Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Apirilaren 10a

Heriotze - Bi laneko lokal eta apartamentu bat alokatzeko - Herriko kontseilua - Hondakinen bilketa

Herriko etxea 2022an berritua
Herriko%20etxea%202022an%20berritua

Heriotze

Joan den ibiakoitz goizean ehortzia izan da Aiherrako eliza betean bere haur denbora Etxenikan (Bildarritz auzoaldean) iragan zuen Janina Bordalecou anderea. Aspaldiko urtetan Hazparnen bizi zen, eta barkatzen ez duen gaitzak ereman du 67 urtetan.

Gure agurrik leialenak Janina zenaren hiru anai-arreberi, bost semeeri eta hauen familiakoeri.

Bi laneko lokal eta apartamentu bat alokatzeko

Herriko Etxeak jakinarazten du herriaren erdigunean 12 eta 24m2-ko azalera duten bi laneko lokal badirela alokatzeko, igurika gela eta komunekin. Aktibitate mediko edo paramediko batendako dira (mediku, kine etab...). Aparkalekua ondo-ondoan dute. Bestalde, 52m2-ko duplexa edo bi estaietako bizitegi bat alokatzen du maiatzaren 1etik goiti. Alokatzeko kandidatura baliabideen baldintzapean ezarria da (2023ko deklarazioa eta 2024ko soldata agiria). Xehetasun gehiagorentzat edo bisita batendako, deitu (05-59-29-64-02) edo idatzi Herriko Etxera (mairie@ayherre.fr).

Herriko kontseilua

Herriko kontseilua joan den astelehen arratsean bildu zen. 15 hautetsietarik 14k parte hartu zuten. Bilkuran hartu erabaki garrantzitsuenak hauek dira:

- 2024ko kondu administratiboa onartu dute. Estatuaren diru laguntzak murriztuz doatzi, ondorioz 2025eko buxetari dagokionez, zerga tasak %2z emendatuko dira: eraikiarena %24,16, eraikia ez denarena %30,46, bigarren egoitza eta erabiliak ez diren beste egoitzena %12,25. 2025ko aitzinkontuak aho batez bozkatu dira.

- Hazparneko Herriko Etxearekin hitzarmen baten izenpetzea deliberatu dute "Xixta"-ko zubia arraberritzeko gisan. Hau Haranburuko bidean kokatua da Aiherra aldetik, eta Larzabaleko bidean Hazparne aldetik. Aiherraren gain izanen diren obren kostuak 80.000€-ren heinekoak izan behar lukete.

- 2025eko inbestimenduetan sartuko diren obrak hauek dira: bideak, hondakinen lurperatzeko zutabe bereziak, sutearen kontrako bi erreserba, elizako teilatua, herri erdiaren zeharkatzea, eskola publikoan aterbea, etxe berrien eraikitzeko lur zatien prestatze eta egokitze lanak, eta abar...

- Orotariko gaietan, Gozategiko ostalerraren hautua egin dute, Jerome Alfaro bastidarrarena, Herriko Etxeaz kanpoko batzordeak hartu erabakiaren haritik. Hunek orain arte Bastidako trinketeko ostatua kudeatzen zuen. Tokiko ibilbideen planoari dagokionez, oinezko ibilbide berria proposatua izan da, izen bat eman beharko zaio huni eta huni buruzko erabakia baieztatuko dute ondoko bilkuran. "Malegarie" deitu Lur zati eraikigarriari buruzko auziari dagokionez, herriak lehentasunez erosteko dispositiboa baliatuz, azkenean jabeak onartu du lur zatia 218.000€-tan saltzea (hastapeneko prezioa 430.000€-koa zen).

Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era iraganen da eta Herriko Etxea "arigune" toki gisa ekarria izanen da, manera hortan segurtatuz herritarreri euskara baliatzen ahal dutela Herriko Etxean.

Beltzuntze elkarteak, kantaldia antolatuko du, maiatzaren 16an, Gurashow talde ezagunarekin, ostiralez (17:30), eskoletako eta ikastoletako haurreri zuzendua. "Arberoako ostiralak" animazioen saila aurten ere erreberrituko da lau herrietan, Aiherran 2 animazio segurtatuz uztailaren 25ean eta agorrilaren 22an (Abarrando ibilaldia Abarratia kaskoan).

Hondakinen bilketa: egun aldaketa

Etxe hondakinen bilketa hemendik goiti astelehenetan segurtatzeko partez, hau asteazkenetan eginen da Aiherra, Lekuine, Lekorne eta Makea herrientzat. Ontzi horien bilketa haatik ostiraletan eginen da lau herri hauetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3781. zbk

Gure Hitza | 2025/04/10

Justizia, nork eta norentzat?

Ainhoa Etchenique

Justizia "Eskubideak eta betebeharrak modu bidezko eta egokian banatzea, legeek eta printzipio moralek gidaturik" definizioan oinarritzen da.

Teorian, justiziak denentzat berdina izan beharko luke, baina praktikan, botereek, aberastasunek edo harreman politikoek epaiketa eta zigorretan eragina dute. Pertsona arrunt batek eta eragin handiko politikari edo enpresari batek ez dituzte beti ondorio berak jasanen arau hauste berarengatik. Justiziaren neutraltasuna eta berdintasuna zalantzan jarriak dira.

Injustizia handia bada munduan zehar, baina urrunegi joan gabe ere ikusten, entzuten eta senditzen da. Nork ez ote ditu entzun besteak beste Marine Le Pen, Nicolas Sarkozy eta Gérard Depardieuren afera justizialak?

Nicolas Sarkozy eta Marine Le Pen bi figura politiko nagusiak kondenatuak izan dira. Marine Le Pen-i 4 urteko presondegi zigorra eman zaio, 100.000 euroko isuna eta 5 urteko hautagarritasunik ez. Diru publikoa desbideratzeagatik akusatua da, 4 milioi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016