Mundu zabalean | 2023ko Ekainaren 29a
Iraultza beharrezkoa
J.B.
"Iraultza bat beharrezkoa da agerian den hondamendia saihesteko". Salaketa moduko oihu samin hori ez da berriki legez kanpo ezarria izan den Lurraren Altxamenduak taldeko militante oldarkor batena bainan, 6 urte hauetan Nazio Batuetako Idazkari Nagusia den Antonio Guterresena. Bizi dugun egoera larriaren heineko oihua! Gure planetaren erregulatzaile termikoak diren hormaguneak abiadura handian urtzen ari dira, ondorioz itsasoko urak oraino gehiago berotzen dira, populazio gehiena duten kostaldea
Hormaguneak desagertzen ari
Munduko hormaguneak zoin fite urtzen diren ikusiz "partida galdua dela" dio OMM Meteorogiako Munduko Erakundeak. Tenperatura neurtzen hasi denetik azken 8 urteak beroenak izan dira. Hormaguneak ttipitzen ari zirela ikerlariak ohartuak ziren, bainan igurikatua zena baino fiteago doa fenomenoa: 1970etik hunara 30 metroko loditasuna galdu dute, bana beste, munduko hormaguneek urte bakar batez 1,3 metro galdu dute. Gainera Groenland eta Antartikako hormaguneen urtzea bost aldiz biderkatu da, azken 30 urteetan.
Urtze fenomenoa itsuski azeleratzen ari da eta adituek diote gibela ezina dela, nun ez den atmosferara isuri dugun dioxido karbonoaren parte bat kentzen. Ez gira hortan! Erregai fosilen konbustioa ezin geldiaraziz, Estatuak eta enpresa erraldoiak konbentzitzeko aski lan badelarik.
Hormagunetik itsasora
Itsasoekin batean gure planetaren erregulatzaile termikoak dira hormaguneak. Alde batetik hormaguneek eta gaineko elurrek iguzkiaren erradiazio parte bat islatzen ala espaziora berriz itzularazten dutelako eta bestetik itsasoaren tenperatura hein batean atxikitzen dutelako. Hormaguneen desagertzearekin erregulazio hori hausten ari da, ondorioz itsasoaren tenperatura goratzea ez du gehiago apalaraziko, itsasoko uren mugimenduak aldaraziz. Hala nola Atlantikako Gulf Stream delako ur mugimendua murrizten hasia den. Hola segituz jadanik senditzen diren ondorioak azkartuz joanen dira: tenpesta bortitzagoak neguan eta idorte gogorragoak udan.
Hormaguneen ttipitzearen beste ondorio zuzena da itsasoko uren goratzea, hau ere hasia dena eta azeleratuz joanki dena. Itsasbazterrean bizi diren jendeen parte bat lanjerean ezarriz, Pakistanen bai eta Pazifikoko uharteetan, gaur egun ikusten dugun bezala.
Iraultza beharrezkoa
Agerian den hondamendia saihesteko iraultza bat beharrezkoa dela dio Antonio Guterres ONU edo Nazio Batuetako idazkari nagusiak. Ez ditu argumentuak eskas! Bere kexadurak plazaratu ditu, joan den astean, France-Inter irratian, Estatuen engaiamendu eskasa eta batez ere energia fosilen merkatuaz lotsagarriki aberasten diren enpresa erraldoien jokoa salatuz. Azken horiek energia berriztagarrien aldeko behar bezalako inbertsiorik egiten ez dutelako eta, gehiago dena, energia fosilen konbustioa ez dela arazo nagusia sinestarazteko komunikazio kanpainak diruztatzen dituztelako. Gainera karbono neutralitatea aldarrikatzen dutenen kontrako eraso judiziala antolatzen dutela argiki Antonio Guterresek salatu du, bankuen funtzionamendu eta finantza hitzarmen berri eta zuzenagoa galdeginez.
Lurraren Altxamenduak
Frantzian "ekoterrorismoa" aipatzen du Darmanin barne ministroak Lurraren Altxamenduak (Les soulèvements de la terre) debekatzeko, seguritatea eta beldurraren mamuak baliatuz.
Urrunago joan aitzin beha dezagun nor biltzen den kolektibo horretan. Frango ezagunak eta gutarik hurbil diren hainbat talde, hala nola: Confédération Paysanne sindikatua, Alternatiba, ATTAC, SAF edo Frantziako abokatuen sindikatua, bai eta ere zientzialari eta intelektual zonbait. Helburu zentzudun batzuen inguruan elkartu dira: janari sanoa aldarrikatzen dute, prezio arrazoietan erosten ahal dena eta laborariak behar bezala pagatuz, laborantzako industrialaren kontra dira eta merkatutik atera behar den lurra zaindu nahi dute.
Demokraziarentzat talde horren disoluzioa arranguragarria dela diote hainbat hautetsi eta sindikalistek. 100.000 jendek jakinarazi dute taldeko partaideak direla eta Frantzian, Belgikan eta Suitzan 180 tokiko komite kondatzen dira. Denak terroristak? Defentsako abokatuek errekurtsoa pausatu dute Estatu Kontseiluan debekuak oinarri juridikorik ez duela argudiatuz.
Berotze klimatikoaren hondamendiari buruz goaz, azeleratuz eta gelditzeko oihu egiten dutenak isilarazi nahi dira. Bainan nor da ekoterrorista? Pusako bat emanez istripu kolektibo bidetik aterarazi nahi gaituena ala zangoa azeleratzailetik ezin kenduz itsutuki segitzen duen gidari autista?











