Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Ekainaren 29a
Kalteak mahastietan - AEKren besta - PLU - Trinketeko ostatua - Kermeza
Kalteak mahastietan
Euri eta ortzantzetaz gain, babazuza edo harri erauntsi bortitzak ere egin ditu, joan den astean, Germieta Arraunetik iragan eta Irulegi Menta aldera iganez bereziki. Errana izan zaukunez, Mignaberri, Ameztia eta mahastiak han gaindi dituztenek erdia galdu dukete.
Bainan zoritxarrez, harria jasan ez dutenek ere, beste guziek bezala, "mildiu" edo "hosto herdoila" eritasunaren makurrak jasan dituzte, euri eta hezetasun soberakinengatik.
AEKren besta
Antzerki, joko, irri istorio, kantu, Garazi-Baigorriko AEKren ikasturtea kabaret gaualdi batekin bururatu da, Baigorriko Bixentainean. Giro alai eta umoretsuan, heien dohain gordeak plazaratu dituzte euskara ikasleek eta berdin erakasleek. 90 ikasle eta 6 erakasle ziren aurten, 11 taldetan banatuak, hauetarik 3 Baigorrin. Bizpahiru hilabete opor merexituen ondotik, gehien gehienak motibatuak dira gure hizkuntzaren lantzeari berriz lotzeko, heldu den urrian.
PLU
Hego Baxe Nafarroako PLU edo tokiko hirigintza planari doakionez, ondoko hamar urteentzat hautatuak diren orientazio edo norabide politikoen aurkezpena eginen da hemen gaindiko Herriko Etxe desberdinetan. Baigorrikoa uztailaren 3an eginen da, astelehenez, Plaza Xokon (19:00).
Trinketeko ostatua
Jean Lataste eta Mathieu Garces-ek hartu dute Trinketeko ostatuaren kudeantza. Ostatua jadanik idekia da eta jatetxea hasiko dute uztailaren 3an, astelehenez, apairuak eguerdi eta arratsez zerbitzatuz, 15 eurotan, entsalada, platera konbinatu eta burger, bereziki. Hetsirik egonen da asteartetan.
Baigorriko komertzio desberdinetan jadanik lan egin izanik, Jean-ek badu zerbitzari ofizioaren usaia eta berdin Mathieuk sukaldaritzan, 7 urteren esperientzia baitu Donibane Garaziko trinketeko jatetxean, hauetan 4 urte buruzagi bezala.
Kermeza
Gure parropiako kermeza uztailaren 9an iragaitekoa da, igandez.
- Meza Irulegin (9:00).
- Meza Baigorrin (10:30).
- Plaza Xokon, aperitifa eta bazkaria (12:00).
- Animazioak, haurren jokoak, errotak... (16:00).
- Talo eta xingar (17:00).
Kasu: bazkariarentzat, izenak eman behar dira uztailaren 3a gabe, deituz Kattin Oronos 05-59-37-40-34edo Jacqueline Handia 05-59-37-18-83.
Zuen sariak ere ongi etorriak dira: janari, erosketa txartelak edo beste. Bil Etxea gelan pausatu behar dira.