Gogoa hazi | 2024ko Uztailaren 18a
Eskuin muturraz
J-L.D.
Eskuin mutur modernoa lehen mundu gerlaren ondotik sortu zen Italian, Mussoliniren ideiatik eta haren gidaritzan, Faxismoa deitzen zuelarik. Honentzat Nazioa denen gainetik dago, eta jende bakoitzak Nazioaren baitan urtu behar du. Beraz Estatu-Nazioaren goitik ez dago deus, ez Europarik, ez tratu edo hitzarmenik, ez nazioarteko legerik, ez Giza eskubiderik... Ondotik etorri zen tzarrena, Hitler, Nazismoarekin: faszismoa bazterrik gabe gogortu zuen, arrazakeria bortizkeriari lotuz. Bi buruzagiek elkarrekin bigarren mundu gerla piztu zuten, eta beharrik galdu biziarekin batera.
Frantzian ere bi gerla handien artean indartsu izan zen eskuin muturra, haatik estremitate haietara hedatu gabe. Aleman okupazioaren denboran boterea hartu zuen Pétain marexalaren itzalean, eta bortizki gobernatu, Frantzia zatituz onen eta gaiztoen artean, ezkerrekoak eta bereziki judioak pertsegituz, libertate guziak suntsituz eta Nazien laguntzaile jarriz.
Duela bi belaunaldi Jean-Marie Le Pen-ek frantses eskuin muturra berriz antolatu zuen, haatik Errepublikaren baitan atxikiz nolabait, baina juduen aurkako aiherkunde zaharrari uko egin gabe. Ondotik urrats hori bete zuen Marine Le Pen alabak, eta ber denboran alderdiaren latza leundu, aburu publikoari buruz errespetua irabaziz. Faxismotik urrundu zen, haatik pentsaera hertsi eta gogor batetik osoki libratu gabe.
Eskuin mutur guziek bezala, jendea tandaka sailkatzen du, onak eta gaiztoak bereiziz etorkiaren arabera, edota erlijiotik. Onak bistan dena "Français de souche" delakoak, katoliko ala paganoak. Gaiztoak aldiz arrotzak, etorkinak, bereziki arabiarrak, nagusiki musulmanak. Halere alde ditu katolikorik zorrotzenak. Nora migraturik dago samariar ona?
Zerbait gaizki doalarik, arrazoia bilatu gabe hobendun bat aurkitu behar da, eta kausitzen da gaiztoen artean: lehenago judua horretarako hautatua zen, orain maizenik musulmana, zernahi gisaz immigrantea, edo frantses berria, kasu horretan ahalaz binazionala: aker pekatzailea, "bouc émissaire" delakoa.
Eskuin muturreko gobernu bat zer litzatekeen erakusten digu Hungariakoak, Victor Orban-en ardurapean. Justizia gobernuaren azpiko dauka, kazetaritza ere bai, sindikatuak baztertuak, emazteen zuzenak mendratuak, libertatea mugatua, Europa gudukatua, Ukraina eta Palestina ukatuak Putineren fagoreetan... Errusiako buruzagi hori da Orbanen modeloa, baita Marine Le Pen-ena. Horra, karikaturatu gabe, nolakoa litzatekeen eskuin muturreko gobernu bat Frantzian ere. Horren seinale da irrati eta telebisten saltzeko xedea, eta nori, ez bada miliardun hertsi eta bortitz batzuei?
Ingurumenaren aldeko politikan ere zalantza handiak pizten ditu. Gaia ez du aipatzen, eta zergatik ote? Jende xeheak ez baitu ekologian sinesten, ez bide luke kontrariostatu nahi, bozik ez galtzeko? Ala berak ere uste luke klimaren berotzea ez dela oraiko ekonomiaren fruitua? Mundu zabalean ikusten da eskuin muturreko gobernuek ez dutela kanpoaren zaintzeko axolarik. Etsenplutako Brasilen Borsonaro presidente ohiak Amazoniako basoa sutan utzi zuen, soja gehiago guri saltzeko.
Bozka horietan RN alderdia ez da garaile atera, Front Républicain delakoari esker,haatik eskuin muturra hor dago indartsu, bere ideien predikari oldarkor. Legebiltzarrak hiru zatitan banatua darrai, Frantziak ezin gobernatua dirudi. Laster ikusiko.










