Gogoa hazi | 2024ko Otsailaren 15a
Ameslariak
Johanes Bordazahar
Urtarril bukaerako HERRIA kazetan, 3722 zenbakian, irekitzean zerk salto egiten dizu aurpegira? Gizon aberats bat zigarro luze bat dolar billete batekin pizten ari! Gure mundu honen abrekeria krudelaren ikurra. Alde batetik jende diruduna beti eta aberatsago eta bestetik pobrezia larrian direnen lerroa beti eta luzeago. Jojo Bidartek Oxfamen proposamenak bideratzen ditu munduaren egoera larri "okaztagarria" honi aterabide gisa. Berriki, entzun dugu Unilever-ek32miliar dolarren irabaziak egin dituela 2023an, lehen sei hilabeteetan soilik, marka guziak gaindituz. Badute laborariek asaldatzekoa eta mundu ekonomiko hau erroz gora botatzekoa.
Artikuluari datxikola, horra Menaneren editoriala izenburu honekin "Jendartea alda daiteke?" (Duda batekin!). Norat itzul eta hor krisia... "guregatik!" Eta? Paradoxa: gu guhaur, suminduak gure munduaren martxagatik. "Gure bizimodu eta kontsumo ohiduren aldatzearen behar gorrian gaude". Aldatzea "gure esku da!" errepikatzen du editorialak, pista bat irekitzen duelarik. "Beste mundu batean sinestea, beste mundu bat amestea... Ez ote da utopista, ameslaria izan behar?"
Nik, ere ameslaria nahi dut izan, utopista, ametsetako lukainka. Irudimena lanean eman. Lehenik badakigu "aldakuntza" dela munduko gauzarik "iraunkorrena". Segur, mundua mundu deno, krisiak izanen ditugula. Jakina da ere mundu zahar bat erortzekotan denean jadanik berriak bere ernamuinak eginak dituela eta garatzekotan dela.
Ametsak, egiazko ametsak, arrisku zenbait dutenak, begiak irekirik egiten direnak, jadanik sortzen ari dira. Jendeek elkartuz beren geroa eskuetan hartzen dutelarik. Zenbat jende ez dugu ikusten elkartzen, auzoetan lanbide berrieri lotzen, zerbitzu berriak sortzen, tokiko ekoizpenak proposatzen, elkarteetan antolatzen? Kooperatiba eta ikastola izan genituen aitzindari, hainbeste lekuan-lekuko sorkuntza izan da hauen ildotik, beren ametsak obratu dituztenak, gaur egun herritarren esku gelditzen direnak. Saio hauek, gu, denek urririk partekatzen ditugun osagaiak dituzte: irudimenarekin utopia, asmoa, arriskua, sinestea, elkarretaratzea.
Nik, ametsetako lukainkak, utopiari beste neurri bat emanen nioke: Esperantza. Lainoetako ideologoa izan gabe. Baikortasun-optimismoa baino urrunago. Denek nonbait erroetan badugu, erdi itoa, bizimoldeak alda daitezkeela sinestea. Biziak berak ez du beste helbururik: biziari xantza berri bat ematea baizik. Hazi pikorra hazten da, hazi eta berriz hazi bilakatzen da. Biziaren arrapiztearen mirakulua erranen duzu? Ez! Sinpleki bizi indarra, bizi nahia. Tradizio onak, berez, aski adimen badu eraldatu eta aitzina jarraitzeko. Esperantza obretan da edo ez da! Giristinoek elizetako aldareetan, ilunbean, ikus dezakete suzko argiño bat piztua. Esperantzaren argia, heriotza bera garaitu duenarena. Kristaua etsipena behin-eta-berriz konkretuki gainditzera deitua da.
Don Helder Camarak zioen: "Norberak bakarrik amets egiten duenean, amets bat besterik ez da,beste batzuekin amets egiten duenean, berriz, errealitate bat da. Utopia partekatuak historia bultzatzen du." Beraz, ez baldin bagara sobera zahartu, mundu desorekatu baldar honetan, aparteko garaia dugu elkarrekin gaurdanik geroa amesteko. Errugbi partidan denek taldearen jokamoldeari begiratzen diogu, baloiari ez hainbeste. Garrantzitsuena baloia delarik, baloiak egiten baitu taldea, sinesteak bezala. Baloirik gabe, sinesterik gabe, ez da jokorik. Jokaldi pil-pilean gaude: elkarrekin uztartuz, kontsumo manera berrien mudantzan... Ahantzi gabe Malraux-k dioena: "XXI. mendea izpirituala izango da edo ez da izango. Oso arraroa da zibilizazio bat balio espiritualetan ez oinarritzea."










