Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Uztailaren 13a
Dolu - Pilota - Margo erakusketa - Urmuga
Dolu
Jean-Pierre Duhalderen hiltzearen berriak penatu gaitu. Iholdiarra sortzez, Azkaraten erretiratua zen, aspaldi huntan. Adin puxka bat dugun baigorriar guziak oroit gira gure herriko "Guyenne et Gascogne" magasina anitz urtez atxiki zuela, turnadak ere eginez auzoz-auzo eta etxez-etxe bere kamionetarekin. Gizon gozo eta jendekinaren oroitzapena utziko dauku, begitartea ardura irritsu. Gure dolumin bizienak Antoinette bere alarguntsari, Anne-Marie eta Marie-Hélène alaberi eta familia guziari.
Pilota
Euskal Herriko xapelketa, esku-huskako finalak, plaza laxoan:
Artekoetan, Kanbon, Mattin Etcheverry eta Jokin Videgain Alfarok irabazi dute Hazparne Noizbait-eko Barnetche-Etchebarneren kontra, 30/23. Xapel bat gehiago gure pilota elkartearentzat.
Zaharrer Segi esku-huskako beste bi finaletan agertuko da, aste huntan:
- Uztailaren 13an, ortzeguna, Iholdin (20:00), bigarren mailako finalean, Iñaki Goicoetchea eta Benoit Erreca Airetik-eko Olhagaray-Larramedyren kontra.
- Uztailaren 14an, ortziralea, Itsasun (19:00), gaztetxoen finala, Andoni Allot eta Cyril Arambel, Uhaldean-eko Bidart-Chapelet parearen kontra ariko dira.
Margo erakusketa
Margo bainan ere marrazki, argazki, zizel lan, Ortzadarra elkarteko artistek heien obrak 6 egunez hedatuko dituzte, Herriko Etxeko koralean. Erakusketa uztailaren 13tik 19ra bisitatzen ahalko da (11:00-18:00).











