Gure Hitza | 2024ko Otsailaren 15a
Denek bat ala denek ken bat?
Ainhoa Etchenique
Euskal Herrian lurraldearen, hizkuntzaren, kulturaren eta dretxoen alde borrokak eramaiten ditugu. Alta, herriaren baitan bata-bertzearen kontra borrokatzen ari girela iduritzen zait. Ikastoletan Euskal Herriko mapa desberdina irakatsi al digute?
Hegoaldera arraun egiterat joaten naiz, hainbat arraun elkarteetatik pasa naiz, eta beti gauza bera pasa zait: atzerritar bezala errezibitua izan naiz. Ni arraun egiterat etorri naiz, ez nire nortasuna frogatu eta borrokatu behar izaiterat. Bertako jendeek "frantsesa" naizela uste dute, ez dute ulertzen Ipar Euskal Herrian ere euskaraz mintzo girela, euskal kultura dugula, ikastolak badirela, borroka berak ditugula... Batzuentzat, Ipar Euskal Herria ezagutzen ez den eta ezagutu nahi ez den xilo ilun eta sakona dela iduritzen zait. Sentsazioa dut gehiketa baino gehiago zatiketa egiten ari girela.
Hegoaldeko pertsona batek herrian bertan haren nortasuna ez du defendatu beharko, nik aldiz beti. Hegoaldera joatean nire euskal nortasuna ez da gehiago existitzen. Etiketa bat emaiten didate, "frantsesa", edo xantza handiarekin "Iparraldekoa". Bainan ni ez naiz bata ez eta bertzea, ni euskalduna naiz! Jendeak "Frantzia" hitza erabiltzen du nire probintzia deitzeko, eta ez dela Frantzia ulertarazteko borrokan ibili behar naiz. Egoera horretaz anitz sufritzen dut eta akitzen nau! Hegoaldekoentzat usu Ipar Euskal Herria probintzia bakarra da, urrun den "zerbait". Nola posible da Ipar Euskal Herria hain guti kontuan izatea, hain guti ezagutzea eta zapaltzen segitzea?
Ene iduriko, bereizketa hunen errua jendearen mentalitatea da, batzuk denborarekin aitzinapausoa eman ez dutelako. Lehengo pentsamoldeak belaunaldiz-belaunaldi transmititzen dira, buraso edo aitatxi/amatxiek erraiten dutena guk ere zozoki errepikatuz. Ardiak izaiten gelditu behar dugu! Euskal Herriko zonbait probintzia zapaltzen geldi dezagun, zazpiak bat osatu behar baitugu, ez eta lau eta hiru zazpi.
Borroka hori gure esku da, pentsatzen dut mentalitateak aldatzeko momentua arribatu dela, bide beretik eskuz-esku aitzinatu behar girela. Iparralderik gabe Hegoalderik ez baita, eta alderantziz gauza bera. Ttikitatik Euskal Herri osoko euskaldunen artean lotura gehiago egin beharko genituzkeela pentsatzen dut, izan kultura ekitaldietan, kirolaren bitartez... Aitzinapausoa ematen eta gauzak aldarazten lortuko dugu. Elgarrekin borroka gaitezen ez eta bata bertzearen kontra.
Xalbadorrek zioen bezala:
Batzuk herriaz oroit, euskaraz ahantzi
bertzek euskara maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe ez daizkela bizi.










