Gogoa hazi | 2023ko Uztailaren 13a
NAHASMENDUAK
Maite Iratzoki
Nola liteke 15 urte peko haurrak karrikan izaitea, gauaz, saltegien erakusleihoak hausten, barneko gauza guziak ebasten, autoak erretzen? Nola liteke, adin hortan, liburutegieri su ematera, eskola suntsitzera, haurtzaindegia xehatzera joaitea? Nola liteke, hoin gazterik, auto bat jaurtiki auzapezaren eta bere familiaren etxearen kontra, su emateko intentzioarekin, ikusiz gainerat ama familiakoa hor dagoela bere bi haurrekin?
Gertakari horien irudiek, behin eta berriz erakutsiak izan direnak, beldurra sortarazi dute. Bai eta erantzun erradikalak, akusazio ezberdinak, erreakzio bortitzak.
Nork manipulatzen ditu haur horiek? Nork du interesa jendeen beldurra sortarazteko? Haur horiek ez dira preso sartuak izanen, ez dira atxilotuak izanen eta nahasmenduak heien bizkar ezarriz, hariak tiratzen dituztenak ez dira agertzen. Hauek ongi dakite noren eta zeren gainean bermatu, manipulatzeko eta boterea hartzeko.
"Kultur segur-gabetasun aldi bakoitzean erlijio edo politika forma erradikalen gorakada ikusten da", dio Boris Cyrulnik idazleak.[1] Huna haren ikusmoldea. Ingurumena kanore gabekoa bihurtzen denean, baloreak zentzu guzietan irakiten dutenean, jendea nahasia dago. Orduan ez dago argi bere mundua, denak nahas-mahas dira: lanean ari edo denak utzi, sexu bat hautatu edo bertzea, familia bat eraiki edo lagun batetik bertzera pasatu, ongia eta gaizkia... Baloreen hierarkiaren lainoak, lanbroak, ohidura txarrak sortzen ditu.
Holako testuinguru kulturalean, argia ekarri eta bidea erakusten duten pentsalariak, segurtasun emaile agertzen dira. Nola sortarazi segurtasun beharra? Beldurraren hazia ereinez eta hedatuz. Asurantza beharrak eta ikusmen argi baten eskeak, integrismoaren gaurko indarra esplikatzen dute, izan dadin politikan edo erlijioan. Buraso demokratikoek, beren haurren askatasuna errespetatuz, hauek hautuak libre egitea erabakitzen dute, horrek duda-mudak sortzen ditu. Alta, lainoan dago argiaren egarria eta gosea. Lainoan den gazteak segur eta argi den pertsona bilatuko du. Ahaideen harridurarako, erregimen autoritario batera edo erlijio fundamentalista batera hurbilduko da. Hersturaren garapenak eta hedatu den zalantzak, jarrera zorrotzak eta gogorrak bultzatzen dituzte.
Gaizkile gazteek armadan sartu nahi dute, batailoi autoritarioetan ahalaz. Heien delinkuentzia gelditzen da obeditzen dutenean (edo hedatzen gaizkileen eskuetan). Aukeratzeko, hautuak egiteko arazorik ez dutenean, larritasunik gabe gelditzen dira. Legion Etrangère delakoan, manu gogorrenak, koherentzia gabeenak, ergelenak ere, onartzen dituzte, kritika bat gabe. Manipulazioa bidean da.
Nun da leihoa? Nun da aterabidea? Ana Frank, naziengandik ihes egiteko bere bizitza laburra (15 urte) gorderik pasatu duen neska gazte gazteak, egunkari bat idatzi zuen. Huna lerro batzu: "Xoragarria da nere ideiak, nere ideala ez baztertzea, nahiz eta segur nintzan ezin izango ditudala bururaino eraman. Hala ere atxikitzen ditut, jendeak bihotz ona duela uste baitut. Ezin dut ene esperantza oinarritu herran, gorrotoan, miserian, heriotzan. Ikusten dut mundua aitzina doala, mailaz maila, basamortu baterat; gero eta hurbilago dago, denek suntsituko gaituen trumoia. Milioika pertsonen sufrimenduak sentitzen ditut eta, hala ere, zeruari begiratzen badiot, uste dut dena konponduko dela, krudelkeria hau bukatuko dela eta bakea itzuliko dela. Anartean ene ideiak eta ene ideala atxikiko ditut zeren, nork daki, izan liteke horiek gauzatzeko gai izango naizen ordua etorriko dela".
1 Psychothérapie de Dieu. Odile Jacob










