Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Uztailaren 13a
Antzuolako bestak - Abarratia pilota elkarteak 30 urte
Antzuolako bestak ortzegunetik igande arratsera!
Berrikitan Aiherrako bestak iraganik, ondoko asteburuan Antzuolakoen aldi da, uztailaren 13tik 16ra iraganen dira, hots, ortzegunetik igande arrats arte.
Egitarau aberatsa eta betea aurten ere eskaintzen daukute, animazio, kontzertu, kantu-bazkari eta dantzaldi ezberdinekin. Ohidurari jarraikiz, ostegunean (20:00) herriko kontseiluek Antzuolako bandera eta ikurrinaren aitzinean dantzatuko dute. Baina aurtengo ekitaldia berezia izanen da, duela zonbeit aste herriko bozen karietara antzuolarrek hautatu ekipa berriak baitu lehen aldikoz urrats hori beteko. Egitarau ofizialean horrela idatzia da "Udalbatza berriaren aurreskua". Ekitaldi hunen ondotik kantu afaria Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin, plazan. Antzuolako alardea larunbatean agertuko da (19:00), parte hartzaile guziek karriketan desfilea eginez. Ohidura huni biziki atxikiak dira Antzuolan.
Antzuolako besten egitarau osoa (Antzuolako jaixak 2023) Aiherra.eus webgunean aurkituko duzue. Aihertar guziak ongi etorriak izanen dira.
Abarratia pilota elkarteak 30 urte
Duela 30 urte sorturik, pilota elkarteak 30. urtebetetzea ospatuko du, besta handia antolatuz, heldu den buruilaren 2an, larunbatarekin. Arratsaldeko pilota partiden ondotik, arratsean afaria proposatua da 15€tan (paella, gasna, deserta, kafe eta ondoko). Izen emaiteak agorrilaren 11n eginen dira, ortziralez, (17:00-20:00) Abarratia elkartearen bilgunean. Haurreri, afari berezia (ogitartekoa, lursagar idorrak, edari eta izozkia) 5€tan proposatua izanen zaie. Antolatzaileek oroitarazten dute besta honetan nornahik parte har lezakeela eta manera berezi batez gomitatzen dituzte azken 30 urteetako pilotari, buraso eta buruzagiak.











