Herriz Herri - Hendaia (L) | 2023ko Uztailaren 13a
Irun-Hendaia pasabidea berriz hetsia - Dantza ikasteko izen emaitea - Udako zirkoa - "Ibai izena duen herrialdea"
Irun-Hendaia pasabidea berriz hetsia
Irun eta Hendaia artean den Avenida zubia, urte hauetan hetsia dena, Frantziako Tourra pasatzeko denboran soilik idekia izan da. José Antonio Santano (Irun) eta Kotte Ecenarro (Hendaia) auzapezak, ideki zelarik sinbolikoki zubi erdian bildu ziren, hauekin batean bi aldeetako euskaldunak. Biharamunean berean estatuak berriz hetsi du, burdinazko hesiak ezarriak izan dira, hiru herrietako auzapezen, elkarteen eta herritarren haserrea sortzen zuela. Egoera horren salatzeko elkarretaratzeak izan dira, ostegunean etorkinen ongietorria segurtatzen duten elkarte eta sindikatuek deiturik, ostiralean Irun, Hondarribia eta Hendaiako Herriko Etxeek. Txingudi inguruan diren hiru herriek ordaintzen dutela Frantzia eta Espainiaren arteko negozio porrota errana izan da, auzapezek adierazi dute egoera hori ezin dutela gehiago jasan.
Annie Poveda eta Iker Elizalde Hendaiako kantonamenduko kontseilari nagusiek, Baionan biltzen zen Departamenduko batzorde iraunkorrean mozio bat aurkeztu dute, Euskal Herrian zehar hetsiak diren bideak idekiak izan daitezen, aho batez onartua izan da.
Udako Zirkua
Udako Zirkua izeneko ekimena antolatzen du Borderline Fabrikak bere egoitzan, uztailaren 7tik 21era. Nazioarteko hiru artista handi ekarrarazi ditu, haietako bakoitzak ikastaroa eskaintzeaz gain, ikuskizunak emanen ditu. Artistak hauek dira: Marianna De Sanctis, Alice Rende, Roxana Küwen eta Unai Rojo Eiguren. informazioak: ateliers@borderlinefabrika.eus bidez.
Dantzan ikasteko izen emaitea
Akelarre dantza taldeak, 2023-2024ko ikasturterako izen emaitea hasiak ditu, 6 urtetik harat edozeinek parte har lezake. Informazio eta izen emaitea dantza@akelarre.eus bidez.
Odol emaitea
Uztailaren 18an (9:00-18:00), Biarritzeko odol zentroan Ondarraitz gunean hitzordua emaiten du, ahal dutenak hurbil daitezela, eskas handian baita.
"Ibai izena duen herrialdea" arte digitalaren lehiaketa
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Herriko Etxeek antolatu ekimena da, "Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoaren" bitartez. 500 euroko saria "Ibai izena duen herrialdea" arte digitalaren lehiaketa irabazten duen obrarentzat, 30 urtetik beherako artista amateurreri zuzendua da, lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 23a.
Aurkezten diren obra guziek "Mugaz gaindiko lurraldearen paisaia bereziak" dute erreferentzia, parte hartzen dutenek paisaia naturala irudikatu beharko dute. Arte-sorkuntzako lehiaketa hau Bidasoako Interpretazio Zentroak du kudeatzen, herritarren parte-hartzea sustatzen duela, ondare historikoaz sentsibilizatzeko.
Informazio gehiagorentzat: www.irunhondarribiahendaye.com.











