ko Ekainaren 29a
Diasporakoak EHan eta euskal bestak Quebec, AEB eta Australian
Joseba Etxarri
Argazki oina:
ATEAK IREKI 2023. Goiko argazkian, joan den igandean EHra heldu berritan astelehenean Lazkaoko Maiztegi euskaltegian AEBko 37 gaztek, gehienak baxenabartar arraza, hasi duten 'Ateak Ireki' programako partaideak, tartean Diasporako gazteak eta EHko heien abegi-familiak. Beheko irudian, 37 gazte partaideak, AEBko hainbat bazterretarik jinak, euskal kulturaz hiru astetan ikusi, dastatu eta biziko dituzte esperientzien egarri (argazkiak EuskalKultura.eus)
------------------------------------
Diasporakoak EHan eta euskal bestak Quebec, AEB eta Australian
Lazkao, Gipuzkoa. Uda guziz da Euskal Herria gure diasporako hainbat jenderen biltoki eta erakargi, arbasoen sorterria ezagutzera eta euskal kultura eta herrialdean murgiltzera jin presuna gazte eta helduen erromesgune eta bisitaleku. Norbanakoak, familiak, talde handi eta tipiak, multxo antolatuetan ala norbera bere kabuz... Joan den igandean helduak dira Estatu Batuetatik Loiuko aireportura, 'Ateak ireki 2023' programan parte hartuko duten 37 gazte euskal-estatubatuarrak, 18 eta 25 urte artekoak. Euskara, Euskal Herria eta euskal kulturan murgilduko dira hiru astez, Gipuzkoako Goierri eskualdea oinarri dutela. Gehientsuenak arbaso baxenabartarren ondorengo dira. Lehenengo urtez egiten den programa da 'Ateak Ireki'. Gazteak Goierriko familia euskaldunetan egonen dira eta xedea euskal kultura eta herri euskalduna barnetik ezagutu eta bizitzea da, klase, bisita eta astialdi programa trinko bati jarraiki.
Boiseko Oinkari dantzariak. Joan den astean heldua da baita ere Euskal Herrira AEBtik, Boiseko Oinkari dantza taldea, ekainaren 23tik 30era herrialdea bisitatu eta hiru emanaldi nagusi ematera, Donostian (23an), Gasteizen (27an) eta Galdakaon (30ean). Ikastaroak ere jasoko dituzte, Iruñeko Ortzadar dantza taldekoen eskutik konparazio, tokian tokiko dantza taldeak lagun, herriko besta batzuetako dantzak zuzenean ikusirik eta baita parte harturik ere. "Ateak Ireki"-ko taldeko gazteekin bezala, Gasteiztik pasaturik, Urkullu lehendakariak errezibituko ditu. Aipatzekoa ere, aste huntan itzuli dela Argentinara, Arrecifesko Euskal Etxeko Mariana Dominé Irigoyen buru, Euskal Herria zeharkatu duen taldea. Talde hunen kasuan ere, bozkarioa izan da jin ahal izatea, hondarreko urteetan Covidaren pandemia tarteko ezin izan baitute jin, eta, Argentinan krisi latza bizi badute ere, gauzak hein batean normaldu nahirik.
Montreal, Quebec. Elgarretaratze berezia eginen dute heldu den ebiakoitzean Montrealen 'Quebec-eko Euskaldunak' euskal etxekoek, treinerua itsasoratu zutela 10 urte bete direla ospatzeko. Familien eta arraunlarien bilkura izanen da, barbakoa eta garagarno batzuen inguruan. Bestenaz, heldu den asteburuan eginen dute Kaliforniako Chinon heien 77. besta 'Southern California Basque Club'eko lagunek, uztailaren 1ean pilota partidak Aphessetche trinketean, eta piknika 2an, meza, klika, musika, kantuak, dantzariak, eta bala, azken hau Amerikanoak taldea musikari, sartu berriak baitira Jean eta Monique Flesher Euskal Herritik, seme-alabak bertan utzirik, Jean-Jules 'Ateak Ireki' programan, eta Dominika familia euskaldun batean haurtzain. Eta Nevadako Elkon, uztailaren 1ean eta 2an ere, heien "National Basque Festival"-en 59. edizioa, asteburu osoan Elkoko parkea, karrikak, euskal jatetxeak eta Euskal Etxea besta giro eta erritmoz beztiturik. Igandeko euskal meza, aita Antton euskaldunen omonierrak emanen du eta online hedatuko da Facebookez. Eta lekurik ez, baina aipatu nahi baita ere, igandean Australiako New Queenslandeko Euskal Etxeak eginen duen bere 20. urtebetetze besta, bazkari ederra, sanfermineko 'zezenak', euskal musika eta kirolak... Zorionak heier eta mundu osoan euskal kultura landu, ospatu eta zabaltzen duten guzier EHko uda hastapen huntan!











