Herriz Herri - Hazparne (L) | 2023ko Ekainaren 29a
Uholdeen desmasiak - Erakusketa saltze - Kermeza - Ondarea, Hazparneko Historia Batzordea
Uholdeen desmasiak
Iragan astearte arratsaldean, beste herrien artean, Hazparne handizki joa izan da: ortzi, haize, barazuza jauts-ahala jasan du denbora laburrez bainan biziki bortizki. Dakizuen bezala laborariek ondorio latzak dituzte eta karrikak urpean gelditu dira, ura etxe eta ostatuetan sartzen zela. Ezkia ikastolan, hau xola batean izanki, ura sartu da, pasatu, izialdura eta zikinkeria utziz. Holako gertakari anitz iragaiten da denetan aurten eta erraiten da ez dela berehala gelditzekoa.
Erakusketa saltze
Ekainaren 30etik uztailaren 9a arte iraunen du Haur Eri elkartearen alde egiten den erakusketa saltzeak. Haur Eri elkartearen helburua, Baionako ospitalean diren haurren egunerokoa airostea da. Beraz tindalari eta elkartearen lagun batzuek egin obra batzu salgai izanen dira prezio arrazoinatuetan. Saltze hortarik aterako den diru guzia elkarteari emana izanen zaio.
Erakusketa Choribit gelan iraganen da (10:00À¢Æ''12:30) eta (15:00À¢Æ''18:30)
Kermeza: uztailaren 8an eta 9an
Bada oraino denbora bainan bazkaria aitzinetik manatu behar baita, hara aurtengo kermezaren egitaraua:
- Uztailaren 8an, larunbata zazpietarik goiti talo gaua izanen da mutxikoak dantzatzeko eta hor berean edateko paradarekin.
- Uztailaren 9an bederatziak et'erdietarik goiti bixkotx saltzea, sorpresazko gutunak (sari askorekin); (10:30) meza nagusia; (11:30) animazioa ostatuarekin.
Bazkaria: etxera eramaitekoa, 17€: legatza edo aratxeki saltsa, gasna eta bixkotxa.
Manatu behar da uztailaren 1a aitzin parropiako idazkaritza deituz: 05-59-29-61-10.
Ondarea, Hazparneko Historia Batzordearen agiria (segida eta bukaera)
Iragan martxoaren 3an batzordeko partaide batzuk kolokio batean parte hartu zuten eta Bankako adibidearen berri ukan zuten xeheki eta hor ikusi historia transmisio erakargarri bat.
"Zapat(h)ari egitasmoaren ondotik, Ondarea Hazparneko Historia Batzordea zapatagintzari lotua zen Hazparneko iragan industriala funtsez ikertzen hasia da. Jakinez mende batez pasa, iragan horrek Lapurdi barnealdeko hiri ttiki horren nortasuna moldatu duela. (...)
Batzordea Hazparnen Zapataren etxearen idekitzearen alde agertzen da.
Gune hori interpretazio zentro bat izan behar dela pentsatzen dugu, ez erakustoki bat. Itxura bizi, moderno, erakargarri eta aldakor bat izan behar du. Jakitateari idekia, jendeek beren historia beregana dezaten ahalbidetu behar du. Bestalde, tresna horrek etorkizunean proiektatzen lagundu behar gaitu, krisi sozial, ekonomiko, ekologikoaren testuinguruan gaurko garapen ekonomikoak dituen erronka nagusiei begira. (...)
Batzordeak gogoetaldi hori Hazparneko Herriko Etxearen ardurapean oraidanik bideratu behar dela pentsatzen du. Horretarako hautetsi, ondare bitartekari, ikerlari, biztanle... batzu bilduko lituzkeen talde bat xutik ezartzea beharrezkoa zaigu. Ondarea Hazparneko Historia Batzordea gisa horretarako desmartxa batean parte hartzeko prest da. Hazparnek ardietsi berri duen Biharko Hiri Ttiki labela gogoetaldi horren bultzatzaile aproposa izan daiteke.
Gainera, historia hori argi lezakeen edozoin antolamendu osagarri- adibidez, lantegi ohien deskribapen zirkuito bat- ez da tarrapata batean obratu behar. Horretarako, anitz informazio fidagarri eskas ditugu, eta oroz gainetik, horrelako proiektuak ikusmen orokor horretan kokatu behar dira. Edozoin obratze egin baino lehen, tokiko ikerkuntza sakondu behar dugu, baina ere istudio bisita batzuk antolatu, Hazparneren antzeko historia ezagutu eta molde batean edo bestean ondare horren transmisioan engaiatu diren beste hiri batzuetan. Formakuntza saioak antolatu behar ditugu. Jakinez hamarkadetan Hazparneko iragan industrial hori estalia izan dela, ondarezko balorapen onuragarri baten aitzakian historiaren sorkatzeak ez luke balio izpirik."
Ondarea, Hazparneko Historia Batzordea. 2023ko ekainaren 10a











