Azalekoa | 2024ko Otsailaren 15a
Ihauteriak hurbilagotik
A.E.
Urteko ihauteri eta Libertimenduen sasoi berezia arribatu dela eta, negutik atzartzeko momentua arribatu zaigu. Ihauteriak hasi, tradizioak atxiki, erritualak segitu. Denek ezagutzen ditugu ospakizun famatu horiek, baina historia aldetik ez da bortxaz hala. Horregatik, Joseba Aurkenerena euskal idazlearekin bildu gira, inauteriei buruzko informazio gehiago ikasteko.
Izenaren erranahia
Ihaute, inote, iyaute, iñaute... Erran molde anitz bainan erranahi berdina. "Inaute" hitzan bi osagai desberdin dira: "inau" eta "te". "Te" atzizkia euskaldunek denbora adierazteko erabiltzen dugu, "inau" hunen azalpena aldiz ez da hain errexa. Caro Baroja etnografo eta ikertzailearen iduriko, hitz zaharra izan daiteke, gurera arribatu ez dena, besta errituala edo holako zerbait erran nahiko lukeena. Kasu guziz, inautea neguko solstiziotik udaberriko ekinokziora joaiten den erritual luzea da, euskaldunak gure geografia osoan urtez urte errepikatzen eta ospatzen duguna.
Nundik heldu... nora joan
Inkontzienteki bada ere, Euskal Herriko zazpi probintzietan urtero errepikatzen dugu inauterien tradizioa: negua kanporatu eta udaberria deitu. Garaian, urtea bi zati handitan banatua zen: uda eta negua. Solstizioak eta ekinokzioak kontuan hartuz, berantago, lau sasoi sortu ziren. Urtearen bukaeran, eguzki zaharra hiltzen zela sinesten zen, eta Eguberri (Eguzki berri) egunean eguzki berria sortzen. Hortik aitzina negua zen, sasoi hotz, zuhail eta iluna. Naturak neguan lo egiten du, hartz miresgarriak kobazuloan hibernazioa egiten duen bezala. Negua pasatu ondotik, lehenbailehen udaberria deitu behar zen ahal bezain fite piztu zedin. Hori da negua eta hartzaroa. Lurra atzarrarazteko erritualak badira, hala nola soinu eta burrunba egitea Amalurarren golkoan den eguzkia atzartzeko eta itzultzeko, joareak, adarrak, makilekin lurra kolpatzea erritmoari segituz... Azkenean, hartza, natura, eguzkia eta baserriko jendarte antolatua atzartzen dira. Hori da udaberriaren etorrera, eguzkiaren garaipena.
Euskal inauterien tradizioa jendarte finko eta antolatuan oinarritua da, urtero errepikatzen dena.
Ipar Euskal Herriko inaute bereiziak
Inauterietan, bi mundu ikusten ahal dira, jendarte baserritar antolatua eta kanpo bizi den talde perreka eta iluna. Inauteri mota bakoitzak bere pertsonaia baikor eta ezkorrak ditu. Adibidez, Lapurdin kaskarotak dira jendarte antolatua irudikatzen dutenak eta zirtzilak dira bazterreko talde ilunak. Baxe Nafarroaren kasuan, bolantak dira pertsonaia baikorrak eta zirtzilak ezkorrak. Azkenik, Zuberoan aitzindariak dira jendarte ordenatuaren ordezkariak eta beltzeriak kanpoko eta bazterreko jende basak eta zikinen ordezkariak. Hori argiki ikus daiteke Euskal Herriko bazter guzietatik. Ipar Euskal Herrian egonez, hiru inaute mota desberdin atzeman daitezke. Lehena Lapurdiko inauteak, bigarrena Baxe Nafarroako Libertimenduak eta hirugarrena Zuberoko maskaradak.
Hiru Ipar Euskal Herriko probintzietan neguari agurra edo(ta) gibelatzea egiten da, udaberriaren etorrera agurtu nahian. Joseba Aurkenerenak zioen hiru inauteri mota horiek ez direla lurraldearekin lotuak pentsa daiteken bezala, baizik eta euskalkiak markatzen duen herritarrekin.
Atxik, iraun eta segi
Erritual horiek zentzua dute euskaldunak eta euskaraz bizi den herri baten partaideak baigira. Euskara galtzen badugu, dena galduko da, gure nortasuna ere bai, eta aitzinetik heldu diren erritu zahar horiek guziak folklore hutsa izanen dira. Segi dezagun gure erroen mezua belaunaldi berriei transmititzen, eta hemen herri bat badela oroitarazten.











