Ba ote dakixu? | 2025eko Apirilaren 10a
Alemaniar kapitulazioa eta Aliatuen garaipena (1/5)
Gilen Bacho
Aliatuek Ardenetako alemaniar kontra-erasoari zailtasun handiarekin buru egin zioten eta, azkenean, 1945eko urtarrilean, gaina hartu zuten. 1918an, Alemaniak ez zituen gerlaren bortizkeriak ezagutu bere lurraldean (horregatik, "bizkarrean (emana izan zen) punal ukaldika"-ren leienda hedatu zen alemaniar biztanleen artean). Aldi huntan, alderantziz, gerlako itsuskeriak alemaniar lurrera eramanak izan ziren.
Sobietarren aitzinatzea
Aliatuen helburua argia zen: alemaniarren kapitulazioa lortzea (eta ez armistizioa), baldintzarik gabekoa. Berlin hartzea beste helburu nagusi bat zen, partikulazki sobietarrentzat. Angloamerikarrentzat ez zen helburu nagusiena, helmenetik kanpo bezala ikusia baitzen eta sobietarrekin harreman onak begiratu nahi baitzituzten. Stalinentzat, alderantziz, alemaniar hiriburuaren hartzea obsesiozko helburua zen, bere mendekatzeko nahia asetzeko, Hitlerri buruz, eta sustut sobietar nagusitasuna Europa ekialdean finkatzeko. Orduan, sobietar bandera Reischtag palazioaren gainean airean ibili behar zen! 1945eko lehen egunetan, sobietarrak egoera indartsuan ziren. Ekialdean, frontea ttipitu zen (4.450 kilometrotik 2.250era) eta orain sobietarrak zuten iniziatiba. Urtarrilean, armada gorria Hungarian sartu zen eta Budapest inguratu zuen. Baina, helburua zen alemaniar lurraldera sartzea. Orduan, urtarril erdian, ekialdeko Prusia atakatu zuen, Baltikoa menperatzeko. Sobietarrek herri baltikoak eta ekialdeko Prusia beretu zituzten, berenak ziren lurraldeak bezala ikusten baitzituzten eta toki horietan ziren alemaniar dibisioak suntsitzeko, hauen presentzia mehatxu bat baitzen armada gorriarentzat eraso nagusia piztuko zuelarik, hegoalderago, Berlinera buruz. Berlin, Stalinen helburua, bataila erabakigarria. Bere jeneralen ospea apaltzeko, Stalinek ofentsibaren manamendua zuzenki hartu zuen.
Alemaniar gaztetasuna sakrifikatua
Orain, armada gorriak bere anbizioen ahalak bazituen, bere sei milioi gizonekin. Bere jeneralek "arte operatiboa" menperatzen zuten. Alemaniar jeneralen alderantziz, ez zuten etsaien inguratzea xerkatzen baina etsaien erretira trabatzea. Sobietar artilleria eta tankeak indartsuak ziren. Materiala kalitatekoa zen. Armada gorria erraldoia zen baina ez zen modernoa. Bere mugikortasuna ahula zen. Sei milioi gizonentzat 650.000 kamioi bakarrik bazituen (amerikanoek 1,5 milioi gizonentzat milioi bat kamioi bazituzten). Soldadu gehienak oinez mugitu behar ziren (kasik 20 kilometro egunero). Ondorioz, aitzinatzea urria zen. Gizon erreserbak, "ezin ahituzkoak" luzaz erran izan zen bezala, gutitu ziren. Berriz konkistatu zituzten lurraldeetan, sobietarrek kasik gizon guziak mobilizatzen zituzten, adintsuak baziren ere, gerlako presoak eta kanpamenduetatik askatuak izan ziren langileak ere. Aurrean, alemaniar armada ahuldu zen, ekipamendu eta gizon eskasez. Gizonen eskasa konpontzeko, Goebbels-ek, 1945eko urtarrilean, 1928ko klaseari eta, martxoan, 1929ko klaseari dei egitea erabaki zuen. Ondorioz, 16 eta 17 urteko nerabeak gudu zelaietara botatuak izan ziren eta anitzek heriotza atzeman zuten. Alemania inguratua zen, aliatuen indarra ikaragarria zen, gerla ez zezaketen alemaniarrek gehiago irabazi, baina buruzagi naziek alemaniar gazteria, herri osoa bezala, sakrifikatzea hautatu zuten.











