Mundu zabalean | 2024ko Otsailaren 15a

Israel-Palestina masakreak eta gero?

J.B.

Israel-Palestina%20masakreak%20eta%20gero?

Hamasek urriaren 7an egin duen masakrearen ondotik, beste handiago bat segitzen du Israelek. Talioaren legea bihurraraziz, Gazako lurraldean 20 aldiz biktima gehiago egin ditu eta masakrea ez da bukatua. Nazioarteko Justizia Gorteak Gazan genozidio ekintzak gelditzea Israeli manatu dio, bainan bonbardaketa itsuak aitzina segitzen dira.

Beste tregua baten menturan gira idazten den momentu huntan, baina gero zer? Aterabidea politikoa baizik ez da izaiten ahal. Gero eta gehiago nazioartean bi estatuen sortzea berriz aipatzen da. Azken urte hauetan Estatu Konfederala aitzinatu dute, judu eta arabiar bakezale taldeek. Zein da proiektuen egingarritasuna lau hilabeteko sarraskien ondotik?

Bake prozesua ilortua

Osloko bake akordioek itxaropen handia sortu zuten. Baina 1993an Ytzhak Rabin orduko Israelgo gobernuburua eta Yasser Arafat OLP palestinar erakundeko aitzindariaren arteko esku tinkaldi historikoak eman esperantzak ez du luzaz iraun. Israelen eta Palestinan bakearen kontrako indarrak aktibatu dira. 1995ean israeldar estremista batek Ytzhak Rabin tirokatzen du. Ondoko urtean eskuineko hautagaia den Benjamin Netanyahuk hauteskundeak irabazten ditu. Lurralde palestinarren kolonizazio politika bultzatua da. Denbora berean, bake prozesua lurperatu nahi duten israeldarrek Hamas taldea akuilatuko dute OLP eta Aginte Palestinarra ahultzeko. Israel deuseztatu nahi duen talde islamista Gazan indartzen da eta 2006ko hauteskundeak irabazten ditu. Egoera ekonomiko katastrofikoa eta errepresio ezin jasanarengatik tentsioa azkartuko da, bakearen lilura urrunduz urtetik urterat.

Israel-Palestina jendeak eta lurrak

Israelgo estatua sortu denetik eta azken 75 urteetan iragan diren gerlen ondorioz, jendeak eta mugak anitz mugitu dira. Nazio Batuetan erreferentziatzat hartuak diren 1967ko mugetan egonez, judu eta arabiar musulmanen kokapenak egoera korapilatsuaren argazkia emaiten dauku. Labur egiteko 9,5 milioi jende bizi da Israelen, horietarik 7 milioi judu eta 2 milioi arabiar. Palestinako lurraldeetan 5,7 milioi jende bizi dira, horietarik kasik 500.000 judu Zisjordaniako kolonietan inposatu direnak eta beste 230.000 judu Jerusalemeko ekialdean, palestinarren partean. Orotarat 7 milioi judu eta 7 milioi arabiar bizi dira Israel eta Palestinako lurraldeetan, baina lur hoberenak eta espazio handiena juduentzat: 22.000 kmÀ‚'² Israelen eta lur anitz Zisjordaniako kolonietan, 6.000 kmÀ‚'² Zisjordanian eta Gazan. Gainera ezberdintasun ekonomiko ikaragarria: israeldarren batez besteko hilabete saria 3.000 eurokoa da, 500 eurokoa delarik Gazan edo Zisjordanian.

Israel-Palestina "Estatu Federal" bakarra

Nahiz eta entzuna izaiteko zailtasun handiak izan beti, eskuinago doan Israelgo jendarte batean, "a land for all" edo "lurralde bat denentzat" deitu mugimenduak, Estatu Federal bat aldarrikatzen du (Israel-Palestina) lurraldean bizi diren 15 milioi israeldar eta palestinarrentzat. Bi komunitateak jende kopuru berdintsukoak izanki eta bakoitzak lurralde horretan bizitzeko arrazoi aski baduela pentsaturik, israeldar eta palestinar bakezaleak biltzen dituen mugimenduak bi naziodun estatu bakar bat aldarrikatzen du.

Maleruski, 2018an, Israel judu populuaren aberri nazionala dela erabaki du Israelgo parlamentuak. Juduak ez diren beste biztanleak maila apalago batean ezarriz. Apartheid politika horrek ez du xantza izpirik uzten nazio ezberdinen arteko elkarbizitza orekatua eraiki nahi luken Estatu Federal bakarrari. Gainera, azken hilabeteko hilketa, bonbardaketa eta sarraskiekin proiektu hori ez da gehiago entzungarri.

Israel eta Palestina bi estatu

Aspaldidanik Nazio Batuek bozkatu baina sekulan gauzatu ez den bi estatuen opzioa indarrez berriz agertzen da. Nahiz aterabide politiko hori errepikatzen duten gobernuburu anitzek, zailtasunak ez dira falta. Lehenik, azken hamarkadetan azkarki lagundua edo bultzatua izan den kolonizazioaren ondorio larria hor da: Zisjordaniako lurraldea porroskatua da juduek bortxaz hartu dituzten lurrekin eta hastapeneko kolonia ttipiak hiriak bilakatu dira. Eta zer erran palestinarrentzat begiratua izan behar zen Jerusalemeko Ekialdeaz? 230.000 judu jin baitira horrat bizitzerat Israelgo armadaren gerizapean. Azken hilabeteetako pataskek erakusten daukute nolako ezinbizia ekartzen duen politika horrek.

Gainera Benjamin Netanyahuk behin eta berriz errepikatu du ez duela palestinar estaturik onartuko. Haren koalizioko gobernuan dauden eskuin muturreko sionistek palestinar guzien kanporatzea dute aipatzen, Israel Handia gogoan izanik.

Baina beste zer aterabide daiteke? Thomas Piketty ekonomialariak plazaratu duen gutun iritzi batean, "a land of all" mugimenduarekin batera bi proposamenak lotzen ditu: lehen urrats batean palestinarren estatua sortzea, oraiko Israelen ondoan eta ondotik bi estatuak lotuko dituen egitura federal bat xutik ezarri estatu batetik besterat instalatzeko posibilitatea emanez bi komunitateeri. Baina denbora utzi beharko da oraiko herra egoera gainditua izan dadin.

Dena den ez dugu guk deliberatuko, baina Israelgo armadak bere sarraskiak bukatuko dituelarik, Netanyahuren gobernuak bere gaitasuna beste behin inposatu ondoan beharko du aterabide politiko bat atzeman. Bestenaz, bihar ez bada etzi berriz altxatuko dira askatasun gose diren palestinar gazteak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3725. zbk

Gure Hitza | 2024/02/15

Denek bat ala denek ken bat?

Ainhoa Etchenique

Euskal Herrian lurraldearen, hizkuntzaren, kulturaren eta dretxoen alde borrokak eramaiten ditugu. Alta, herriaren baitan bata-bertzearen kontra borrokatzen ari girela iduritzen zait. Ikastoletan Euskal Herriko mapa desberdina irakatsi al digute?

Hegoaldera arraun egiterat joaten naiz, hainbat arraun elkarteetatik pasa naiz, eta beti gauza bera pasa zait: atzerritar bezala errezibitua izan naiz. Ni arraun egiterat etorri naiz, ez nire nortasuna frogatu eta borrokatu behar izaiterat. Bertako jendeek "frantsesa" naizela uste dute, ez dute ulertzen Ipar Euskal Herrian ere euskaraz mintzo girela, euskal kultura dugula, ikastolak badirela, borroka berak ditugula... Batzuentzat, Ipar Euskal Herria ezagutzen ez den eta ezagutu nahi ez den xilo ilun eta sakona dela iduritzen zait. Sentsazioa dut gehiketa baino gehiago zatiketa egiten ari girela.

Hegoaldeko pertsona batek herrian bertan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016