Euskal diaspora | 2025eko Apirilaren 10a
Bruselan Hordago, Erramu Igandea, Zabalbeaskoa eta Aberri Eguna
Joseba Etxarri
BRUSELA.
Mus txapelketa antolatu du Bruselako Euskal Etxeak (BEE) aste huntako ebiakoitzean, apirilaren 12an, 15:00etarik goiti elkartearen egoitza berrian (153 Émile Féron, 1060 Brusela-San Gilles). Nornahik parte har dezake, prezioa 25 euro/bikoteka, eta bazkideek kitorik. Aise bazkidetzeko bidea da, bazkide bazira eskubideak biltzen baitituzu Euskal Etxearen gainerateko ekitaldietarako. Bazkidetza arrunta, 30 euro pertsonaka; 25 euro gazteentzat; eta 50 euro familiek. Emaila:bruselakoeuskaletxea@gmail.com.
SAN FRANTZISKO.
Heldu den igandea Erramu Eguna da eta Aste Saindua ate joko dugu. Ohi bezala, San Frantziskoko euskal komunitateak Erramu Meza eginen du hiriko Notre Dame de Victoires elizan, Elgarrekin korala eta Klikarekin (9:00) eta segidan txokolate beroa eta kruasantak zerbitzatuko ditu han berean. (11:00) pilota partidak jokatuko dira Gure Euskal Etxeko kantxan, tokiko pilotariekin eta ondoren ohiko bazkari handia eginen, haurren Pazko besta eta opariekin.
ZABALBEASKOA.
Guziek ezagutzen dituzte San Frantzisko aldean, Los Banoseko Amador eta Mary Zabalbeascoa, kuple eta familia zinez atxikia eta langilea, Amador Bizkaiko Akorda herriskakoa eta Mary Kalifornian sortua aitama euskaldunen alaba. Seme Mikel klubean dute, lehendakari, eta seme Julian irakaslea eta idazlea ere bada. 2024an argitaratu berri du bere lehen eleberria Julianek, titulua "What we Tried to Bury Grows Here" (Ehorzten saiatu ginena hemen hazten da), komentario eta iritzi arras onak biltzen ari den obra, testuinguru eta protagonista euskaldunekin. AEB osoko lekuetan aurkeztu du, eta heldu den igandean (15:30) Gure Euskal Etxean aurkeztu eta aleak sinatuko ditu, Gure Euskal Etxean; eta astelehenean SFOko Bookshop West Portal-en. Gehiago jakiteko, Basqueeducational.org.
ABERRI EGUNA.
Berez Aberri Egunerako astebete falta bada ere, ostiral huntan, apirilaren 11n, Euskal Herriko jende multxo batek, Diasporako kideak ere, Euskal Herria Batera izenpean, deialdi bateratua zabaldu dute, Diasporako lagunak ere bilarazteko Donostiako Kursaalen, zortzi herrialdetako euskaldunak bat eginik euskal nazioaren alde. Ikus aberrieguna.eus.











