Orotarik | 2024ko Otsailaren 15a
Kukumarro: Otsoa
Xarles Videgain
Otsaila otsoaren hilabetea baita, goazen ikusi zer den otsoa euskaraz. Otso leku-izena eta jende-izena da. Nafarroan badago Otsagabia Iratitik hara eta Otsondoko lepoa, Baztanen sartzeko. Otsozelaia ezagutzen dugu bai eta han hemenka Otsartea izena. Jendeetan Otxoa eta Otxanda ez dira arraroak ez eta Oxobi. Otsoa Erdi Aroan aski zabaldua zen (Loup bezala erdaraz) eta 1207an atzematen da. Oxson hitza lehenago ere bazen Akitanian eta Otsoto 1102an jadanik.
Otsoa eta hartza elkarren lagun gisa ekarriak dira mintzatzeko manera batean. Eman dezagun ateka gaiztoan zaudela, zure burua salbatzea pentsatzen duzula eta beste ezbeharra gertatzen zaizula. Orduan erranen da: Otsoari ihes eta hartzak atzeman. Jendeetan ere otso hitza erraitea ez da konplimendua. Otsoa da dena bildu nahi duena beretako eta bortitza dena bere gutizietan. Oihenartek erraiten du atzerri otserri, hots zaila zela bere denboran ere herritik joatea kanpoko jendeek ongi etorria ez zutelakoan aise emaiten.
Otsoa erasiatzen da ere saldoan ibiltzen delako, besteen kaltetan. Erraiten da Otsoak otsoari gaitzik ez edo bere haragitik ez du jaten. Mota bereko jendeek beren afera tzarrak tapatzen dituzte.
Beste mintzatzeko manera ezagutzen da naski. Otsoa nun aipa han gerta; norbaitez mintzo zara eta hura bera agertzen delarik.
Otsoa aipatzen da etxean zure gauzak nolanahika emanak direlarik. Denetarik bada hemen otso buruak salbu. Bereziki zerbaiten xerka eta ezin atzemanez bazabiltza.
Gorputzean ere otsoa ukaitea ez da gozo. Hotzarekin larrua idekitzen delarik, iñardura batekin, otsoa deitzen ahal da edo mandoa, hala nola eskuetan.
Otsoak duen irudia beraz ez da izigarria. Filosofo batek zioen: gizakia otso bat da gizakiarekin. Ez ote zen optimista? Nago bada ez ote den gizakia otsoa baino gaiztoago!















