Mundu zabalean | 2024ko Uztailaren 18a
Olinpiar Jokoak finantza alorretik
M.O.
Uztailaren 26an hasiko diren Olinpiar Jokoek, kiroltzaleen inguruan karra sortzen badute, munduko kirol lehiaketak antolamendu sailean gastu handiak sortzen ditu. Ondorioak zein diren ikustera joan gira.
Olinpiar Jokoek arrangurak sortzen
2024ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako hautagaitza Frantziak irabazi zuen. Ekonomia eta ingurumen kostu handiak eragiten dituelako, azken denbora hauetan ihardukitzeak badira. Kirol ekitaldi handiek finantza eta ingurumen gaiez bestalde, nazioarteko kirol-erakundeek hirietan eta estatuetan duten kontrola eta eragina kritikatuak dira.
Bide horretarik mugimendu batzuen ihardukitzeak entzuten dira: "Karbono bilana, turismo masiboa, hondakinak... Joko Olinpikoak ez dira ekologikoak izanen, gobernuak kontrakoa erraiten badu ere. Karia horretara eraiki azpiegiturak, ondotik herritarrentzat baliagarriak izanen ote dira? Kirolaren praktikak gora eginen ote du?"
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (CIO) sustatu gertakari handiaren gibelean, elkarte batzuk arranguratuak agertu dira. Antolaketarako auzo batzuetan populazioak tokiz aldatzea edota kanporatzea, zaintza teknologien inguruan egin esperimentazioak... eta aurreikusi buxetaren gainditzea besteak beste aipatuak dira.
Olinpiar Jokoen antolaketa garestia
Munichen 1972an antolatu jokoez geroztik, udako Olinpiar Jokoetarako finkatu aurrekontua sistematikoki gainditua da. Gehienetan, buxetaren batezbestekoa pentsatu zena baino %100ez handiagoa izaiten da.
1996ko Atlantako Jokoak salbuespenak izan ziren, gainditzea %30ekoa izan baitzen. Aldiz 2008an Pekinen iragan zirenek buxeta %1.100ez gainditu zuten.
Holako gertakariak despendio gehiegizkoak ondorioztatzen dituela, finantza publikoen gaineko zamaz kezkaturik, estatuek Olinpiar Jokoak beren herrian muntatzeko hautagaitza gero eta gutiago pausatzen dute. Atenasen (2004), Rion (2016) eta Tokion (2020) iragan edizioek hirien eta estatuen kontuetan anitz pisatu zuten.
"Paris 2024"
Frantziako Kontu Auzitegia iraganen diren jokoeri buruz kontrol zorrotzak eramaiten ari da.
"Paris 2024"-ko hautagaitza pausatu zelarik, errana izan zen azpiegituren %95a jadanik eraikiak izanez, gastu ttipiak izanen zirela. Udako jokoak antolatuak izan diren beste estatuetan, gehien gosta izan dena estadio olinpikoaren eraikitzea izan da. Frantziako estadioa, 1998an inauguratua izan zena, hor izanez ez zen eraikitzearen beharrik.
Aurtengo jokoen azken zenbaketaren arabera, hala ere aurrekontua 6,3 miliar eurotik 8,8 miliar eurora pasatu da. Emendatzea neurri batean inflazioaren ondorioa izan da. Baina Kontu Auzitegiaren txostenaren arabera, hautagaitzaren aurrekontuaren estimazio falta izan dela agertzen da, bai eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (CIO) eskatzen dituen baldintzena. Jokoak baino egun batzuk lehenago, gastuak emendatzen ari dira, ustekabeko xahutzeek erreserba funtsetan ondorioak ukaiten ahal lituzkete.
Bestalde, Kontu Auzitegiak, Joko Olinpiko eta Paralinpikoen Batzorde Antolatzaileak (COJOP) presentatu buxetari buruz, funtsezko segurtasun eskasa aipatzen du. Azpimarratzen du defizita frantses zergadunen esku geldituko dela.
Olinpiar Jokoen arduradunek erantzun dute: "Paris 2024 %30 inguruko gainkostuetan da. Buxet orokorra 10 miliar eurokoa balitz ere, emaitza ona litzateke.
"Jokoek finantzatzen dituzte Jokoak"
Pariseko Joko olinpiarrentzat bi egitura dira arduradun, COJOP batzordea jokoen antolaketarekin zuzenean lotu gastuez arduratzen dena eta Solideo sozietatea azpiegituren eraikuntzaz. Bi egituren eslogana "Jokoek finantzatzen dituzte Jokoak" da, partez egia bada ere, elkarteen diru-laguntzek eta txartelen salmentek gastuen parte bat baizik ez dute estaliko.
Aldiz, azpiegituren eraikuntzentzat, finantzariek eta inbertitzaile pribatuek, gostatzen den buxetaren 4,4 eta 4,5 miliar euro arteko ekarpenean, bakarrik 1,8 miliar euroko diru-laguntza ekarriko dute. Gaineratekoa Estatuaren eta tokiko kolektibitateen esku da (Àƒ'Žle-de-France eskualdea, Parise eta beste hiri batzuk).
Gastu emendatzeen aitzinean, botere publikoengandik ekarpen gehigarriak eta babesle berriak konbentzitzeko, diru-sarrerak emendatzea beharrezkoak izan dira. Txartelen prezio emendatzeak kexuak sortu ditu.
Olinpiar jokoen buxeta
Aurreikusia den 8,8 miliar euroko aurrekontuan sinetsi daiteken galdetua izan da. Gastu publiko batzuk aurrekontu olinpikotik kanpo dira, hala nola ekipamenduen muntaketan tokiko instituzioen gain direnak. Beste postu batzuk ere ez dira kontutan hartuak, osasun eta segurtasun gastuak, garraiobideen hornidura, ekipamenduak eta espazio publikoak. Horri gehitu behar zaio barne-segurtasuneko polizia eta indar armatuen ordu gehigarrien ordaintzea.
Asterès ikerketa eta azterketa ekonomiak egiten dituen agentziak argitaratu oharrean, gastu publiko gehigarri horiek 3 miliar eurokoak izanen direla errana izan da. Bere azterketen arabera Estatuak eta kolektibitate publikoek 5,2 miliar euro ordaindu beharko lituzkete, aurrekontu olinpiko globala 11,8 miliar eurokoa izanen delarik.











