Azalekoa | 2024ko Uztailaren 18a

Haur Eri: Koloreak gertakari iluneri

A.E.

Haur Eri elkarteko kideak Avrions Bayonnais-ko partida ikustera joanak
Haur%20Eri%20elkarteko%20kideak%20Avrions%20Bayonnais-ko%20partida%20ikustera%20joanak

Haur Eri elkartea, Baionako ospitalean diren haurren egunerokoa alaitzen eta hobetzen entseatzen da. Ospitaleko artatzaile boluntarioek laguntza ekartzen dute, izan erietxean bertan edo erietxetik kanpo. Elkartearen funtzionamenduaz gehiago ikasteko Haur Eri-ko bi boluntariorekin bildu gira, Joanna Fackler eta Eba Cristobal-ekin.

Haur Eri elkartea

Elkartea 2011n sortu da, hasieran pediatria zerbitzuko langile batek eta haur hezitzaile batek bultzaturik. Gaur egun Christophe Daupes da elkarteko presidentea. Haur Eri-ko kideak, Baionako ospitaleko ama-haur poloko artatzaile boluntarioak dira, beren lanetik kanpo laguntza ekartzen dutenak. Gaur egun, 20 bat boluntario dira, 30 bat familia segitzen dituztenak. Haurren egunerokoa ludikoagoa izaten entseatzen dira, eta burasoak ere momentu zail huntan laguntzen dituzte. Haurren arabera antolatzen dituzte ekintzak, baina Joanna Fackler eta Eba Cristobal-ek erran digute familia orokorrean ere kontuan hartzen zutela, denak egoeraz hunkituak baitira.

Elkartea osoki diru emaitzetatik bizi da. Iaztik, diru laguntzak plantan emanak izan dira, haurrak eri direla deskubritzean eta Bordelera joatean, lehen hilabetean burasoek 450 euroko diru laguntza errezibitzen dute.

Ospitale barneko ekintzak

Ospitaleko sektorea moldatu dute, haurrendako atseginagoa izateko. Adibidez, paretak tindatu dituzte ospitale girotik ateratzeko eta egoitza haurrentzat hain beldurgarria ez izateko.

Josta gela ere bada, biziki ongi tresnatua dena. Horrez gain, sortu berrien sektorean burasoendako sukaldea antolatua izan da, toki lasaia ukan ditzaten bazkaltzeko edota pausatzeko.

Hasieran, Pottoka eta Aviron Bayonnais-ko errugbilariak etortzen ziren haurren ikustera. Gaur egun, haurrei bisitak antolatzen zaizkie, sofrologo bat etortzen da ospitalera, animaleen bitartekaritza egiten da, ikusgarriak, kontzertuak, edota errugbi partidak ikustera joateko aukera ematen zaie.

Artamendu momentuetan, haurrei tabletak eta errealitate birtualeko kaskoak emanak zaizkie, momentu gogor huntatik eskapatzeko.

Ametsak betetzen

Erietxetik kanpo ere ekintzak eramaten dituzte. Haurrek maite dutenaren araberako egunak antolatzen entseatzen dira, beren plazererako. Helburua da haurrek normalean eginen ez luketena egin ahal izatea.

Ospitalizatze denbora luzea denean, edo burasoak unatuak direla senditzen dutenean, bazkariak eskaintzen dituzte. Ibilbide zailagoak dituzten haurrak desberdinki segitzen dituzte, nahiz eta ospitalean ez egon, beren berriak maiz hartzen dituzte. Ikusten badute moralki ez direla ongi, zerbaiten antolatzen entseatzen dira, besteak beste bazkaria ostatuan, masajea edo ateraldi bat.

Ametsetako gertakariak ere biziarazten dizkiete. Adibidez, Baionako besten kari, urtero haur bat hautatua da, lasterketan "joëlette" deitu kiroleko gurpil aulkian parte hartzeko.

Horrez gain, lehen Eguberri garaian ospitalean krakada antolatzen zuten, baina COVIDarengatik gelditu behar ukan zuten. Beraz, artatzaile boluntarioek familiak beren etxetara ikustera joatea erabaki zuten, aita mariz eta iratxoz mozorroturik. Ohidura hori orain ere atxikitzen dute eta tradizioetan sartu da. Asteburu osoa irauten du, Landesetatik Xuberoraino joaten baitira, gutti gorabehera 500 kilometro eginez. Haurrei opariak ekartzen dizkiete eta Eguberriko bazkaria sukaldeburu batek prestatzen die.

Bestalde, "Bouygues Immobilier"-k, Aviron Bayonnais-ko partida guzietan 10 toki eskaintzen dizkio elkarteari. Horri esker, Haur Eri-k aldi oro familia oso bat ekartzen ahal du.

"Ez da diru emaitza ttikirik!"

Haur Eri-ren webgunetik https://haureri.fr diru emaitza egin daiteke. Joanna Fackler eta Eba Cristobal-ek azpimarratu nahi ukan dute ez dela diru emaitza ttikirik, euro bakoitza ongietorria eta lagungarria baita. Elkarteak "Haur Eri" deitu Facebook orria ere badu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3747. zbk

Gure Hitza | 2024/07/18

Terra incognita

Peio Jorajuria

Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, Euskal Irratien mikroan EH Bai alderdiko Jakes Bortairuk bi hitz soilez laburbildu zuen bizi dugun egoera politikoa: "Terra incognita". Erran nahi baita oraindik esploratua ez dagoen eremua, segurtamenik gabeko biharamuna, kezka, beldurra eta lotsa sustatzen dituen egoera. Eta bigarren itzulia ere iraganik, hortan gara bete betean: terra incognita!

Legebiltzarra hiru bloketan zatitua, nehork ez gehiengo argirik, gobernua gisa hortan ezin muntatua, hara beraz zertaratu duen Frantzia Emmanuel Macron presidentearen kanorerik gabeko erabakiak, urguiluak manarazi dionak. Lerro hauek idaztean, zerua beti lainotsu, aterabide egokirik oraindik ezin aurkitua baitute batzuek eta bertzek. Presidenteak, gainera, tantoak bere alde altxatu nahi, lehen atera den ezkertiar blokeari bidea ahal bezainbat trabatuz.

Michel...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016