Herriz Herri - Jutsi (NB) | 2024ko Otsailaren 15a
Laborari kabalzainak borrokan
Otsailaren 3an, arratsaldez, kasik ehun bat traktoredun elgarretaratu dira Bordazaharreko alorrean.
Denen artean, beren tresnekin, S.O.S. handia izkiriatu dute. Alor hori Amikuzetik eta Garazirat doan bide handi bazterrean da. Prentsa gomitatua zen eta entzun eta ikusi ahal izan dugu horgo mugimenduaren berri.
Elgarretaratze hunek berezitasun inportantea bazuen: ez zen sindikatuek muntatua, baizik eta kabala hazleek berek eta hori gauza ederra izan da.
Hemen gaindi denek ber arrangurak dituzte: diferentzia handia bada zereal ekoizlehandi horien eta hemen gaindiko laborari ttipien artean, gehienak behi eta ardiekin lan eginez bizi. Gainerat, erosten dituzten bazkak doi bat kario gostatzen zaizkie, aldiz behereko zereal ekoizle handi horiek nahi karioago saldu beren bihiak.
Hoinbertze laborantxako ibilbide izanki, xoko bakotxak bere lekuko ekonomia zaindu behar du, gosta bada gosta.
Erran dezagun ere ilundu ondoan, traktore argi handi horiek oro pizturik efektu handia egiten zutela.
Ondotik, anitz jende hor gelditu da oren zonbait, elgarrekin solasean ogitarteko eta baso bat edo biren inguruan.
Elgartasun hori izan dadila etsenplu ederra eta iraun dezala.











