Azalekoa | 2025eko Apirilaren 10a
BAITA ere, beren bidea egin dezakete
A.E.
EVAH (Espace de Vie pour Adultes Handicapés) elkarteak ahalmen urriko pertsonen eskubideak bermatzea, beren autonomia garatzea, inklusio soziala baloratzea eta beren herritarren eskubideak erabiltzeko aukera ematea du helburutzat. Duela 15 urte eramaten hasi zen BAITA proiektua berriki burutu ahal ukan du elkarteak. Hasi berri den etapa berri hortaz gehiago ikasteko, Ladix Arrosagaray EVAH-ko kidearekin bildu gira.
Ahalmen urriko pertsonen harrera lekua
Ordu arte, ahalmen urriko helduentzat elbarrituen biletxeak baziren soilik, estruktura handiak direnak, etxean egoiten ahal ez diren desgaitasun handiko pertsonei egokituak. EVAH elkarteak, 1995ean sortu zenetik, egitura ttikiak ukan ditu xedetzat, hau da dozena bat jenderentzako harrera lekuak. Gaur egun hiru harrera leku ditu: Baionan, Ziburun eta Hazparnen. Izuran beste egitura bat idekitzea baldin badu proiektuetan, joan den larunbatean, apirilaren 5ean hain zuzen ere, duela 15 urte eramaten ari zen BAITA proiektua azkenean burutu ahal ukan du.
BAITA proiektua
BAITA proiektuak, "Office 64 de l'Habitat"-ri esker, Ziburun eraikia izan den Iturrialde bizitegi eraikinean ahalmen urriko 5 heldu gazteei beren apartamendua ukaitea ahalbidetu die.
Proiektu berri horretan parte hartu duten burasoek argi zuten beren haurrak ez zituztela elbarrituen biletxetan eman nahi. Ladix Arrosagarayk zioen egitura horiek ez zutela beren seme-alaben beharrei erantzuten, eta murriztaileak direla autonomia arloan. Ahalmen urriko pertsonen autonomia mugatuko ez duen BAITA bizitza proiektuari pentsatu zuten beraz burasoek, beren haurren beharrei egokitua eta segurizatua dena, isolamendua saihesten duena. Orain arteko egoitzetan lan egiteko gaitasuna ez duten ahalmen urriko pertsonak egoiten zirela eta, EVAH elkarteko kideek lan egiten dutenentzat zerbait egitea erabaki zuten.
Ahalmen urriko pertsonak 20 eta 34 urte arteko ziburutar, hendaiar, senpertar, azkaindar eta aheztar gazteak dira. Bostetatik lauk lan egiten dute Arbonako ESAT Gure Nahia gunean (Etablissements et Services d'Aide par le Travail). Gazte bakoitzak bere apartamenduaren alokairua pagatzen du.
Ladix Arrosagaray esker onekoa agertu da eta azpimarratu nahi ukan du Ziburuko Herriko Etxearen eta "Office 64 de l'Habitat"-ren laguntzarik gabe proiektu hori ezin izanen zutela gauzatu, hasieratik proiektua onartu eta lagundu baitute.
Bizi berri honen antolaketa
Langile bat bada 5 pertsona horiek laguntzeko, besteak beste garbiketa egiten, afaria prestatzen, erosketak egiten, jantziak garbitzen,... hots familiek orain arte egiten zutenaz arduratzen dena. Langileak bertan lo egiten du, astelehenetik ostiralera lan eginez. Goiz eta arratsetan ahalmen urriko pertsonei laguntza ekartzen badie, egunean zehar lanean diren bitartean besteak beste garbiketaz, erosketetaz eta afaria prestatzeaz arduratzen da.
Bost apartamenduetatik bat kolektiboa da, nun gazteak edonoiz joan daitezkeen, beren apartamenduetan bakarrik egoteko gogorik ez dutenean.
Oraingoz, ahalmen urriko pertsonak astelehenetik ostiralera egonen dira beren apartamenduetan, eta asteburuetan burasoen etxera sartuko dira. Berantago, asteburutan lan egiteko langile bat atzematea litzateke helburua, ahalmen urrikoek burasoen etxera sartzeko ala beren apartamenduetan egoteko hautua ukan dezaten.
BAITA proiektu horren bidez, familia gehiago hor izanen ez denean ahalmen urriko pertsonari segida eta laguntza segurtatzea da helburu nagusienetariko bat.
EVAH elkarteak www.evah64.fr webgunea badu. Elkartearen aktualitatea "EVAH" Facebook orrian segi daiteke. Harremanetan sartzen ahal da mailez secretariat@evah-asso.fr edo telefonoz 05-59-51-95-45.











