Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2023ko Ekainaren 29a
Otxaldetarrak: biltzar nagusi - Herriarteko hirigintza plana - Liburutegia
Otxaldetarrak: biltzar nagusi
Otxaldetarrak elkartearen biltzar nagusia iragan da joan den ostiral arratsean, Herriko Etxean. Urte emankorra izan da elkartearentzat, aktibitate frangorekin: Pasaiako Albaola fabrikaren bisita, "Gure Otto Piarre" liburuaren argitalpena, Euskaraldia, film eta antzerki erakustaldi, gaztaina jatea, Euskal Telebistaren "Sos kantak arriskuan" emankizunean parte hartzea, Bidarraitarren Egunaren antolaketa bertze elkarteekin partzuergoan... Hemendik aitzina ere ez du elkarteak proiekturik eskas. Hala nola, larrazken hortan Amaiurko gazteluaren bisita antolatuko da, interesatuak diren herritar guzieri idekia, gaztelu horren eta orokorkiago Nafarroaren historiaz hobeki jabetzeko.
Herriarteko hirigintza plana
Herriko Etxeak galdegin dauku abisu hunen zabaltzea. Baxe-Nafarroako hego partean (Baigorri, Garazi, Iholdi eta Oztibarreko eskualdeetan), herriarteko hirigintza plana (PLUi) landuko da ondoko hamar urteentzat, orientazio politiko berrien arabera. Orientazio horiek presentatuak izanen dira bilkura publiko desberdinetan. Bi bilkura jadanik eginak izan dira, Suhuskunen ekainaren 22an eta Izpuran ekainaren 26an. Beste bi bilkura izanen dira, biak egun berean, uztailaren 3an, bata Baigorrin, Plaza Xokon (19:00) eta bestea Larzabalen, Larrezabal gelan (19:00). Interesatuak diren guziak gonbidatuak dira bilkura horietara.
Liburutegia
Liburutegi pollita badugu herrian, munttoki apailatua, liburu frangorekin, bainan maluruski herritar gutiegik egiten dio bisita. Helduentzat 560 eleberri, 70 polizia-eleberri, 100 dokumental eta 150 komiki, haurrentzat 200 eleberri eta 220 komiki, aldizkariak bestalde, Geo, Que choisir, Système D, Pays Basque Magazine, Pyrénées Magazine... Euskarazko liburuak ere badira, 50 bat komiki eta bestelako 100 bat liburu. Altxor ederra, aski baliatua ez dena. Liburutegia idekia da ostegun arratsaldetan (16:30-17:30), larunbat goizetan (10:00-12:00) eta arratsaldetan (15:00-17:00). Gerorat, pentsatua da beharbada beste egun erdi batez ere idekitzea, aste barnean. Agorrilean, haatik, larunbat goizetan baizik ez da idekiko. Hiru arduradun ditu liburutegiak: Francis Lefebvre, Nathalie Inçaurgarat eta Yves Martin. Eta beste sei laguntzaile aldizkatzen dira larunbat arratsaldetan: Kattalin, Bernadette, Maitexa, Amaia, Marie-Claude eta Céline. Gaur egun, badira 61 irakurle aski jarraikiak. 30 irakurle nunbaitan dira hilabetero liburutegitik pasatzen, 120 bat liburu delarik hilabetean liburutegitik ateratzen. Guti aire, liburutegiko arduradunen arabera. Beharrik, eskolako 38 ikasleak hortik iragaiten dira 15 egunetatik (120 liburu nunbait han hartuz, irakurtu ondoan itzultzeko). Liburu gehienak Kanbon kokatua den Liburutegi Departamentaletik heldu dira. Ahantzi gabe trinket gibelean liburu partekatze gunea badela, "Akuariuma" deitua, liburutegiak kudeaturik. Berrikiz geroz, liburutegiak badu ere ordenagailu bat, Ramuntxoeneko Patrice Gorgiolok eskainia, liburutegiaren martxa hobeki kudeatzeko. Beraz, ez duda, joan gustura liburutegira, ongi-etorri hoberena ukanen duzue.











