Hegoaldean | 2024ko Otsailaren 15a
Hegoaldean laborariak kexu
A.E.
Frantzia edo beste europar erresumetan bezala, Hegoaldeko laborariak mobilizatu dira bizi duten egoera larria salatzeko. Laborariak eta abeltzainek protestak egin dituzte Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako hainbat herritan. Araban 500 bat traktorek trabatu dituzte hainbat errepide: beren kexua eta ongi-eza adierazko talde bat euskal gobernuaren etxe aitzineraino etorri da. Bizkaian 100 bat traktorek Bilboko erdigunea okupatu dute. Laborariek jakinarazi dute, beren eskaerei ez bazaie ihardesten protestan jarraituko dutela. Nafarroako eta Arabako ehunka baserritar kaleetara atera dira, hirugarren egunez segidan heien egoera zaila dela eta kezkatuta daudela adierazteko. Iruñean, hiriburuko erdigunera etorri den traktore-karabanan parte hartu duen laborari batek adierazi du, laborarien komunitateak "soka lepoan" duela, beren eskaerei erantzuten ez bazaie, mobilizazioak luzatu daitezkeela. Laborariek argudiatzen dute gastu gero eta handiagoek eta baldintza klimatiko txarrek, hala nola lehorteak, agintarien berehalako arreta behar duen krisia sortzen ari direla. Gainera, Laborantza Politika Bateratua (PAC) erreformatzeko beharra azpimarratua izan da, sektoreari sostengu handiagoa emateko.
Mobilizazioetan hainbat ekintza izan dira, hala nola Iruñeko erdiguneraino iritsi den traktore-karabana eta Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, egin den elkarretaratzea. Halaber, hainbat laborari Maria Chivite Nafarroako presidentearen etxebizitza pertsonalera traktoreekin heltzen saiatu dira. Amparo Lopez Barne kontseilari eta Foru Exekutiboko bozeramaileak gaitzetsi du ekintza hori, bizitza pribatuaren interferentzia onartezina dela.











