Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Uztailaren 13a

Herriko Etxea Lapurdin - Kontseiluko biltzarra - Estreinaldi - Santa Madalena beila - Pilota

Herriko%20Etxea%20Lapurdin%20-%20Kontseiluko%20biltzarra%20-%20Estreinaldi%20-%20Santa%20Madalena%20beila%20-%20Pilota

Herriko Etxea Lapurdin

Urte luzetan Lapurdi zentroa deitzen ginuena Herriko Etxe bilakatu da, berritze obrak bukaturik, kanpo tinda lan batzu aparte. Ekainaren azken bi egunetan egin dira aldairak. Landagoien, Gaztelondo eta Mailiarenean banatuak ziren zerbitzu guziak orain toki berean elgarretaratuak dira. Joan den ortzegun arratsaldean auzapezak dena bisitarazi du, hautetsieri eta prentsa kideeri. Beraz badira 25 bat bulego argiak eta ongi hornituak, hiru biltzar gela (neurri desberdinekoak), jateko gela bat egokia eta artxibategi bat oso modernoa. Agian denentzat lanak errextuak izanen dira.

Kontseiluko biltzarra

Bisita bukatu bezain laster, iragan da oporrak aitzin egin den azkena, gela berrian. Huna aho batez onartuak izan diren gaiak:

- Haur eta nerabeen harreraren tarifen onartzea.

- Eskolaldiaren harreraren tarifen onartzea.

- Eskola jantokiaren prezioak finkatzea (2023-2026).

- AR 580 lur zatian aterbetxo baten eraikuntzarako baimenaren onartzea.

- Arkia atekamotzan bide zola azkartzeko ''Essor Txoritegiak'' sozietateak proposatzen duen diru laguntza onartzea (6.194 euro).

- 2023ko sei elkarteri ez ohizko diru laguntza ekartzea.

- Errobi herriarteko bizikleten eskema nagusiarentzat diru laguntzaren galdea.

- AFMR Etcharry - ADL - ANAMACAP - CELESTE erakundeeri alokairu kontratuen gehigarriak onartzea.

- Euskal Elkargoko eskuaz aldatu karguen txostenen onartzea.

- 2023ko herriko zerbitzuen prezioak finkatzea.

- Heraitzen bide izendatzea: Gaineko Landak atekamotza.

Bi gaiek dituzte bozketan abstentzio batzu hartu:

- Herria astekariari Landagoienerako alokairu kontratua finkatzea (2 abstentzio Uztaritze Sentsu Ona).

- Mediateka baten sortzeko merkatu egitaraua eta abiatze ageriaren onartzea (4 abstentzio ezker aldea).

Hurrengo kontseiluaren eguna ez da finkatu.

Estreinaldi

Goiz edo berant obrek behar zuten bururatu, oraikoan eginak dira. Hogoi urte pasa hasirik, geldialdi askorekin, 932 Departamenduko bide nagusian Heraitze eta Planuya arteko zatia lau lerrotan emaiteko obrak bukatuak dira. Orain lasaiago ibiliko dira egunero hor dabiltzan 20.000 auto eta kamioiak, nahiz gero Baionara hurbiltzean orain arteko kezkak beti izanen diren. Joan den ortzirale arratsaldean Arruntzako zubiaren gainetik bide zati hori estreinatua izan da. Bertara etorriak ziren J. Jacques Lasserre Departamendu kontseiluko lehendakaria, Philippe Etcheverria eta Bénédicte Luberriaga kantonamenduko kontseilari bikotea, beste zonbait kontseilari, auzapez eta obra hortan parte hartu duten enpresaburu. Azpimarratzekoa ere Beñat Auroy Uztaritzeko kontseilari ohiaren presentzia, Lasserre jaunak ohoratu duena, bere garaian asko lan egin baitzuen bide zati horrentzat. Geldialdien ondotik, 2017an, lanak berriz bultzatu dira. Arruntzako eta Astobizkarrerateko zubiak berriz eraikirik, orotara obra osoa 15,5 milioi euro gosta da. Bere mintzaldian Lasserre jaunak justifikatu ditu geldialdiak, adieraziz departamenduak bere gain 4.500 kilometro bide dituela. Eskertuak izan dira partaide guziak, hautetsi, enpresaburu, langile eta arduradun, berandu badu ere obra ederra baita eta pozik gelditzekoa. Irriño batekin Bruno Carrere auzapezak oroitarazi dio orain behar lukeela gogoetan hasi Uztaritze inguratuko duen proiektuaz. Geroak erranen. Hurrupaldi batekin ekitaldia bukatu da.

Santa Madalena beila

Urtero bezala uztailaren 22an Santa Madalena izanez, beilaren meza emanen da Otsanzko kaperan (18:00). Ondorioz larunbat arratseko meza Uztaritzeko elizan kendua izanen da. Beilara oinez joan nahi dutenentzat hitzordua emana da Jondoni Bixintxo eliza aitzinean (14:30). Oinezko ibilaldia errexa da bi oren inguru hartuko dituena.

Pilotako finalak

Euskal Herriko pilota batzordeak bere xapelgoen finalerako egun osoa antolatzen du, Uztaritzen, Bilgune plazan, uztailaren 22an, larunbatarekin. Partida guziak atxiki-ttipian izanen dira, 8 orotara, goizean hasiz (10:00). Heldu den astean egitarau argiagoa. Atxiki ttipia maite duen pilotazaleak jakinen du eguna nun pasa, agian aroa alde izanen da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3698. zbk

Gure Hitza | 2023/07/13

Desobedientzia zibila: beharrezko arma baketsua

Menane Oxandabaratz

Sektore desberdinetako mugimenduek kudeaturik, mobilizazio azkarrak iragaiten dira, bereziki ingurumen proiektu ikaragarrien edo(ta) etxe eta lur prezio ezin sinetsien kontra.

Lur eta etxe prezio saltze munstroek eta erosteko prest direnek, ondorioztatzen dute espekulazioaren kontra altxatzea. Ehunka jendek ezin dutelarik alokatu eta oraino gutiago erosi! Holako gertakarien aitzinean desobeditzeko bidearen hartzea beharrezkoa da.

Desobedientzia zibila bidegabetzat jotzen den lege, arau ala jukutria geldiarazteko borrokatzeko molde bat da, modu baketsuan, publikoki asumitua. Desobedientzia zibila berez indarkeriarik gabeko erresistentzia da. Holako eginbideak beharrezkoak dira, zuzena kausitzen ez den egoera baten kontra altxatzeko, saihesten du beste bortizkeria bati buruz joaitea. Hemen berean aspaldiko urtetan holako borrokak eramanak izan dira.

Seaska sortu zenetik, euskararen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016