Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Uztailaren 18a
Hazparne-Azpeitia - Uda da Hazparnen ere!
Hazparne-Azpeitia
Hazparne Azpeitiaren birazkatzearen barne hara 2024-2025 ikasturtean, bi lizeoek elkar trukatze baten bidez elgarren arteko loturen garatzea erabaki dutela. Joan den apirilean izan ziren lehen harremanak Hazparneko San Josep ikastetxeko ordezkaritza Azpeitira joan zelarik eguna pasatzerat. Iraurgiko erakasle batzuekin elkartu ziren goizean eta arratsaldean bi kultur ekipamendu berezi bisitatu zituzten: San Agustin, kontzertu gela bihurtu den eliza ohia eta Dinamo, forma artistiko ezberdinei eskainia den eraikina. Artistei idekia da hau bainan ere herriko jendeari. Ekainaren 18an azpeitiarrak dira jin Hazparnera: lizeoan ongi etorria ukan eta gero gipuzkoarrek Fablabea bisitatu dute eta ondotik misionesten kapera.
Heldu den ikasturtean Iraurgiko eta San Josepeko ikasle batzuek irrati saio baten sorkuntzaren inguruan lan eginen dute. Agian senidetasun luze baten lehen urratsa izanen da hau.
Uda da Hazparnen ere!
Hara animazio eta aldaketa zonbaiten berri:
Entsegu berri bat: larunbat goizean merkatu denboran ez da gehiago hiri erditik pasatzen ahalko zentzu batean. Helburua da oinezkoen goxotasunaren emendatzea eliza aitzinean eta meriako Lissar karrikan. Aldiz Urtsuia karrikari behera jausten ahalko da. Esperientzia uztailaren 13tik agorrilaren 17ra eginen da.
Merkantuz: bestalde larunbatetan herriko elkarte batzuek segurtatzen duten merkatuaren animazioak jarraikiko du. Huna larunbat huntarik aitzina ikusten ahalko diren elkarteak: Elgarrekin, Mendi Xola, Peña Idiak, Euskal Herriko Semeak, Iparla eta Vahine Eteroa.
Udako astearteak ere berriz hor ditugu, elgar ikusteko muntatuak diren paradak: asteartetan eliza sahetsean talde bat izaiten da kantuz, musikan edo dantzan hartzen dena eta herriko elkarte batek taloak egiten ditu edateko moldea ere eskainiz bistan dena. Uztailaren 16an hasiak dira eta zazpietarik bederatziak edo hamarrak arte irauten dute. Huna ondoko aldietan izanen dena:
- 23an: Soulters11 jazz taldea, Hazparneko tenis klubaren parte hartzearekin;
- 30ean: Saltoka dantza taldea, Los ninos elkartearen laguntzarekin;
- Agorrilaren 6an: Agora (afrikar musika), talo kofradiaren parte hartzearekin;
- 13an: Saltoka dantzariak, Zango baloiko elkartearekin;
- 20an: musika Juan Valiente Color Latino taldearekin eta Euskal Herriko Semeak jan eta edateko eskaintzen.
Urtsuian ibili: Urtsuia eta bazterren ezagutzeko ibilaldi bat proposatua da kitorik kanpotiarrentzat bainan ere nahi duen herritarrarentzat. Abiatzea Zelaiko plazatik eginen da (8:30) ibilaldiak hiru oren iraunen duelarik. Izena emaitea hobe da 06-29-22-76-37 zenbakia eginez.
Kanpoan irakurtu: uztailaren 19an ostiralez bainan ere ondoko astean (26an) kanpoan irakurtzea proposatzen du Mediatekak. Baratze publiko inguruan egiten da. Liburu andana bat izaiten da han, bakarrik edo hor izanen den animatzaile batekin irakurtzeko. Urririk da eta nahi duenarentzat (10:00-11:30)











