Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Uztailaren 13a
Tourra herrian barna - Euskararen erabilera bideratzeko - Astearteetako kontzertuak - Pausuko bestak - kantu ikastaldia - Pilota Pilota -
Tourra herrian barna
Uztailaren 3an, astelehenarekin, Tourra, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa zeharkatu ondotik, Lapurdira sartu zen eta Urruñatik ere pasatu. Bide bazterrak zaleez beteta izan ziren eta euskal ikurrina nonahi ikus zitekeen. Errugbi-zelaian sekulako ikurrin erraldoia ezarri zuten. Kirol eta ikurrin besta ederra izan zela erraiten ahal dugu.
Euskararen erabilera bideratzeko plangintza
Hizkuntz aniztasuna bermatzeko xarta onartu zuen Urruñako herriko kontseiluak, ekainaren 26an, "Plazara" kooperatibarekin hainbat hilabetez egindako lanaren emaitza da: "Hizkuntzen antolaketa Urruñako herriaren komunikazio euskarrietan xarta praktikoa". Herria hizkuntzen inguruan egiten ari den lanketaren parte bat da. Hainbat arlotan banaturik dago euskarri berria, bakoitzean lortu nahi dituzten emaitzak zehazten dira Urruñako hautetsiei eta langileei zuzenduriko lan honetan. Beste esperientzia batzuk ezaguturik, Urruñan urratsa egitea deliberatu dute. Herrialde anitzetan eleaniztasuna arautua da, hizkuntza bat baino gehiago bizi baita beti komunikazio euskarrietan eta herritarren arteko harremanetan.
Astearteetako kontzertuak
Urruñako Astearteak izeneko kultur ekitaldiak uztailaren 4an hasi ziren eta uda osoan barna izanen dira. Uztailaren 4an Kurruka taldearen kontzertua izan zen, 11n Airoskirena, 18an Bost Axolaren txanda izanen da, 25ean Primaderan taldearena, agorrilaren 1ean Hiruri taldearena, 8an Leizearena, 15ean Los Chuchos-ena, 22an Alaiak taldearena eta 29an bukatzeko Brililiak taldearena.
Pausuko bestak Xaia ostatuan
Aurten, Pausuko bestak hilaren 20tik 23ra izanen dira. Hori dela eta, Xaia ostatuak egitarau aberatsa prestatu du. Horratx: hilaren 20an, ostegunarekin, mus txapelketa, 400 euro sari nagusia eta beste sari anitz (19:00). Hilaren 21ean, ostiralarekin, afaria sagarnotegiko menuarekin. Kaxkatu taldearen kontzertua (Negua, Kortatu...) (23:00). Hilaren 22an, larunbatarekin, musika elektronikoa: Oscar Cia, Noda eta Claude Martinez (23:00). Hilaren 23an, igandearekin, aperitifa (12:00) eta bazkaria (14:00). Prezioa: 30 euro. Arratsean, SALS'aperitifa, Ay Mama 006 taldearen animazioaz (19:00). Egunero taloak eta sagarnotegiko menua prest. Harremana: 05-47-75-07-02.
Patxi eta Konpainia Pausun
Hilaren 23an, igandearekin, Pausuko besten azken egunaren karira, Patxi eta Konpainia taldearen dantzaldia izanen da Pausun (19:00).
Kantauri abesbatzaren kontzertua
Hilaren 20an, ostegunarekin, Kantauri abesbatzak kontzertua emanen du, Pausuko elizan (21:00). Prezioa: bakoitzak nahi duena.
Kantu ikastaldia
Tximi-Txama elkarteak antolaturik, uztailaren 17tik 21era kantu ikastaldia izanen da herrian, 7 eta 16 urte arteko gazteentzat (10:00-12:30). Prezioa: 60 euro haur bakoitzeko. Familia bereko bi haurrentzat: 100 euro. Harremana: Elena Clerc 06-19-57-54-14.
Pilotari urruñarren emaitzak
Ekainaren 30ean jokatu zuten Senperen, Gantxiki-Open lehiaketaren bigarren finalerdian, honako emaitza erdietsi zutelarik: Etxeberri eta Harotzarene 40 - Bideondo eta Lekuona 21.











