Mundu zabalean | 2023ko Uztailaren 13a
Polizien hilketak eta oldartzeak Frantzian
J.B.
Ez da lehen aldia Frantses poliziak norbait tiroz hiltzen duela. Bainan aldi huntan sekulako jazarraldiak izan dira Frantzia guzian, usaiaz kanpoko hiri eta auzoetan.
Seguritate faltaren sentimendua akuilatu nahian bortizkeria irudiak mila aldiz errepikatuz ari diren telebista kateen sentsazionalismotik urrunago so egin behar dugu.
Badu zonbait urte poliziaren jokamolde bortitzak salatzen dituztela, soziologoek, nazioarteko kazetariek, bai eta ere poliziako arduradun bakar batzuk ere. ONU edo Nazio Batuetako giza eskubideen arduradunen arrangurak eta salaketak zabaltzeraino.
Frantziako alderdi politikoen usaiako ihardukitzeak entzun ditugu, eskuinekoek errepresioa eta seguritate neurri gehiago galdegiten dute, ezkerrekoek aldiz zapalkuntza salatzen eta neurri prebentiboak eskatzen dituzte.
Gertakariak
Ekainaren 27an auto kontrol batetik ihes egin nahi zuen Nahel gaztea gelditzen dute bi motodun poliziek. Kontrol mugimendutsuan gidari gaztea tirokatua da eta berehala gorputz gelditzen.
Poliziek egin gertakarien lehen deklarapenetan, autoaren gidaria polizia baten lehertzera entseatu zela zioten. Bainan inguruko jendeek filmatu bideoek erran hori gezurtatzen dute, lehertua izaiteko arriskurik izan gabe ikusten baita armarekin su egiten duela poliziak.
Lekuko jendeek hartu bideoa, sare sozialetan hedatua eta partekatua izan ondoan, inkestaren dosierrean integratua izan da eta bere armarekin tiro egin duen Florian M. polizia preso ezarria. Nahelekin autoan ziren beste bi gazteak ere mintzatu dira, plazaratua izan den bideoarekin iduriz bat egiten dituzten deklarazioak eginez. Beharrik norbaitek gertakaria bere eskuko-telefonoarekin filmatu duela, bestenaz poliziaren lehen erranekin, legezko defentsaren izenean, afera errexki sailkatua izanen baitzen.
Jazarraldiak Frantzia guzian
Gertakariak eta egia desbideratu nahi izaiteak sekulako jazarraldiak sortarazi dituzte Frantzia guzian, usaian mugitzen ez diren auzo beroetatik haratago. Orotara 550 herritan izan dira pataskak. 45.000 polizia mobilizatuak izan dira, bastimendu eta auto frango suntsituak, 3.500 jende baino gehiago arrastatuak, gazteak eta gehienak orain arte poliziarekin batere problemarik ukan ez dutenak. Bainan nolaz hortaratu dira?
Poliziaren bortizkeria, aspaldiko arazoa
Jazarraldien hedadura ikusiz, gobernuko kideeri tokiko jendeekin harremantzea galdegin die lehen ministroak. Eginak diren ohar gehienek hirietako "segregazioa" edo nahasketa soziala eskasa azpimarratzen dute, pobreen gune eta beste auzoen arteko harreman guti izanez.
"Ez da lehen aldia gazte bat tirokatzen duela poliziak" dio Magyd Cherfi, Zebda musika taldeko kantariak. "Badu 40 urte polizia errugabea dela! Arabiar edo beltz bat erailea den aldi oroz gaztearen falta dela dio poliziak. Ez dute beren egin moldea sekulan dudan ezartzen."
Halere polizien arteko ikusmolde ezberdinak hasiak dira agertzen. Tolosako seguritate publikoaren zuzendari nagusi ohiak eta hurbileko poliziaren asmatzailea den Jean-Pierre Havrinek dio: "Herritarren aurkariak bilakatu dira poliziak eta ez da normal". Haren hitzetan ahalak ezartzen dira sua itzaltzeko bainan sua ez pizteko neurriak dira falta, bestenaz arrazoin berdinengatik ondorio latz berak errepikatuko direla abisatzen du.
Joan den asteko gertakariak aitzin, Public Sénat izeneko telebista katean elkarrizketatua izan zen CNRS-ko zuzendaria eta poliziaren ikerlaria den Sébastien Roché soziologoa. Bere arrangurak argiki plazaratu zituen: "Ordena publikoaren eskema nazionaleko araudi guziak zangopilatzen ari dira". Ikerlariak dionaz, nahiz eta Didier Lallement polizia buruzagi famatuaren garaiko flash ball edo plastikazko bala aurtikitzaileen erabilpen lanjerosa eta sistematikoa baztertua izan den, beste neurri eta egin molde kezkagarri frango gelditzen dira: motoz ibiltzen diren BRAV-M polizien behar gabeko bortizkeriak, jendeen beldurrarazteko egiten diren arrastatze masiboak, kazetarien kontrako mehatxuak, polizien ezagutzeko RIO zenbakien gordetze edo ez ezartze sistematikoak, debekatua den polizien aurpegia gordetzeko kaputxaren erabilpena... Zabalduak eta normalizatuak diren egin molde horiek polizien inpunitate egoera bat sortu dute eta ikerlariarentzat botere politikoaren erantzukizuna osoa da.
Azken hilabete hauetan Giza Eskubideen Aldeko Liga bezalako elkarte anitzek, Frantziako Eskubideen Defendatzailea, bai eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen arduradunek salatu dituzte frantses poliziak erabiltzen dituen bortizkeriak.
Nahel gaztearen tirokatzearen ondotik beste hil bat izan da Marseillan gertatu protesta batean, uztailaren 1ean, iduriz poliziak egin gomazko pilota baten tiroketa baten ondotik. 27 urteko gizonak argazkiak hartzen zituela deklaratu du bere emazteak RTL irratiari. Poliziak ez du nahi erakutsia izaitea!











