Orotarik | 2025eko Apirilaren 10a
Kukumarro
Xarles Videgain
Irakurtzea
Gure zaharrek besterik gabe diote zerbait "leitu" behar dutela eta "izkiriatu" behar dela. Bainan bestalde badira beste bi hitz haien ordez erabiltzen direnak.Leitzea erran gabe "irakurtzea" aipatzen da eta izkiriatu erran gabe "idaztea" entzuten da gero eta gehiago.
Bada diferentziarik irakurtzea eta idaztea bi hitzen artean. "Irakurtzea" aski zaharra da, bestea, "idaztea" aldiz berria da eta asmatua izan da. Asmatua baina arrakasta izan duena. Ezen 1900 artio hor nonbait, euskaraz izkiriatu, izkiatu, eskribatu, zioten guziek. Nahiz iz puska hori baden hitzaren hastapenean, IZkiratzeak ez du deus egitekorik "hitz"-arekin. Zuzenki latinetik heldu da: scribere. Arana Goiriri eta bere lagunei hitz hori ez zitzaien gustatzen; mailegua zelakoan. Atzeman zuten Bizkaiko idazle batek, Mogeil deituak, erabili zuela "erasten" aditza, erran nahi baitzuen eratxikitzea, hots pegatzea, paperean ankra edo tinta kolatzen baita. Mogelek dio "Ur baltz horregaz eratsi eiguzu zapi xuri/Ur beltz honekin, eratsi iguzu zapi xuria". Eratsi hori amiñi bat kanbiatu zuten; lehenik iratsi gero iratzi eta ondotik idatzi eta ororen buru idatzi atera zen nagusiki duela 100 urte baino gehixeago, eta hartako erraten dut hitz berria dela. Ez berria bakarrik, baina gaina hartu du izkiriatzea baztertu baitu neurri handi batez. Zaharrek izkiriatzea hitzaz gain "markatzea" ere zioten: adibidez: zure izena markatzen ahal dut paper baten gainean, edota merkatura joan aitzin erosteko ditudanak markatzen ditut.
Ez da kasu bera gertatzen irakurtzearekin. Egia da leitzea hitza zaharra dela eta latinezko "legere"-tik heldu dela. Latinez "legere" biltzea zen, atzematea eta bereziki nonbait markatuak diren seinaleak konprenitzea, seinale horien zentzua hartzea eta berdin gora mintzatuz beste norbaiti erratea. Liburu bat nihaurk leitzen dut edota lagun bati leitzen diot berak ere entelega dezan ez badaki leitzen ere. Euskaraz leitzea hori da "legere".
Baina idaztea ez bezala, bada beste izen zaharra euskaraz, irakurtzea, irakurri ala irakurtu biak baitaude jarraiki eta jarraitu bezala. Entzuten duzu hitz honen barnean badela "ikur" bat, hots seinale bat, zeinu bat, eta zeinu horiek nola berezi behar diren ikasten dugu, zeinu bakoitzak frangotan soinu bat ordezkatzen baitu eta soinu horien konbinaketak zerbait erran nahi du mintzaira batean. Hori da ohartu gabe egiten dugun lana irakurtzearekin. Erran gabe doa mende anitzetan jendea bizi izan dela paper batean deus irakurtzen ez zekitela.
Erran dut zeinu horiek elkarretarik bereizten ditugula. Eta irakurtzea hori da -bereiztea- beste gai batzuetan. Ez dakit oraindik ezaguna den, eman dezagun urdea hiltzen delarik etxean egiten den irakurketa. Erraiten da tripak edo hertzeak irakurtu behar direla. Haboroxetan emazteek zuten egiten lan hori: alabainan urdea hil ondoan hertzeak behar dira atxiki eta ikuzi tripoten, odolkien, lukinken edo andoilen haien barnean egiteko. Eta erraten zen: hertzartekoa ikakurri behar dut. Hots "mésentère" hori, hertzarteko hori berezi behar da beste hertzetarik eta ikasi behar bereiztea edo irakurtzea. Beraz, irakurtzen dut leitzen dudan bezala. Hertzeek egiten duten meta itsu hartan badakit hura berez ezartzen. Erran daiteke alderdi honetatik alfabetizatua naizela, urdea eta urdekia ongi ezagutzen ditut, irakurtzen ditut.
Beste leku batzuetan ilarra ere irakurtzen da, edo gaztainak irakurtzen: gauza bera da, bihikatzen bezala ditut, bereizten ditut.
Nik uste irakurtze hitz hori zaharra da eta erranahi zaharra du. Emeki emeki, mintzaira guzietan gertatzen den bezala, erranahi hori ez da bakarrik aipatua izan erhien artean irakurtzen zen hertzeaz edo ilarraz. Beste zentzu bat hartu du denborarekin, gure adimena hunkitzen duena. Paper batean dauden zeinuak bereizten ditut, burumuinaren laguntzaz egiten dudan lana da. Eta zentzu hori duen egungo "irakurtzea" hitza irabazten ari da, "leitzea" iduriz baztertzen baita gero eta gehiago.













