Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Ekainaren 29a
Heriotze - Ezkontza - Oinezko ibilaldia - Herriko besten arrakasta
Heriotze: Maiena Iribarren Berretako etxekandere xaharra
93 urte egin behar zituen bi hilabeteren buruan. Emazte langile, erne eta ongi etorri egilearen oroitzapena uzten dauku. Pierra bere senarrarekin, Irisarritik Aiherrara etorri ziren 3 haurrekin, Berreta etxaldea erosi zuten, Irisarri Ospitalean etxezain gisa zonbait urtez egon ondoan. Berantago Lukia ere erosi zuten. Pierra bere senar zenarekin 7 haurretako familia ederra altxatu zuten.
Baina memento nekeak ere jasan zituzten, arrahaur bat 2009an eta alaba bat 2014an galdurik. Pierra bere senarra 2019an zendu zen. Bazuen zonbait urte Maiena ez zela hain ongi eta azken urteetan haurren etxeen bizi izan da, haurrez inguraturik, maitaturik eta ontsa artaturik, azken asteetan Izturitzeko zahar-etxeen sartu arte.
Joan den larunbat arratsaldean, Aiherrako elizan iragan dira Maiena zenaren ehorzketak, anitz jende jin zaizkiolarik, familiako, herritar eta adiskide, azken agurraren egitera. Bederatziurreneko elizkizuna eskainiko zaio uztailaren 16an, igandearekin.
Gure partetik dolumin bizienak uzten dituen 3 anai-arreberi, koinateri, bai eta Isabelle, Marie-Claude, Maite, Jean-Marie, Michel eta Frantxua 6 seme alaberi, suhi, errena, arrahaur guzieri eta ahaidegoari.
Ezkontza
Joan den larunbatean, ezkondu ziren Aiherrako Herriko Etxean, Manexeneko Estelle Penot eta Thibaut Meresse andere jaunak. Goresmenak espos gazteeri!
Oinezko ibilaldi gormantak
Eskola giristinoko burasoek heldu den igandean, uztailaren 2an, oinezko ibilaldiak antolatuko dituzte, Aiherrako kaskoetan. Nornahik parte har dezake, 3 ibilaldi mota ezberdinen artean hautatuz: 6 kmkoa, 8 kmkoa eta 15 kmkoaren artean. Abiatzea, denentzat eliza gainetik eginen da: (9:30) ibilaldi laburra, (8:00) artekoa eta (8:00 eta 8:30) ibilaldi nagusia.
Ibilaldi hauen berezitasuna da ibilaldian zehar lekuko mozkinak jastatzen ahalko direla. Goizabururatzen ahalko da taloak eta edariak heltzean hartuz, eskola giristinoko aterbean.
Izen emaiteak lekuan berean eginen dira. Ongi etorri deneri!
Herriko besten arrakasta
Herriko bestak giro onean eta ederki iragan dira. Denak ados gira erraiteko besta komiteko gazteek egitarau aberatsa eskaini daukutela, gazteria ederra dugula eta anitz lan egin dutela.
Aurtengo herriko bestak ostegun arratsarekin hasi ziren, herriko 19 gaztek eskaini "Andere leizafin" antzerkiarekin (Idazlea: Pantzo Hirigaray). Denen Etxeko gela handia mukurru bete zen, antzerki hunen karietara Herriko Etxeak berrikitan erosi harmailak estreinatu ziren. Goresmenak antzerkilariei, bai eta taula zuzendaritza segurtatu duten Jamattit eta Kattalin Duhalde aita-alaberi.
Ostiral arratsean jendea goizik jin zen eta saldo handian, bakoitzak toki hoberena bide bazterrean segurtatu nahiz, 12 kutxen lasterketa ikusteko. Herritarrek eta auzo herritarrek (bat Pagolatik jina) eraiki hiru edo lau erroten gainean ibiltzen diren motorrik gabeko ibilgailu bereziek behar zuten plazatik trinketa arte doan patarra ahal bezain fite jautsi. Bigarren aldia da gisa huntako lasterketa berezia proposatzen daukutela. Larunbatarekin, arratsalde apaleko ortzi karraska eta euri uharrek ez zuten jendea gibelarazi, 630 afaltiar hurbildu baitziren gazteek zerbitzatu zikiroaren jastatzera. Ondoko dantzaldiarentzat, usaian bezala plaza bete zen. Igande arratsaldean Burgaintzi dantza taldeak eskaini ikusgarria ehunka so-egilek preziatu zuten eta Txitxirioak txarangak bazterrak harrotu zituen jendea kantuz eta dantzan harraraziz. Asteleheneko herritarren eguna, herritarren arteko afariarekin (250 afaltiar) eta Kiki Bordatxo taldeak animatu dantzaldiarekin bururatu zen, betiko giro onean. Hemen ere giro ona nagusi zen eta plazer ukan dugu ikustea hainbertze herritar euskal dantzak emaiten. Goizeko birla lehiaketa Xarlo Haristoy herritarrak zuen ereman. Biba gazteak holako herriko besta ederrak antolaturik!











