Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Uztailaren 18a
Purgu Xopolo - Otsantzeko beila - Obrak - Latsa elkartean bestak - Mintzaldi - Mus lehiaketa
Purgu Xopolo
Purgu Xopolo auzo batzordea bildu da uztailaren 2an Gaztelondoan, Christelle Larrieu hautetsi erreferentearen eta Odile Etcheverry lehendakariaren inguruan 15 kide present zirela. Baieztatua izan da Super U eta Bazterkarrikara sartzeko biribilgunearen obrak irailean hasiko direla. Salatu da ondotik hondakindegian asko jenderen ezaxolakeria beren ondarkinak nola nahi utziz bide bazterrean. Isunak gehiago izan diten galdatzen du batzordeak. Purguko karrikan abiadurak mugatzeko tindu lanak eginen dira uztailaren 9tik goiti. Eliza Hegiko hilerrian bidexka garbi baten eta komun batzuen beharra galdegina da handizki. Komun batzuen beharra ere Xopoloko hondartzan. Batzordeak antolatzen duen urteko piknika eginen da agorrilaren 24an. Onartu ere dute Hiribehereko jendeak gomitatzea. Adiskidantzazko hurrupaldi batekin bukatu da biltzarra.
Otsantzeko beila
Uztailaren 22an santa Madalena kari eginen da ohidura den bezala Otsantzeko beila. Meza izanen da (18:00) kaperan. Beilara oinez joan nahi dutenentzat hitzordua finkatua da (14:30) Bixintxo eliza aitzinean. Bi orenen bidea da (ez sobera zaila) nunbait han otoizteko hiru geldi aldirekin. Adiskidantzazko hurrupaldi bat eskainia izanen da tokian berean meza bukaeran. Beila on guzieri.
Obrak
À¯'"'¿Uda huntan herriko obrek segitzen dute hitzeman bezala. Super U eta Bazterkarrika bidera sartzeko egin beharra den biribilgunearentzat, alde hortan diren elektrika eta telefono sare guzien lurperatzea hasiko da aste huntan. Gerta daiteke ibiltarientzat zonbait traba izaitea. Biribilgunea bera departamenduko zerbitzuek irailean hasiko dute. Hiribehereko karrikaren obrek ere segitzen dute artoski. Espaloi berriak eta txirrindularien xendrak moldatuak izanen dira. Eginak ere autoen abiaduraren mugatzeko goi ordoki eta txikanak bide juntetan. Obra horiek agorril ondarreraino iraun behar lukete.
Latsa elkartean bestak
Herriko besta igande eguerdian Latsa elkarteak antolatzen du bazkari bat deneri idekia 22 eurotan. Haurren bazkariak gostako du bakarrik 10 euro. Gomendatua da aitzinetik izenak emaitea telefono huntara: 06-50-74-63-09. Igande arratsean ere izanen da jateko eta edateko toki berean musika talde batek animaturik.
Pilotako emaitza
Joan den igandean jokatu da Bilgune plazan Euskal Herriko xapelgoaren kondu luzeko finala helduetan A mailakoa. Arerio ziren Luzeaneko taldea (Carricaburu anaiak, Destaillac, Eyheramono, Onchalo) eta Baigorriko Zaharrer Segi (I. Riouspeyroux, Izoco, Duteil, Etchelet, Ascery). Hiru oren oso arizan ondoan emaitza hau izan da: Zaharrer Segi 13, Luzean 1. Laugarren jokoa partikulazki biziki luzea izan da iraupenean. Bertan ginaudenetan ikusirik bi talde horien orain arteko ibilbidea, nehork ez zuen pentsatzen holako artearekin partida hori buka zitekeenik. Irabazleeri Alain Toffolo Kapito Harriko lehendakariak eman ditu medailak eta Jean Michel Garayar Euskal Ligako lehendakariak jantzi diote txapela. Talde horiek, beste batzuekin ikusiko ditugu ondoko egunetan Frantziako xapelgoan, agorrilean izanen den pilotako aste handiari buruz.
Mintzaldi
Uztailaren 26an ortzirale arratsez (20:00) mintzaldi bat izanen da Jondoni Bixintxo apezetxeko gelan, Nathalie Fourmy andere gazteak emanik. Hunek marrazki bizidun hunkigarri bat egina du munduko bigarren gerla bukaeran Nagasaki Japoniako hirian bizi izan den mediku batetaz. Gaiaz eta mintzaldiaz gehiago argitasun datorren astean. Hitzordua atxik daiteke oraidanik.
Mus lehiaketa
Eskuz esku elkarteak antolatzen du mus lehiaketa bereziki elkarte kideeri idekia baina ere kanpoko batzueri. Lehiaketa iraganen da egun osoan agorrilaren 3an Latsa elkartean. Izen emaitea bakotxarentzat 25 eurokoa da eguerdiko bazkaria barne. Izenak eman behar dira elkarteari, uztailaren 28ko azken epea.











