Ba ote dakixu? | 2024ko Otsailaren 15a
Manouchian taldea (3/3)
1943ko agorrilean, 37 urterekin, Missak Manouchian FTP-MOI-ren militar buruzagia bilakatu zen. Historiak "Manouchian taldeko" buruzagia bezala presentatuko zuen, baina memento horretan nehork ez zuen talde hori hola deitzen.
Gudari gazte eta kosmopolitak
Taldeko buruzagiek 30 urte baino gehiago bazuten, baina fusilatuak izan zirenetan gehienak gazteagoak ziren, 20 urte ingurukoak. Denak FTP-MOI-etan nazien eta kolaboratzaileen kontra borrokatzeko sartu ziren, baina arrazoi pertsonal zenbaitek esplikatzen zuten ere haien engaiamendua. Italiar gazte zenbait (Fontanot, Luccarini, Salvadori) engaiatu ziren italiar armadan ez mobilizatuak izateko. Taldean sartu ziren judu gazteak "sarekadaren belaunaldikoak" ziren. Pertsonalki gogorki hunkituak izan ziren: Rajman-en aita "Drancyko sarekadan" arrastatua izan zen, Fingercwajg-en aita eta anaia "Vel d'Hiv-eko sarekadan", Wajsbrot eta Goldberg-en burasoak deportatuak izan ziren ere. Thomas Elek, Louis-le-Grand lizeoko ikasle zena, ez zen pertsonalki hunkitua izan baina antisemitismo politikaren kontra asaldatu zen. Frantses gazte zenbait (Rouxel eta Cloarec) taldean sartu ziren STO-a saihesteko. Robert Witchitz afixan judu poloniar gisa presentatua da baina, errealki, frantsesa zen eta katolikoa. Rino Della Negra futbolari gazte eta talentutsuak italiar burasoak zituen baina frantsesa zen ere. Kubacki poloniarra zen, erresistentzian sartu zen baina ez zen Parisko FTP-MOI-ko kide. Tavitian armeniarra zen eta Sobietar Batasunean preso egon zen troskista baitzen.
"Ez dut nehoren kontra herrarik"
Informazio gehienak, FTP-MOI-ko ekintzeri buruz, alemaniar propagandatik heldu dira. Afixan agertzen diren bi gorputzak, bi frantses komisariorenak dira (Martineau eta Gautier). Baina, FTP-MOI-ko biktimak direla ez da batere segur. FTP-MOI-ko ekintza ezagunena Julius Ritter SS jeneralaren, STO-az okupatzen zena Frantzian, hiltzea izan zen, Parisen, 1943ko irailaren 28an. Boris Holban-ek zuen atentatua antolatu baina Manouchian-ek zuen plana obretan ezarri. Lau gizonek (Rajman, Kneller, Fontanot eta Alfonso) zuten komandoa osatu. Baina, azaroaren 12an, FTP-MOI-ko azken ekintza huts egite handia izan zen. Lau gizonezko komando batek (Luccarini, Salvadori, Witchitz, Della Negra) alemaniar diru garraiatzaile bat erasotu zuen baina hondamen bat izan zen. Della Negra larriki kolpatua izan zen eta beste guziak arrastatuak izan ziren. Zinez gazteak ziren (19 eta 24 urte bitartekoak) holako plan baten eramateko, baina zaharrago zirenak jada arrastatuak ziren. 1943ko martxoan, FTP-MOI-ko 57 kide arrastatuak izan ziren, denak juduak eta haien artean Henri Krasucki (CGTko buruzagia bilakatuko zena). Uztailean, ehun bat gudari arrastatuak eta Auschwitz-era deportatuak izan ziren. Azkenean, azaroan, 67 erresistente arrastatuak izan ziren, haien artean "Manouchian taldeko" 23ak. Manouchian azaroaren 16an arrastatua izan zen. Biharamunean, taldeko emazte bakarra, Olga Bancic, errumaniarra eta judua, arrastatua izan zen ere. "23en auzian", akusatu guziak heriotzara kondenatuak izan ziren eta denak, salbu Olga Bancic (Stuttgart-en gillotinaz hil zuten 1944ko maiatzaren 10ean), Mont Valerien-en fusilatuak izan ziren 1944ko otsailaren 21ean. Bere azken gutunean, Mélinée-ri igorri zionean, Missak Manouchian "Liberazioaren armadan nahizko gudari gisa" presentatu zen, "garaipenetik eta helburutik hain hurbil hiltzen" zena baina "alemaniar populuaren kontra eta nehoren kontra herrarik" ukan gabe, geroan "alemaniar populua eta beste populu guziak bake eta anaitasunean biziko" direla erranez. Dudarik gabe, Panteoian sartuko den "Gizon handi" baten hitzak.











