Han eta Hemen | 2024ko Otsailaren 15a

"Etxebizitzaren alde engaiatu lurraldeak"

Etxebizitzaren%20alde%20engaiatu%20lurraldeak

Frantses estatuak, urte hondarrean, "Etxebizitzaren alde engaiatu lurraldeak" deitu operazioa martxan jarri du. Etxebizitzen ekoizpena bultzatzeko, Elisabeth Bornek, orduko lehen ministroak, azaroan deklaratu zuen estatuak etxebizitzaren merkatuaren zailtasunaren aitzinean, "Etxebizitzarekin engaiatu lurraldeetan" deitu proiektu deialdia martxan jarriko zuela. Hori abiatzeko, gobernamenduak diru laguntzak hitzeman ditu. Datozen hiru urteetan, eskualdetako elkargoen beharren arabera, 30.000 egoitza ateratzeko helburua du. Beste eskualde anitz bezala, Euskal Elkargoak deialdian hautagaitza pausatu du.

Etxebizitza ministerioaren zirkularrean agertzen da, laguntza hori eskuratzeko bizitegi tentsio handian diren eremuek dutela baliatzen ahalko. Horretarako Euskal Elkargoak pausatu hautagaitza, proiektu deialdiaren baldintzetan sartzen da.

Egitasmo hunen helburua 2027rako egoitzen antolaketa bizkortzea, eremu institutu bakoitzarentzat 1.500 etxebizitza inguru eraikitzeko xedea da, horietatik %25a gutienez etxebizitza sozialak izanez. Testuak zehazten du: "Batez ere tentsio inmobiliario handia duten sektoreetan, geltoki-eremuetan edo eskala handiko proiektu ekonomikoa garatzen diren eremuetan kokatuko dira lagundu eragiketak". Hiri batzuetan industria gune berriak plantatzen dira, ondorioz heldu diren langileek ezin dute aterpe bat atzeman.

Balizko dirulaguntza horiek baldintzak badituzte, hiri-kalitate eta ingurumen kriterioak betetzea eta etxebizitzen prezioen kontrola menperatzea beharrezkoa da.

Salbuespenezko diru laguntzak ere emaiten ahalko dira, inflazio testuinguru huntan defizit ekonomikoa betetzeko, higiezinen kargen transferentzian deskontua aplikatzeko edo lehen mailako azpiegiturak finantzatzen laguntzeko. Dirulaguntza hauek etxebizitza ekoizpenaren egutegia eta helburuak betetzearen baldintzapean dira, hirigintza eta ingurumen kalitate irizpideak, bai eta etxebizitza gehienen prezioak kontrolatzeko engaiamendua hartu behar da. Departamenduetako prefetak deialdiaz eta hautagaitzaz arduratzen dira. Hautatuak diren herriak edo(ta) elkargoak estatuarekin hitzarmena izenpetuko dute.

Euskal Elkargoa "Etxebizitzarekin engaiatu lurraldeak" sailkapenerako hautagai da. Hautatua bada, 3.000 etxebizitza finantzatzen lagunduko luke, horietan 2.053 egoitza sozialak (%58,6). Guzira, elkargoak 24 milioi euro ukaitea espero du.

Euskal Elkargoak "gune anitzeko" aplikazioa sortu du. Aurkeztu dosierrak 24 proiektu biltzen ditu, SRU legeak jada urbanizatu espazioak zentzuz dentsifikatzea du helburu, hiri hedadura saihesteko. Lege horren pean Ipar Euskal Herriko 11 herri dira: Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale, Bidarte, Donibane Lohizune, Azkaine, Urruña, Hendaia, Senpere eta Mugerre.

Elkargoak dispositibo horren bidez egoitzen %60a alokairura bideratuko luke (1.200 baino gehiago). Horietan "biziki sozialak" deitu 435 barne, prekarietatean bizi direnentzat erreserbatuak. Bestalde 200 egoitza ikasleentzat eraikiak izanen dira, ministerioak ezarri irizpidetan, hautagaitzak "publiko espezifikoak" kontutan hartu behar ditu.

Laster jakinen da Euskal Elkargoaren hautagaitza onartua izan denez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Han eta Hemen | 2024/02/15

Hizkuntza gutituen aldarrikapena Pariseraino

Hizkuntza%20gutituen%20aldarrikapena%20Pariseraino

Hizkuntz gutituen aldarrikapena aspaldi huntan plaza publikoan da, jadanik aitzineko urteetan "Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen" plataformak deiturik Parisen mobilizazio desberdinak iragan dira, deus lortu gabe. Otsailaren 7an, Euskal Herriko, Okzitaniako, Korsikako, Bretainiako eta Alsaziako ikasleak Parisen elkartu dira, plataformak bultzaturik.

Aldi huntan Seaskako ikasleen ordezkari taldeak "Baxoa euskaraz" pankartarekin Pariseko Hezkuntza Ministerioaren aitzinera protestatzerat joan dira, beste lurraldeetako ikasleak mezu berdinarekin etorriak ziren.

Elkartasunez, besteak beste, Iñaki Etxaniz Ipar Euskal Herriko laugarren bozka eremuko diputatua, Paul Molac Bretainiakoa, Karine Lebon Reunion uhartekoa eta Jean-Félix Acquaviva Korsikakoa, ikasleekin batera elkarretaratzera hurbildu dira. Protestan, lizeoko ikasleek beren aldarrikapenak azaldu dituzte, "gela isildu" baten ekimena irudikatuz. Aho gainean frantses bandera pegatinak kolatu dituzte, hizkuntza...

Irakurri segida

3725. zbk

Gure Hitza | 2024/02/15

Denek bat ala denek ken bat?

Ainhoa Etchenique

Euskal Herrian lurraldearen, hizkuntzaren, kulturaren eta dretxoen alde borrokak eramaiten ditugu. Alta, herriaren baitan bata-bertzearen kontra borrokatzen ari girela iduritzen zait. Ikastoletan Euskal Herriko mapa desberdina irakatsi al digute?

Hegoaldera arraun egiterat joaten naiz, hainbat arraun elkarteetatik pasa naiz, eta beti gauza bera pasa zait: atzerritar bezala errezibitua izan naiz. Ni arraun egiterat etorri naiz, ez nire nortasuna frogatu eta borrokatu behar izaiterat. Bertako jendeek "frantsesa" naizela uste dute, ez dute ulertzen Ipar Euskal Herrian ere euskaraz mintzo girela, euskal kultura dugula, ikastolak badirela, borroka berak ditugula... Batzuentzat, Ipar Euskal Herria ezagutzen ez den eta ezagutu nahi ez den xilo ilun eta sakona dela iduritzen zait. Sentsazioa dut gehiketa baino gehiago zatiketa egiten ari girela.

Hegoaldeko pertsona batek herrian bertan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016