Gogoa hazi | 2025eko Apirilaren 10a

Nazareteko jesus bere garaian

Peio Ospital

Segitzen dugu Jacques Musset biblistaren liburuaren irakurketarekin: "Jésus pour les non-religieux À¢'€'" Rendre son humanité au prophète de Nazareth" (Ed. Karthala).

Hiru mende eta erdi baino gehiagoz molde zientifikoan gidaturiko exegesi historiko-kritikoak, Jesusen biografiarik egin ezean (ezinezkoa da), haren itxura bat egiteko parada emaiten du, bere bizitza zernolako hitzetan eta ekintzetan jokatu duen agertuz, zein borroka zail eraman dituen, zein gatazka piztu dituen eta norekin, eta zein arrazoirengatik desagerrarazi duten agertuz.

Bere garaiko giro sukartuan, Jesusek hitzez eta ekintzaz iragartzen du Jainkoaren Erresumaren etorrera, molde guziz originalean eta inguruko posizioen korrontearen kontra. Erresuma hau ez da merezitzekoa, ezta konkistatzekoa ere. Dohainiko dohain bat bezala gertatzen da, eta bihotzaren barne-antolamenduak bakarrik du axola haren partaide bihurtzeko. Ez da erresuma politiko bat, baizik eta bere gizarte-bizitzan ondorioak dituen izan-molde bat. Ez da biharko, gaurkoz dago, eta denak daude hara gomitatuak diskriminaziorik gabe. Mundu berri huntan, gatazkak ez dira indarkeriaren bidez konpontzen, bainan bai hitzaren bidez; indarrean dagoen erlijionearen legalismoaren eta erritualismoaren kontrako erresistentzia bidezkoak indarkeriarik-ezaren bitartekoak erabiltzen ditu, eta hau ez da nihundik ere demisonea.

Bere hitz eta ekintzetan, Jesusek profeten Jainkoarenganik, bere aitzindarienganik, erreklamatzen du bere burua, zeinentzat Jainkoari eskaini egiazko kultua nahitaez besteekiko harreman zuzen eta egiazkoaz lagundua izan behar den, bestela kultu hori hipokrisia besterik ez litaike. Arras molde zehatzean engaiatzen da Jesus:

- Bere egintzen bidez arreta berezia erakusten du ahantziak eta baztertuak diren guziei (eriak, "lizuntzat" jotzen diren gizon eta emazteak, haurrak, emazte arbuiatuak, atzerritarrak...) beren buruaren baitako duintasuna eta konfiantza berriz ezartzeko;

- Legalismoan eta erlijio-erritualismoan oinarrituriko bereizkeria eta bidegabekerien kontrako hitzez eta ekintzez jokatzen du ("sabatoa gizakiarentzat egina da, eta ez gizakia sabatoarentzat"),

- Gisa guzietako perbertsioak kondenatzen ditu: injustizia, itxurazko erlijionea, hipokresia, aberastasunekiko edo ohoreekiko mendekotasuna, bere antzekoaren zapalkuntza...

- Mugarik gabe jotzen du kontzientzietara, baita bere kontrakoenetara ere.

Gisa hortan, Jesusek hiru gisetako gatazka sortzen du: bere familiarekin, bere jarraitzaileekin, Legearen interpretatzaile legalistekin eta Jerusalemgo Tenpluko arduradunekin. Bere bizitzaz ordainduko du Jainkoaren erresumaren etorreraren halako iragarpena. Jesusen abentura historikoa bere pasione eta heriotzarekin gurutzean burutzen da. Bere dizipuluek aldarrikatzen duten bere berpiztea ez da gertakari historiko egiaztatu batetik ateratzen, baizik eta bere gurutzefikatzearen ondoko garaietan bizi izan zuten barne-uste batetik. Bizirik jarraitzen zuen bere heriotza fisikoaz harantzago.

Gaur egun, gure premiazko eginbeharra da bere oroimena eguneratzea gure garaian, gurea den testuinguru kultural eta sozialean eta gure garaikideen esperientziarekin bat egiten duten hizkuntzetan. Horrela bakarrik sor daiteke interes berria Jesusekiko gure garaikideen baitan, kristauak izan ala ez. Ondoko artikuluan aztertuko dugu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3781. zbk

Gure Hitza | 2025/04/10

Justizia, nork eta norentzat?

Ainhoa Etchenique

Justizia "Eskubideak eta betebeharrak modu bidezko eta egokian banatzea, legeek eta printzipio moralek gidaturik" definizioan oinarritzen da.

Teorian, justiziak denentzat berdina izan beharko luke, baina praktikan, botereek, aberastasunek edo harreman politikoek epaiketa eta zigorretan eragina dute. Pertsona arrunt batek eta eragin handiko politikari edo enpresari batek ez dituzte beti ondorio berak jasanen arau hauste berarengatik. Justiziaren neutraltasuna eta berdintasuna zalantzan jarriak dira.

Injustizia handia bada munduan zehar, baina urrunegi joan gabe ere ikusten, entzuten eta senditzen da. Nork ez ote ditu entzun besteak beste Marine Le Pen, Nicolas Sarkozy eta Gérard Depardieuren afera justizialak?

Nicolas Sarkozy eta Marine Le Pen bi figura politiko nagusiak kondenatuak izan dira. Marine Le Pen-i 4 urteko presondegi zigorra eman zaio, 100.000 euroko isuna eta 5 urteko hautagarritasunik ez. Diru publikoa desbideratzeagatik akusatua da, 4 milioi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016