Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Otsailaren 15a
Aritz Ibarraren erakusketa - Ihauteak - Dokumentala Kuxkuxtu txarangaz - Lan eskaintza - Iparra-Hegoa - Santa Agataren abesbatzak - Pilota
Aritz Ibarraren erakusketa
Iaz, Urruñako Herriko Etxeak euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen Udalbiltzaren "Geuretik sortuak" beka proiektuarekin bat egin zuen. Horren karira, Aritz Ibarra komikigileari harrera egin zion 2023ko udaberrian eta hiru astez Urruñan, Saran, Beran eta Lesakan barna ibili zen jendearekin hizketan eta ikerketak egiten. Sortu duen komikiak (Aldaxka pozoituak) 1914-1918ko Lehen Mundu Gerla eta Urruña bere ekintzaren erdigunean ezartzen ditu. Beste lau komikigile ari izan ziren proiektu berean eta beste zenbait herritan bideratu zituzten haien egonaldiak. Geroztik, 2023ko abenduan, "Hona Bostekoa" komiki bilduma argitaratu zen eta ilustrazioekin erakusketa dute antolatu. Urruñan aipatu erakusketa otsailaren 9an zabaldu zen, eta Aritz Ibarrak hitzaldia eman zuen egindako lana azaltzeko. Erakusketa hilaren 16ra arte zabalik izanen da.
Urruñako ihauteak
Hilaren 10ean, larunbatarekin, urtero ohikoa den bezala, Hazia kultur elkarteak antolatu Lapurdiko ihautearen pertsonaiak: kaskarotak, zirtzilak, hartz adarduna, kotilun gorriak eta gainerakoak karrikaz karrika eta etxez etxe ibili ziren herria dantzaz, kantuz eta bozkarioz gainezkatuz. Hilaren 24an, larunbatarekin, berriz aterako dira karrikaz karrika eta arratsean Zanpantzar erreko dute. Biba Urruñako ihauteriak!
Dokumentala Kuxkuxtu txarangaz
Hilaren 23an, ostiralarekin, arratsez, Kuxkuxtu txarangaren ibilaldi luzeari buruzko dokumentala emanen dute Pausuko Xaia ostatuan. Antolatzailea: Iparra-Hegoa elkartea.
Lan eskaintza
Urruñako Herriko Etxeak gazteria eta hezkuntza sailarentzako zuzendaria kontratatzen du. Izan daiteke funtzio publikoko bidetik (lekualdaketa, kanpo zerbitzaldi) edota kontratupean, funtzio publikoko titulurik ez den kasuan. Eskaintzaren epea: 2024ko otsailaren 28ra arte, eta lanean hasteko eguna: maiatzaren 1a. Informazio gehiago: www.urruna.eus/lana.
Iparra-Hegoaren aitzindariak
27. Iparra-Hegoaren aste nagusia martxoaren 3tik 10era izanen da Seguran. Aitzinetik jadanik ekitaldi zenbait egin dituzte eta otsailean barna beste batzuk eginen dituzte: hilaren 17an, larunbatarekin, Segurako Botikaxaharrean Ihesi antzezlana, Lapurdiko Iduzkilore antzerki taldearen eskutik, jokatu zuten, arrakasta handiz. Hilaren 23an, Urruñan, ostiralarekin dokumentala, eta martxoaren 1ean, ostiralarekin, Altzükütarrak talde xiberotarraren kontzertua.
Santa Agataren abesbatzak
Otsailaren 3an, eta usai zaharrari jarraituz, Santa Agataren koruak ibili ziren Pausun, Xaia ostatuan, kantatzen eta makilekin lurrean jotzen, biziki giro goxo eta ederrean.
Pausuko pala txapelketa
Jadanik izena emaiten ahal da Pausuko "Bidasoan Euskaraz" pala txapelketan parte hartzeko. Hilaren 20an hetsiko da. Pagatu beharrekoa: 15 euro. Finala maiatzaren 5ean, igandearekin, izanen da. Informazioa: 05-47-75-07-02.
Pilotari urruñarren emaitzak
Federazioaren Elite Pro buruz-buruko txapelketa dela eta, otsailaren 4an, Hazparnen, jokatu zuten partidan honako emaitzak erdietsi zituzten: Ducassou 40 - Bixente Bideondo urruñarra 12. Otsailaren 3an, Zuraiden jokatu zuten Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordearentrinket arloko buruz buruko txapelketaren partidan: Lafitte (BAC) 40 - Elgart (Urruñarrak) 18.
Adindunendako ekitaldiak
Hilaren 15ean, ostegunarekin, mahai jokoak Posta gelan (14:00). Hilaren 16an, ostiralarekin, goiz pasa Baionako merkatuan. Abiatzea Posta gelatik (9:30). Hilaren 21ean, astelehenarekin, ihaute-tailerra Posta gelan: jantziak eta kapeluak (14:30). Hilaren 22an, asteartearekin, ihaute bazkaria (10:00). Arratsaldean askaria eta antzerkia Hendaian (16:00-19:00). Hilaren 21ean, asteazkenarekin, dantza arratsaldea (14:30). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.











