Gure Hitza | 2023ko Uztailaren 13a
Desobedientzia zibila: beharrezko arma baketsua
Menane Oxandabaratz
Sektore desberdinetako mugimenduek kudeaturik, mobilizazio azkarrak iragaiten dira, bereziki ingurumen proiektu ikaragarrien edo(ta) etxe eta lur prezio ezin sinetsien kontra.
Lur eta etxe prezio saltze munstroek eta erosteko prest direnek, ondorioztatzen dute espekulazioaren kontra altxatzea. Ehunka jendek ezin dutelarik alokatu eta oraino gutiago erosi! Holako gertakarien aitzinean desobeditzeko bidearen hartzea beharrezkoa da.
Desobedientzia zibila bidegabetzat jotzen den lege, arau ala jukutria geldiarazteko borrokatzeko molde bat da, modu baketsuan, publikoki asumitua. Desobedientzia zibila berez indarkeriarik gabeko erresistentzia da. Holako eginbideak beharrezkoak dira, zuzena kausitzen ez den egoera baten kontra altxatzeko, saihesten du beste bortizkeria bati buruz joaitea. Hemen berean aspaldiko urtetan holako borrokak eramanak izan dira.
Seaska sortu zenetik, euskararen ezagupenerako, okupazio anitz egin dira, milaka euskaltzale bilduz. Mobilizazio horieri esker, aitzinamendu batzuk lortu dira, azken garaipena brebetako azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea.
Ipar Euskal Herriak bere instituzio propioa ukan zezan, bide blokatze, herri kontsulta eta bestelako kanpaina anitz eramanak izan dira, estatua kontra agertzen zela. Ez bada batzuentzat behar den instituzioa, Euskal Elkargoa herritarren nahikariari esker sortu da.
Euskal gatazkaren konponbiderako bidean, jendarte zibila engaiatu da, duela urte bat xuxen bideak blokatuak izan arte. Abertzale ala ez abertzale, aspaldiko urtetan preso zirenak libratuak izan daitezen, elkarretaratu dira egoera hori salatzeko.
Ipar Euskal Herriko xoko anitzetan, lurraren espekulazioaren kontra okupazioak abiatzen dira, ontasunak erosi nahi dituzten dirudunak gibelarazteko xedearekin. Gai horrek plaza publikoan eztabaida sortu du, hautetsiak behartuz neurri batzuen plantan jartzera.
"Lurraren Altxamendua" bide beretik doan kolektiboa da, sindikatu eta elkarte desberdinetako jendek osatua. Hauen kezkak eta aldarrikapenak bereziki ingurumenaren inguruan kokatzen dira, laborantza intentsiboaren kontra altxatuz. Lurraren Altxamendua legez kanpo deklaratzea, kolektiboan partaide diren sindikatuak, alderdi politikoak eta elkarteak bidegabekoak direla onartzea da. Hauek egiten duten lana, alde ala kontra izanik, aktibista terrorista gisa tratatuak izaitea ez da onargarria. Ingurumenaren aldeko militanteak eta erlijio fundamentalistak, hilketa masiboak egiten dituztenak, berdin tratatuak dira.
Edozein herrialdetan populuaren ihardukitzea demokrazia eskubide bat da. Egiazko mehatxua litzateke erreakziorik gabeko jendarte batean bizitzea. Injustizien kontra eta jendarte hobeago baten alde, desobedientzia zibila, erresistentziarako beharrezko arma baketsua da.










